2014.07.11
Zerbaitek krak egin dio barruan Mikel Inunziaga Inun musikariari (Zornotza, Bizkaia, 1983). Taldez talde aritu da orain gutxira arte gitarra jotzen eta kantuan, baina bakarkako diskoa kaleratzea erabaki du orain. «Ez dakit zergatik, baina, azkenean, barruan zer edo zerk esan zidan ordua zela zerbait propioa ateratzeko, eta formatu horrekin kaleratzeko». Gitarra eta ahotsaz gainera, looper pedala ere baliatuta sortu ditu bere izen-abizena daraman lehen diskoko 11 kantak. Berreginez deitu du lana (Autoekoizpena).
Bakarka eta zuzenean grabatu du diskoa Tio Pete estudioan. Soil. Looper-a, danbor elektronikoa eta oihartzunak sortzen dituen pedal bat baino ez ditu erabili, eta gitarra eta ahotsari eman die protagonismo nagusia. Elementu horiek baliatu ditu kantu guztiak sortu eta grabatzeko, eta elementu horiekin ageri da, horregatik, diskoaren azaleko argazkian ere. Sortzailea, bere sorkuntzarako tresnez inguratua. «Orain arte beti aritu naiz ahotsa eta gitarrarekin, baina oso harreman ona izan dut looper-arekin hasieratik». Tresna horrekin geruzaz geruza eraiki ditu Inunek kantak. Eta tresna horri esker da, aldi berean, talde eta bakarlari.
Pop abestiak dira guztiak, funtsean, Inunek dioenez. Bluesetik gertuago batzuetan, rock kutsuarekin besteetan, eta funk ukituren batekin beste zenbaitetan. «Popa da, bai, baina diskoak badu bere kolore propioa. Eta nire filtroak ematen dio kolore hori. Azken batean, nire erara egiten ditut nik kantuak. Entzuten dut bluesa, entzuten dut soula, entzuten dut funka, entzuten dut jazza… Eta itsaso horretatik edaten dut nik, eta hortik ateratzen zaizkit kantak nire erara». AEBetako mendebaldeko musikaren oihartzuna du, esaterako, Uncle Jim abestiak, lelo indartsua du diskoa zabaltzen duen Bihotz eta hilobi abestiak, eta lanari izenburua ematen dion Berreginez abestia da diskoko abestirik etereoena.
“Kanta genero modura hartu behar da. Ez da melodia bat gehi hitz batzuk, gakoa melodiaren eta hitz horien uztarketan dago”
Inunek idatzitakoak dira kanta gehienetako hitzak, baina Iñaki Mendizabal kazetariak idatzi ditu lau. Oro har, intimistak dira letrak, Inunen arabera, baina ez du bereizketarik egitea maite, halere. «Nik uste dut kanta genero modura hartu behar dela. Kanta bat ez da melodia bat gehi hitz batzuk, gakoa melodiaren eta hitz horien uztarketan dago. Batuketa hori da klabea. Melodiarik onenak eta hitzik onenak ez dute zertan kantarik onena eman».
Aritu ahala sortzen duela dio berak. «Kantak egiterakoan ez dut pentsatzen zer kanta egin nahi dudan; atera egiten zaizkit». Soilak dira abesti guztiak, eta nahiz eta tempo moteleko kantak nagusitzen diren, badira diskoan erritmo biziago eta markatuago duten hiru ale ere: Bila ta bila, Barkaidazu eta Zatoz.
Zuzenekoen balio erantsia
Bakarka dabil Inun zuzenekoetan ere. Diskoa grabatzerakoan egin bezala, geruzaz geruza eraikitzen ditu abestiak ere jende aurrean looper-arekin. «Balio erantsia ematen die horrek zuzenekoei. Baina, nire ustez, teknikaren gainetik beti dago kanta, eta ni zuzenekoetan ere beti saiatzen naiz transmititzen kanta».
Bere kontu kaleratu du diskoa Inunek, eta bera dabil orain zuzeneko emanaldietan diskoak saltzen, eta zenbait gunetan ere jarri ditu salgai. Zornotzako Urtza tabernan (Bizkaia), adibidez, eta baita Bilboko Gabriel Aresti Euskaltegian eta Mr. Jam musika eskolan ere. Horrez gain, posta bidez ere eskuratu daiteke diskoa; bestela, ninaizinun@gmail.com helbidera idatzita.
(Berria egunkarian, 2014ko uztailaren 11n argitaratutako artikulua)