2014.12.22
Dantzagarria den euskal musika gustuko dute gaur egungo nerabeek. Tabernetan, txosnetan nahiz euritan dantzatu nahi dute. Parrandan, alegia. Dantzagarria bai, baina politiko-festibo-iraultzailea izan behar du musikak. Ezaugarri horiek ondo betetzen ditu Bergarako Emon taldeak. Konfeti koloretsu eta alaiekin etorri zen aldaketari segida eman diote Sua diskoan, kubatar bat tarteko. Runba, ska, cumbia, merenge eta salsa doinu festazaleak indartu dituzte. Esne Beltza eta La Pegatina hurbil izanagatik ere, “Nomadak” eta “Gaueko antzezlari” eredu, zertxobait urruntzen eta beraiena definitzen hasi dira. “Heldu”, “Bizizale” eta “Karriketan” abestiek bide berri bat erakusten dute. Karibeko musikak eta erritmo latindarrek garrantzia gehiago dute orain. Irismen irizpideak bete eta irrati formularen ateak zabalik dituztenez, festa gosez diren nerabeak aise alaituko dituzte. Bideoklip bakoitzarekin gozatzen dutena ikusita, umore on horrekin jarrai dezatela.
(Berria egunkarian, 2014ko abenduaren 21ean argitaratutako kritika)