Musika

Soulzaletasunetik eta grina beretik jaiotako laukotea

Mikel Unzurrunzaga Makala-k (Zarautz, Gipuzkoa, 1970) eta Lidia Insaustik (Donostia, 1993) aspaldi zuten elkarren berri. «Ni Lidiaren ahotsarekin maitemindu nintzen, flipantea delako. Batean eta bestean egiten genuen topo, eta beti esaten genuen, erdi txantxetan, zerbait egin behar genuela elkarrekin», dio Makalak.

Arima Soul taldea

Arima Soul taldeko abeslari Lidia Insausti eta Makala baxularia, Zarauzko malekoian. (Jon Urbe / Foku)

Insausti, berriz, Makalaren musika estiloen paletak erakartzen zuen batez ere: «Mikel beti saltsan ikusten nuen, eta musika beltzaren koloreak haren lanean asko nabarmentzen zirela iruditzen zitzaidan. Identifikatuta sentitzen nintzen berarekin. Esperimentatzeko daukan joera horrek akuilatu ninduen proiektu honetan sartzera». Zarautzera bizitzera aldatzeak ere izan zuen eraginik: Makalarekin elkartzen hasi, eta abestiak sortzeari ekin zioten. Berak ahotsa jarriko zuen, eta Makalak baxu elektrikoari heldu zion, aspaldiko partez. 2019ko kontua da.

Arima Soul laukotearen genesian daude biak. Dozenaka urteko ibilbidean pilatutako esperientzia ekarri dio proiektuari Makalak; Sky Beats, Ghost Number & His Tipsy Gypsies, Ispirit eta Evening Prayer proiektuetan ondutako kantaera Insaustik. «Bion artean sortu ditugu kantak, eta, bion melomaniarekin nahastuta, funtzionatu egin du», abeslariaren esanetan.

«Guk egindako abesti zirriborroei kolorea emango zieten musikarien bila joan gara gero», erantsi du Makalak. Paul San Martin piano jolea lotu zuten lehenik, teklatua jotzeko eta koloreztatze lanetarako. Insaustirekin lan egindakoa zen, eta bikotea hirukote bihurtu zen.

Segidan heldu zen Hilario Rodeiro bateria eta jazz musikaria laukotea osatzera. Rodeiro eta San Martin Mojo Hand blues bandan arituak ziren; Evening Prayer proiektuan kide du Insaustik. «Groove berezia» dauka bateriak, abeslariaren aburuz.

Elorrion (Bizkaia) eman zituzten lehen aldiz beren abestiak jendaurrean, abuztuaren 8an, Musikaire jaialdian. Kontzertu hura eman eta gutxira, abuztuaren 18an eta 19an, Fredi Pelaezen Beasaingo (Gipuzkoa) Pottoko estudiora joan ziren laurak, eta bertan grabatu zituzten Arima Soul EPa osatzen duten bost kantak: neo-soul estiloko “Itsasoan”; “Ez gara ikusten” jazz-funka; “Amets” rocksteady soula; gospel eta rhythm and blues ukituak dituen “Gatz berri”; eta “Zerbait” maitasun kanta. «Neo-soula eta soula aipatzen ditugu, baina lan honetan bada gehiago, argi dago».

Diskoan ere bada gehiago: aipatutako bost kanten bertsio instrumentalak ere grabatu zituzten. Arantzako Aterpean (Nafarroa) eman zuten bigarren kontzertua, estudioko lanak bukatu eta hiru egunera. Zuzenekoetan, euskarazko abesti propioez gain, Bill Withers, Etta James, Curtis Mayfield, Dee Dee Bridgewater, Marie Queenie Lyons eta besteren bertsioak jotzen dituzte. Hala ere, nahi baino askoz gutxiagotan, COVID-19ak taldearen ibilbidea ere baldintzatu duelako, gainontzekoena bezalaxe, Makalak nabarmendu duenez: «Hemengo hirietan jo nahi genuke, baina oraingoz Donostian bakarrik aurkeztu dugu lana». Abenduaren 13an izan zen hori, Be Cluben.

Apirilaren 16an daukate lotuta hurrengo kontzertua, Zarauzko Modelon. Hori eta gehiago etorri bitartean, lana eman diote euren buruari, Makalaren arabera: «Konposatzen segitzen dugu. EP honen beste aldea litzatekeenerako kantak egiten ari gara orain, eta, dena ondo badoa, aurten berriz joango gara Fredi Pelaezen estudiora, B alde hori egitera. Honetatik guztitik diskoa bukatuta ateratzea espero dugu».

“EP honen beste aldea litzatekeenerako kantak egiten ari gara orain, eta, dena ondo badoa, aurten berriz joango gara estudiora”

Egiten ari diren beste lan bat: Enlace Funk Madrilgo aldizkari espezializatuarekin argitaratzeko kantak. «Urtero, zazpi hazbeteko hainbat binilo argitaratu ohi ditu aldizkari horrek, tirada txiki baina oso zainduarekin, eta aurtengo bat gurea izatea proposatu digute». Ekainerako dute aurreikusia binilo horren argitalpena. «Euskara hutseko lan bat aldizkariaren bazkide guztien artean zabaltzeko aukerak poz handia ematen digu».

Insausti ere pozik dago horrekin. Lehen aldia du musika estilo hau euskaraz lantzen, eta sinetsita dago horrek proiektuari «identitate berezi bat» eransten diola. Arrazoia dauka, Makalaren ustez: «Euskaraz izateak balio erantsi bat ematen dio, baita hemendik kanpo ere. Europa iparraldean, esaterako, oso ondo hartzen dute». Arrazoia eman diote Enlace Funk-ekoek: biniloa argitaratzea eskaintzeaz gain, Arima Soul laukotea hautagai izendatu du eman ohi dituen sarietako bat —talde berri onenarena— aurten jasotzeko.

Proiektu askotan
Laukoteko kide guztiak hamaika proiektutan zailduta daude. Ezinbestean, neurri batean, baina baita hautu propioz ere, Insaustik dioenez: «Proiektu honek ilusio berezia egiten dit, baina, hala ere, segitzen dut beste batzuetan. Behar dut, arimarentzat». Antzeko moduan bizi du bere musika jarduna Makalak: «Niretzat ere ezinbestekoa da. Hiru hamarkada luze daramatzat honetan, gustuko dudana egiten, eta aske aritzea lortu dut urteotan, proiektu ezberdinak gauzatuz». Orrua Diskak zigilua ere filosofia horri eutsi ahal izateko sortu zuela dio, autoekoizpenerako. Zigilu horrekin plazaratu du bere azken proiektuaren lehen alea ere: Arima Soul.

ETIKETAK:Arima SoulLidia InsaustiMakala