Musika

badok

2022.03.29

badok

Sormenen lan berriak aurkezteko deialdia egin du Ahotseneak

Maiatzaren 13tik 15era bitartean egingo da Galdakaon (Bizkaia) Sormene euskarazko sorkuntzen plaza, eta duela bi urte hasitako elkarlanari eutsiz, Ahotseneak bere lekua izango du egitarauan. Hain zuzen, aurten argitaratutako diskoak eta liburuak bertan aurkezteko aukera eskainiko du Durangoko Azokaren baitan sortutako ekimenak.

SORMENE_JAIALDIA

Iaz azaroan egin zuten Sormene Galdakaon. Aurten maiatzera pasa dute. (Jaizki Fontaneda / Foku)

Sormenen euskara hutsez aurten argitaratutako diskoak zuzenean aurkeztu ahal izango dira hala maiatzaren 13an —18:00etatik 20:30etara— nola 14an —18:00etatik 22:00etara—. Jasotako proposamenen artean aukeraketa egiteko zenbait irizpide kontuan izango dituzte antolatzaileek: genero ikuspegia, lehen obra izatea, diskoetxeen arteko oreka eta lurraldetasuna. Liburu berrien aurkezpenak berriz, goizez izango dira, 12:00etatik 14:00etara. Izena emateko epea, apirilaren 4ean zabalduko dute, goizeko 10:00etan, www.ahotsenea.eus helbidean.

Zuzeneko aurkezpenez gain, kultur sorkuntzen azoka ere atonduko du Sormenek, maiatzaren 15ean. Musikariek eta disketxeek euren lanak erakusteko eta saltzeko erakusmahaiak izango dituzte bertan. Bertan izateko ez da beharrezkoa izango 2022. urtean argitaratutako lanik izaten.

Sormenen ez ezik, Zarauzko (Gipuzkoa) Literaturia jaialdian ere parte hartuko du Ahotseneak, maiatzaren 28an eta 29an, baina kasu honetan liburuak baino ez dira aurkeztuko.

ETIKETAK:AhotseneaLiteraturiaSormene