Musika

Sokaren itzal luzea, argitan

«Galdetzen didatenean zergatik ez garen atzera biltzen, erantzuten diet: zure maitale ohiarekin itzuliko zinateke? Niretzat Dut maitasun istorio bat izan zen, eta maitasun hura bukatu egin zen». Pablo Salgado Mendezi taldekide ohiek kontatzen diotenez, Dut amaitu zen «ezer esan gabe bikote izateari uzten dioten horiek bezala», eta horrela ulertu behar dira, bada, Joseba Ponceren hitzak, Dut maitasun istorio bat izan zela dioenean, eta hori, bukatu zela. Salgadoren ustetan, ordea, argitalpen batean jasotzeko moduko lorratza utzi zuen taldeak, Euskal Herriko jende askoren bizitzako soinu bandaren atal inportante bat osatzen jakin zuten, eta horregatik ondu du taldearen izen bera daraman liburua orain.

Dut -Gari Garaialde

Xabi Strubell, Galder Izagirre eta Joseba Ponce Aarauko kontzertu aretoan, Suitzan, 1996ko martxoan. (Gari Garaialde / Bostok Photo)

Banizu Nizuke kultur proiektuko kidea da Salgado, eta harekin eman du argitara Dut-en gaineko lana, bere testuak —Xabi Strubellek euskaratuak— eta argazkiak —batez ere Gari Garaialderenak, biretan argazkilari zein gidari lanetan aritzen baitzen— batzen dituena. «Gu arte garaikidean aritzen gara. Helburua kultura garaikideko material grafikoa eskaintzea da. Ni beti izan naiz musikazalea, Dut-en zalea. Nerabe nintzela ezagutu nituen, institutuan, eta beti iruditu izan zait talde berezia. Zerbait ezberdina zen haiek egiten zutena».

1993. urtea da, Hondarribia (Gipuzkoa). Talde bat sortzeko ideia aireratu da gaueko hizketaldi batean. «Enekok [Garaialde] bazuen anaiarengandik jasotako gitarra urdin bat; Galderrek [Izagirre] Ramon [Albisu] Beti Mugan-i Honsuy bateria bat erosi berri zion; Josebak [Ponce] bateria utzi eta baxuari ekingo dio, nahiz eta baxu propioa izan arte denbora dezente pasatuko den; eta Manexek [Martinez] bazuen frontman izateko planta, beti ibiltzen baitzen kantariak imitatzen». Gero topatu zuten Xabi Strubell, Iñigo Muguruzaren gitarrako ikasle zena orduan. Jotzen ikusi, eta zuzen galdetu zioten taldera batu nahi ote zuen. Taberna batean hitzartua zuten lehen kontzertua, eta izena bakarrik falta zitzaien. Martinezen kamisetarekin saiatu ziren, amnistiaren aldeko bat; Irratia pizten dut irakur zitekeen, eta handik hartu zuten.

Horra boskotea: Eneko Garaialde (gitarra), Galder Izagirre (bateria), Xabi Strubell (gitarra), Joseba Ponce (baxua) eta Manex Martinez (ahotsa). Lehen diskoa soilik grabatu zuten elkarrekin, baina guztiekin batu da Salgado liburua idazteko. «Hasieratik begi onez ikusi zuten ideia, eta hainbat bilera egin ditugu Hondarribian. Batek gogoratzen ez zuena besteak gogorarazten zuen. Whatsapp talde bat ere izan dugu, eta idatziz joan ahala sortu zaizkidan dudak ere argitu ditugu bertan». Taldekideena bakarrik ez, «taldearen orbitan» egon zen jendearen lekukotza ere jaso du Salgadok: Fermin Muguruzarena, Angel Katarainena, Karlos Osinaga Txap-ena, Martxel Mariskalena, Kaki Arkarazorena… «Ikuspegi ezberdinak eman dizkidate, eurentzat zer izan zen taldea».

Sei ataletan antolatu du testua Salgadok, atal bat lan bakoitzeko: 1993ko maketa —ez zuten argitaratu azkenean—, Underribi (1994, disko konpartitua), Dut (1995), At (1996), Ireki ateak (1997, Fermin Muguruzarekin) eta Askatu korapiloa (2000). «Disko bakoitzean proiektua nolabait aldatu egiten zuten; beraz, erraza izan da hala sailkatzea». Lehen diskoarekin eman zuten kolpea eszenan, egilearen hitzetan: «Soinu berri bat ekarri zuten Euskal Herrira, kanpoan bizi-bizi zegoen musika bat. Musika asko entzuten zuten: hardcorea, heavya, soinu pisutsu guztiak; Helmet, The Beyond, Fugazi… Lehen disko horretan hori dago: entzuten dutenaren nahasketa bat. Baita Laboaren bertsio bat ere».

Garai hartako musika panoraman bereizi zituen beste elementu bat hitzena izan zen Salgadorentzat. «Dut-en hitzak ere politikoak ziren —gai sozial ugari, sexua, arrazakeria…—, baina ikuspuntu poetiko batetik eginak. Garai hartan bazegoen musikarien artean lengoaia zuzenago bat, lelotik gertuago zegoena poesiatik baino. Haiek diotenez, [Martxel] Mariskalen letragintzan oinarritu ziren kantuak idazterakoan; Beti Mugan-eko baxu jotzailea eta letrista zen orduan».

Lehen diskoaren ostean (Dut), Garaialdek eta Martinezek taldea uztea erabaki zuten. «Besteek ez zekiten zer egin. Hirukoan segitzea erabaki zuten, eta hor etorri zen At. Soinu ilunagoa, distortsio gehiagorekin, ahots baxuagoak…». Salgadoren ustez, hor hasi zen azaleratzen zein zen Dut-ek lortu nahi zuen soinua. Muguruzarekin egin zuten hurrengoa, Ireki ateak. «Erradikalki aldatu zuten soinua; abangoardiako diskoa da. Mundu bira bat egin zuten; akituta amaitu, eta ia urtebete egin zuten ezertxo ere egin gabe». Berriz heldu zioten gero azken diskoa izango zena osatzeko, «askorentzat haien disko onena»: Askatu korapiloa. «Entseatzen zuten lekuan grabatu zuten, Psilocybenean, Txapekin. Hor dago Dut-en soinu finala».

«Kultuzko talde bat» 
Gorka Erostarbe BERRIAko kazetariak idatzi du hitzaurrea, eta aipatu, besteak beste, Dut-en ekarpenaren parte direla, batetik, Bidasotik haragoko rock eskola bat sortu izana (Lisabö, Borrokan, Sacco…); eta, era berean, taldekideak euskal rockaren azken bi hamarkadak ulertzeko talde gakoetan ibili izana (Izagirre eta Ponce Kuraian, Strubell Anarin eta Zuran; Izagirre Berri Txarrak-en…). Salgado bat dator hark utzitako sokaren ideiarekin. Gehitu du, gainera, zaleak ugaritzen ari zaizkiola Dut-i, gazteak batik bat. «Dut sekula ez zen izan masa talde bat; kultuzko talde moduan geratu da orain».

Banizukenizuke.com gunean eta liburu dendetan dago eskuragai liburua, eta aurki hasiko dira aurkezpen saioak egiten.

ETIKETAK:AnariAngel KatarainBanizu NizukeBorrokanDutEneko GaraialdeFermin MuguruzaGalder IzagirreGari GaraialdeGorka ErostarbeJoseba PonceKaki ArkarazoKarlos OsinagaKuraiaLisaböManex MartinezMartxel MariskalPablo Salgado MendezSaccoXabi StrubellZura