Musika

Antton Iturbe

2019.07.31

Antton Iturbe

Soinu Eleak: Nizuri Tazuneri

Unai Neira Norzzone eta Estefania Beneyto Fani, Nizuri Tazuneri, trap musika euskarara ekarri duen bikotea. Euskarazko trapak oihartzuna izatea lortu duen bikotea ere. Soinu Eleak elkarrizketa formatura ekarri ditugu Donostian eta Barakaldon, hurrenez hurren, jaiotako bi musikariak eta ondo aukeratutako hamar abesti baliatu ditugu taldearen ibilbideaz, trap musikaz, Euskal Herriko hip hop eszenaz eta bestelako kontuez gehiago jakiteko.

1.-   “FOR HEAVEN’S SAKE (FEAT. CAPPADONNA)” (WU-TANG CLAN, ‘Wu-Tang Forever’, 1997)

NORZZONE: Ez dakit. Izen bat botatzearren, Patrol Destroyers.

Ez. Amerikarra da eta zahar samarra, 90eko hamarkadakoa. Taldearen izena esaten ari ziren abestiaren hasieran.

N.: Ideiarik ez. Agian entzun dut noizbait baina ezinezkoa zait esatea. Hala ere, milaka izen gordetzen dituzten jakitun “kultureta” horietakoa ez naiz, ezta gutxiago ere, kar kar.

Wu-Tang Clan-en bigarren diskoko abesti bat da. Honekin hasteko arrazoia, hip hop munduaren barnean nire lehen aurkikuntza pertsonalak partekatzea izan da. Aurretik Public Enemy eta beste batzuk entzunda nituen arren, Wu-Tang izan zen rap kulturarekiko identifikazioa sentiarazi zidan lehen taldea. Zuen kasuan, zeintzuk dira zuen lehen oroitzapen musikalak eta gustukoak izan zenituzten lehen disko eta artistak, rap estilokoak zein bestelakoak? Eta zein rap disko edo artistak erakarri zintuzten lehenengo aldiz?

N.: Nire lehenengo talde gorena Iron Maiden izan zen, oparitu zidaten kasete pirata fotokopiatu baten bitartez. Eta horren ondoren Metallica, Accept, La Polla, Eskorbuto, RIP eta Cicatriz etorri ziren. 1974an jaio nintzen, eta garai haietako punki kaletar bat izan nintzen. Rapa, beranduago, 25 urterekin ezagutu nuen. Wu-Tang Clan aipatzen duzu baina nik, egia esan, rap amerikarra ez nuen ia inoiz entzuten. Rap musikaz benetan maitemindu nintzen gazteleraz entzun nuenean. Abestien bitartez hain bortitz eta zuzen hitz egitea posible zela aurkitzea ikaragarria izan zen niretzat. CPV taldea izan zen bereziki maitemindu ninduena eta Juanynacka-ren “Propaganda” entzuteak bultzatu ninduen nire hitzak idaztera.

FANI: Ni, askoz beranduago, 1993an jaio nintzen eta txikitan denetarik entzuten nuen etxean. Baina gustuko gogoratzen dudan lehena ziurrenik Peret litzateke. Nire aitari bere kasetea etengabe jartzeko eskatzen nion. Baita Los Chichos, Chunguitos eta antzekoak ere, erabateko rumbazalea nintzen. Raparekin hasteko garaiari dagokion izen zehatz bat ematea zaila zait baina gaztelaniazko rap musika zen entzuten nuena: SFDK, Mala Rodríguez… Andaluziako hainbat artistaren abestiez osatutako CD bilduma bat gogoratzen dut bereziki. Gerora, hemen Donostian, hip hop moduko doinuak idazten zebilen jendea ezagutu nuen, eta haiekin hasi nintzen nire gauzatxoak idazten. Epifania moduko une batean baino gehiago, pixkanaka garatu dudan zaletasuna izan da.

Hitzen kontuaz gain, hip-hopa aukeratzeko beste arrazoirik bai? Ekoizteko “erraztasuna” agian…

N.: Nire kasuan, drogamenpekotasuna atzean uztean halako hutsune handi bat sentitu nuen barnean eta ez nekien nola bete. Idaztea, marraztea, era batera edo bestera espresatzea beti izan dut gustuko eta rapak horretarako kanal bat eman zidan. Ikaragarri argia baitzen letretan, Edgar Allan Poeren mailako metaforak idatzi beharrik gabe nire barneko hutsuneak erabat betetzen zizkidan eta barneko zabor guztia bideratzeko terapiarik hoberena bilakatu zen. Idazten nindoan heinean pertsona bezala birziklatu eta ordurarte ezkutuak ziren nire barneko alderdiak arakatzeko gai nintzen.

F.: Erraztasun kontu bat ere bada. Zure etxean edo lagun baten etxean oinarri batzuk sortu eta haien gainean hitzak botatzen hastea erraza eta erosoa baita.

Nizuri Tazuneriren aurretik beste istorio batzuetan ibili zarete, ezta?

N.: Ni orain dela 15 bat urte hasi nintzen, Kriminesku ekoizlea ezagutu eta gero, eta Bizirik maketa eta Amairu dok diskoa egin ditut.

F.: Beste bi mutilekin hasi nintzen musika egiten oso modu amateurrean. Aurrez grabatutako oinarririk gabe ematen genituen zuzenekoak.

N.: 15 urte baino ez zituzten eta izugarrizko freskotasunez aritzen ziren. Fani mutilen arteko emakume bakarra zen eta ausardia horrek guztiz maitemindu ninduen. Hortik aurrera oso harreman polita mantendu dugu. Bikote artistiko bat garela esaten dugu. Oso erraz konpontzen gara elkarrekin eta musikarekiko oso antzeko jarrera daukagu.

2.- “TENGO UN TRATO” (MALA RODRÍGUEZ, ‘Lujo ibérico’, 1999)

F.: Mala Rodríguez!

N.: Ikaragarrizko abestia da. La Mala María izenez aritzen zenean entzun nuen lehen aldiz eta ordurako izugarria zen. Hala ere, ni Mucho Muchachorena (7 Notas 7 Colores) nintzen bereziki. Baina egun ezingo luke garai hartako hitzak kantatu, oso sexistak baitziren. 18 urte zituen idatzi zituenean eta orain 40 ditu, testuingurutik erabat kanpo geratu dira.

Gaztelaniaz pertsonalitate handiko oso hip-hop ona egin daitekeela erakutsi zidan abesti honek. Hip-hoparen kultura AEBetako gizarteari lotuta jaio zen, eta hemengo, eta, oro har, Europa osoko talde askok hango klixe, paradigma eta ereduak kopiatu baino ez dituztela egiten iruditzen zitzaidan garai haietan. Zein izan da zuen harremana AEBetako hip-hoparekin? Zer nolako eragina izan du zuengan eta nola kudeatzen duzue eragin hori?

N.: Esan bezala, rap espainiarra eta frantsesa izan ziren guri begiak ireki zizkigutenak. Hala izanik ere, gu ez ginen ezer imitatzeko asmoarekin hasi. Lehenik eta behin sentitzen hasi ginen, eta hortik aurrera hitzak idazten, eta gaztelaniazko rapak bultzatu ninduen bide horretan. CPVk, esaterako, ez zuen amerikarren estiloa jarraitzen. Madrilgo auzoetako berezko kutsu eta pertsonalitatea zuten, oso bortitza gainera, eta haien hitzen egiturak ikasi egin nituen. Azkenean ukaezina da musikan eta arlo guztietan kopiatu egiten dela. Inor ez da zerotik asmatzen hasten, besteek egindako gauzak berrikasi eta berrasmatzea da kontua. Hala ere, nik rap amerikarra ez dut inoiz erreferentzia bezala hartu.

F.: Nik garbi neukan hemengo testuinguruak ez zuela Amerikakoarekin inongo zerikusirik eta zentzugabea zela hura kopiatzea. Hemen salatu eta aldarrikatu beharreko gauzak dauzkagu eta maila oso ezberdinean daude. AEBetako musika entzun dut baina haien errealitatetik sortzen ari zirela beti garbi izan dut.

Eta Euskal Herrian berezko hip hop eszena edo kulturarik egon al da inoiz? Badago gaur egun? Zein da zuen ikuspuntua?

N.: Euskarazko hip hop munduan lan oso duina egin duten hainbat lagun dauzkagu, 121 Krew edo Norte Apache esaterako, baina berez Euskal Herrian hip hop mugimendurik ez dago. Denboraldi batez Bartzelonan bizi eta gero, Euskal Herrira bueltatzean gaztelaniaz rapeatu nuen hasiera batean baina berehala euskaraz hastea erabaki nuen. Euskara hain hizkuntza aberatsa eta indartsua izanik rapa horren gutxi egitea ezinezkoa iruditu zitzaidan, eta gainera, existitzen zen pittina guztiz mespretxatuta zegoen. Nire ustez, euskal rap musika itzaletik atera zuen lehen taldea 2zio izan zen. Benetako zirrara eta astindua eragin zidan lehena. Baina zure galderari erantzunez, artista interesgarriak egon arren, mugimendurik ez dagoela esango nuke.

F.: Beste leku batzuetako mugimenduekin alderatzen baduzu, gure zalegoa oso txikia da, oso jende gutxi mugiarazten dugu.

N.: Jenderik mugitzen ez duzun unetik, ez dago eszena edo mugimendu batez hitz egiterik. Hala ere, gu itsu-itsuan sinesten dugu egiten ari garen musika honetan.

3.- “DIGITS” (YOUNG THUG, ‘Slime Season 3′, 2016)

N.: (berehala) Young  Thug. Ikaragarria iruditzen zait, asko gustatzen zait tipoa.

Kasu honetan, hitzei buruz hitz egin nahi nuke. Young Thugek bere anbiguotasun puntua baldin badu ere, bere hitzetan agertzen dituen misoginiak eta indarkeriarekiko zaletasunak deseroso sentiarazten naute, eta zaila egiten zait artistaren pentsaera eta lana bereiztea. Nola kudeatzen duzue zuek arazo hori?

N.: Guretzat oso erraza da, hitzetaz erabat abstraitu eta musika ekoizpenaz ohartzen gara soilik, nolabait “hustu” egiten dugula esango nuke, gero gure sentsibilitateaz bete ahal izateko. Nizuri Tazuneri bion arteko harreman eta maitasunean oinarritzen da. Belaunaldi ezberdinetako emakume eta gizona guztiz pareko, ez  bata bestearen gainean ezta azpian ere. Hemengo testuinguruan bizi gara, gure burmuinak hemen daude murgilduta, eta hori da gure trapa betetzen duena.

Ados, baina hala izanik ere, nola balioztatzen duzue artista hauen musika jakinda era horretako mezuak dituztela?

F: Egia da hainbat abestiren hitzak irakurtzen hasten naizenean “a ze gehiegikeria!” pentsatzen dudala, baina musikalitatea asko gustatzen zait. Hala eta guztiz ere, haien testuingurua eta errealitatea oso bestelakoak direla ulertzen dut, niri arrotzak egiten baldin bazaizkit ere. Bertan jende gazte asko hiltzen da banden arteko gatazketan, crew horien barruan emakumeen rola prostitutak eta dantzariak izatea da. Hori da bizi dutena, eta ez naiz epaitzeko gai. Ni musikan zentratzen naiz.

N.: Berez trap alternatibo pilo bat dago munduan, beste jarrera eta hitz guztiz ezberdinak dituena, baina hedabideetan betikoa ateratzen da.

F.: Dirua mugitzen duena, azken batean.

Zuen hitzetan ordea, arazo soziopolitikoez aritzen zarete eta horren barruan autokritika egiten duzue, denok baikara neurri batean edo bestean “sistemaren” partaide.

N.: Antikapitalismoa maite dudan idealismo bat da, baina gizakiak gara. Antikapitalista militante moduan azaltzeak kontraesan askotan murgiltzea suposatzen du.

F.: Zure ekintzak dira balioa dutenak. Guk ez dugu irudi faltsurik saldu nahi. Benetan sentitzen ez dugun zerbait egiteko gai ez gara. Bestalde, gu gizarte baten parte gara eta ez dugu gizarte horretatik alde egiteko asmorik.

N.: Trapa munduan geu izateko dugun modua da eta kito. Horrexegatik egiten dugu.

Young Thug-en ildo bereko zein beste artista duzue gustuko?

N: PNL, MHD, Saint Jhn…

F.: A$AP Rocky. Niri, adibidez, Nicki Minaj musikalki asko gustatzen zait, baina emakume bezala sarritan ez naiz berarekin identifikatuta sentitzen.

4.- “GET UR FREAK ON” (MISSY ELLIOTT, ‘Miss E… So Addictive’, 2001)

F.: Missy Elliott.

N.: Ikaragarria zen. Metrailadore baten moduan aritu eta bat-batean gelditzeko zuen gaitasun hura izugarri gustatzen zitzaidan. Beno, egia esateko, pittin bat etsigarria zen bera entzutea, ezinezkoa baitzen gero ezer kopiatzea!! Kar kar…

Hip hop munduan erabateko burujabetasun artistiko eta ekonomikoa lortu zuen lehen emakumeetako bat izan zen. Zuen kasuan, lehen aipatu dugun moduan, gizon/emakume harreman oso parekoa azaltzen duzue. Genero berdintasuneko irudi hori, zenbateraino esango zenuteke dela zuen burua eta zuen inguruan bizi duzuena naturaltasunez azaltzea eta zenbateraino aurretik pentsatutako aldarrikapen eta arreta deitze kontziente bat?

N.: Fani eta biok sexurik gabeko bikotea garela esaten dut beti. Harreman oso ona daukagu, belaunaldi ezberdinetakoak izan arren gure ezberdintasunak kudeatzen ikasi dugu. Naturaltasunari dagokionez, nire familian berdintasun hori ikusi dut beti baina kalean batere ez.

F.: Gure artean erabateko berdintasuna dago. Ez dakit aldarrikapen bat den ala ez. Agian bai, posible dela irudikatzen dugun neurrian aldarrikapen moduan har daiteke.

N.: Horrela ikusita, bai, aldarrikapena dela esango nuke. Nizuri Tazuneri aurrera ateratzeko modu bakarra naturaltasuna da. Erabat garbi dugu hori eta horrek ematen digu indarra eta nortasuna jendea gugana erakarri ahal izateko.

5.- “9 SAMURAI” (KODE 9 & SPACE APE. ‘Memories of the Future’, 2006)

N: Tyler The Creator.

Ez da aukera txarra, baina ez da bera. Ingelesa da kasu honetan.

F: Skepta?

Gerturatzen ari zarete baina agian ez duzue ezagutuko. Kode 9 & The Space Ape da.

N.: Uff, ez. Ez dut ezagutzen.

Hauek dubstep-en sakontasunera eta iluntasunera jotzen dute, halako kutsu futurista distopiko bat iradokiz.

N.: Hala da, bai. Tira, Moxal-en kontzertu hasiera gogorarazten dit. Asko gustatu zitzaidan hura.

Ildo distopiko ilun hori ekarri nahi nuen elkarrizketara, zuen oinarri musikaletan oso nabaria baita, nire ustez. Nondik datorkizue iluntasunerako grina hori?

N.: Hala da. Gu ilunetik gatoz, zalantzarik gabe. Hemengo talentudun jende asko dago horren atzean: Kriminesku, DNG Kolektiboa, Eguzkiaren Semea, Maisha…

Nola egiten duzue Nizuri Tazuneriren abesti bat?

N.: Ekoizleekin hitz egiten dugu eta nondik norako batzuk ematen dizkiegu, edo batzuetan ezer ez, ondo ezagutzen gaituztela eta besterik gabe aurrekoarekin “apurtzeko” eskatzen diegu. Azken diskoan nahiko erraza izan da prozesu hori abesti bakoitza gai jakin bati lotuta zegoelako, baina grabatu berri dugun diskoan askeago ibili gara zentzu horretan. 14 kantuko disko bat ateratzea eromen eta suizidio komertzial galanta zela jakin arren, kontzeptuari eutsi egin nahi izan genion. Gure DNA gorpuzten zuen lan serio bat utzi nahi genuen eta hor Eguzkiaren Semeak (Lander Llorens) egindako lana bereziki nabarmendu nahi nuke.

Abesti honen aitzakian etorkizunari buruz hitz egin nahi nuke. Musikaren bitartez etorkizuneko gertakariak irudikatu ditzakezu eta era berean etorkizunerako irudikatu duzuna musikaren indarraren bitartez gerta eta etorrarazi dezakezu. Edo hala pentsatzea gustatzen zait behinik behin. Non ikusten duzue (edo ikusi nahi duzue) taldearen, eta oro har, hip hop musikaren etorkizuna?

N.: Nik uste dut gure etorkizuna arte munduarekin harreman handiagoa edukitzea dela. Arrigurirekin, bere bideoen bitartez, trapa baino gehiago den zerbait egiten ari garela uste dut. Talentua duen jendearekin elkarlanean eta erronka artistikoen bilaketa etengabean ikusten dut gure burua.

F.: Soinuaren aldetik, baliabide berriak etengabe ateratzen direnez (autotune-a dagoeneko atzean geratu da), gure oinarriak eta haiek ekoizteko modua ere aldatzen joango dira era berean.

N.: Agian mainstream pop musika egiten amaitzen dugu, kar kar… Musika munduan nola hasten zaren badakizu baina nola bukatuko duzun inoiz ez. Benetakoak izatea da gakoa. Hortik abiatuta edozein gauza bilaka gaitezke.

Zen inguruko hip-hop artista komunitate horren etorkizuna zer moduz ikusten duzue?

N.: Ikuslego handirik ez dugun arren, eta harrotasunez diot hau, daukagunak trap eta hip-hop hutsa baino gustu zabalagoak ditu. Ezberdinak garelako. Arte eta kulturarekiko interesa eta konpromiso pittin bat duen jendearen artean mugitzen da gure musika eta hori da gure esparru naturala.

F.: Nik hip-hopren inguruan dagoen mugimendu hori handitu egingo dela suposatzen dut. Gaurko gazteriak, aurreko belaunaldiekin alderatuz, beste erreferentzia batzuk izan ditu: elektronika, reggaetoia… eta era honetako soinuetara joko dute rockera baino gehiago.

 6.- “ONLY WOMAN DJ WITH DEGREE” (SISTER NANCY, ‘Dancehall: The Rise of Jamaican Dancehall Culture’, 2008)

N.: Oraintxe dantzan hasteko zoragarria iruditzen zait baina nor den esatea ezinezkoa zait, ez daukat hainbesterako kulturarik.

Sister Nancy deitzen da. 80ko hamarkada hasierako dancehall bilduma batetik atera dut. Zuek diskoaren bukaera aldera dancehall erritmo batzuk sartu dituzue eta horren harira ekarri dut abestia. Une batez, hip hopetik atera eta beste musika estilo batzuei buruz aritzea da asmoa. Azkenean hip hop musika Frankenstein moduko bat da, estilo ezberdinetako soberakinez osatuta dago eta iturriak oso anitzak izan daitezke. Ziur nago zuek ere ez duzuela trapa bakarrik entzuten egun osoan

N.: Ezta gutxiago ere. Agian gutxien entzuten dudan musika estiloa izango da. Gehiegi entzuteak imitatzera eramango gintuzke.

Zein dira zuengan eragina duten beste estilo horiek?

F.: Flamenkoa, eta bereziki rumba. Gero, Camarón eta Paco de Lucía moduko maisuek atera zituzten disko mitiko haiek beti izan dira erreferentzia niretzat.

Ezin aukera pasatzen utzi. Rosalía, gustukoa duzu?

F.: Bai! Eta apropiazio kulturalaren kontu horrekin ez nago batere ados. Berak apropiazioa egiten badu denok egiten dugu. Nola egin genezake guk trap musika orduan? Egungo gizarte anitz honetan ez dago halako purismoentzako lekurik. Pixkanaka gainditzen ari garen gauza da baina flamenkoan bereziki purismo asko egon da historikoki. Niri flamenko munduan generoa transgreditu dutenak izan dira gehien gustatu zaizkidanak: Kiko Veneno, Morente…

N.:  Gaur egungo talde metalero gutxi ezagutzen ditut baina System Of a Dawn, Rage Against The Machine, Iron Maiden eta antzekoak entzuten jarraitzen dut. Eta gero denetarik, Nina Simonetik Coldplay, Velvet Underground edo Belakora.

F.: Gustukoa dugu baina dancehall kontua, berez, Eguzkiaren Semearen ekarpena da.

7.- “CUMBIA VILLERA DE LA CIUDAD ARMERA” (MURSEGO, ‘Hiru’, 2013)

N.: Nicaragua edo Guatemala inguruko neska bat dirudi… Cumbia villera? Mursego?

Bai!

N.: Aupa! Zein handia den Mursego! Zuzenekoetan egiten dituen soinu nahasketa horiek zoratu egiten naute.

Soinu nahasketaz baino, euskara eta gaztelaniaren arteko nahasketaz hitz egiteko ekarri dut. Bi hizkuntzak nahasteko joera zuengan erabat naturala dela esan duzue. Generoaren auziaren antzera, hemen ere aldarrikapenez hitz egitea legoke, baina agian aldarrikapena hitz sendoegia da. Nola bizi duzue hizkuntzak nahastearen kontu hori?

F.: Alde batetik, normala iruditzen zaigu jendeak gai honetaz hainbeste galdetzea. Baina ez dago inongo aldarrikapenik. Diozun bezala, naturaltasunez ateratzen zaigun gauza da.

N.: Gure egunerokotasunean gaztelaniak leku handia dauka. Gu euskaldunak gara, gure ama hizkuntza euskara da eta euskaraz egin nahi dugu, baina gaztelania ere hor dago, euskaldun orok erabiltzen dugu etengabe.

“Siento el euskara en el corazón” esaten duzue abesti batean. Deigarria da eta puntu transgresore bat baduela esango nuke.

N.: Baliteke baina, bah!, bost axola zaigu. Berez, ez dauka inongo asmo ezkuturik. Horrela atera zen eta kito. Bizitza motza da eta besteek gutaz pentsatzen dutenagatik gehiegi kezkatzea ez du merezi.

F.: Normaltasunez hartzea da gakoa. Purismoak, alde batekoak zein bestekoak, alde batera utzi eta kito. Gustatzen ez zaionari ez dezala entzun esango genioke. Badira euskaraz nola idatzi dezakegun galdetzen digutenak ere. Ia inork ulertzen ez duela eta merezi ez duela diote. Horiei ere naturaltasunez maite duguna egiten dugula esaten diegu. Ez nioke buelta gehiago emango gai honi.

N.: Jendeak musika egin eta Youtubeko lau iruzkin positibo jasota laostia direla pentsatzen du, baina gero kontzertuetara joaten zara eta 15-20 lagun baino ez dira bertaratzen. Norzzone eta Fani abangoardia garela esan dute hor nonbait eta, tira, ez gaitezen zoratu. Gure errealitatea eta irismena kontzertuetan ikusten da, eta hori onartuta soilik egingo dugu aurrera.

8.- “OFFENCE” (LITTLE SIMZ, ‘GREY Area’, 2019)

N.: Prodigy dirudi.

Sarrerak badu antzik, baina ez, disko berri bat da.

F.: Lil’ Wayne?

Ezta ere. Neska bat da eta Ingalaterratik dator. Little Simz du izena, eta hau bere estreinako diskoa da. Musika komertziala dela esan daiteke, eta komertzial/antikomertzial kontzeptu horretaz hitz egin nahi nuke. Sarritan musika atseginari derrigorrez komertzial etiketa jartzen diogu eta latza edo “zaila” dena automatikoki antikomertzialtzat hartzen dugu. Baina guztiz kontrakoa izan daiteke, musika atsegina zuri zintzoki ateratzen zaizun musika izan daiteke eta kontrara, musika “zaila” egitera behartu dezakezu zeure burua entzuleria jakin baten onespena lortu ahal izateko. Jarrera kontu bat dela iruditzen zait.

N.: Musika munduan zure lekua izateko inbertsio txiki batzuk egin behar dituzu eta salmenten bidez etekin batzuj lortu gutxienez haiek parekatu eta aurrera jarraitu ahal izateko. Mugitzen gaituena ez da dirua baina dirua iristen bada ez diogu muzinik egingo, noski. Baina diru hori lortzeko ez daukagu gure burua saldu beharrik.

F.: Jende gehiagori gustatu ahala, zuzenekoetan jende gehiago egongo da. Pilo bat eskertzen den gauza da, bai kontzertua girotzeko baita feedback-a jasotzeko ere. Bestalde, komertziala zer den eta zer ez den denborarekin aldatzen doan kontzeptua da.

Gakoa, agian, zure burua saltzea ala ez saltzea da, nolabait esateko.

N.: Gaurko gure gizarte kapitalistan zure burua ia egunero saltzen duzu. Eztabaida handia irekitzen da hor.

F.: Beste gauza bat da diskoetxeak edo beste edonork inposatzen dizun eta zure gustukoa ez den edo sinesten ez duzun zerbait egitea. Hori, guk ez dugu inoiz egingo.

N.: Gu ez gara marketing kanpainetan hasiko, beti esaten dugu gure kabuz iristen ez bagara ez duela merezi. Izenik ez dut emango baina banketxe eta marka handien babesa duen festibal batek bertan jotzea eskaini zigun orain dela gutxi, “mundura leiho” bat irekitzen zigutenaren aitzakiaz baldintza lotsagarriak eskaini zizkiguten eta ezetz esan genien. Duintasun minimo bat beharrezkoa da eta gu mundu honetan norbait izan ahal izateko ez gaude gure burua horren merke saltzeko prest.

F.: Dohainik jo izan dugu behin baino gehiagotan, baina arazoa ez da hori, testuinguru oso ezberdinetan izan baita. Halako babes ekonomikoa duen festibal batek hori proposatzea guztiz arbuiagarria iruditu zitzaigun.

N.: Gaztetxe batek haiek baino gehiago ordaintzen dizu, mesedez! Azkenean, ziur gara gauzak gure erara eginez aurrera aterako garela.

Komertzialtasun edo merkaturatze kontu horrekin jarraituz, bideoez hitz egin nahi nuke ere. Zuen bideoklipek kriston kalitatea dute, eta haien atzean ikaragarrizko lana dago. Gaur egun, abeslari baino gehiago ia showman edo show-woman izan behar duzu, ezta? Irudia oso garrantzitsua da.

F.: Hala da, bai. Ez da musika soilik. Diskoak saltzen dira noski, baina batipat saltzen dena kontzeptu bisual bat da. Singleak bideoklip batekin ateratzen dira eta hori da jendea erakartzen duena. Bideoa beharrezkoa da beti eta geroz eta garrantzia handiagoa du, agian handiegia ere.

N.: Arrigurik gure produktua hobetu egiten du, eta oso ondo proiektatzen du. Bere alorrean gu baino askoz hobea da eta hori dugu gustuko, edozein alorretan gu baino hobea den jendea ezagutzea eta haiengandik ikastea. Txantxetan esaten dugu Nizuri ta Arriguri garela, guztiz bat egin baitugu.

9.- “GWAY LO” (TRIAD GOD, ‘Triad’, 2019)

N. eta F.: Ideiarik ez…

Hau oso zaila dela onartu behar dut. Londresen bizi da baina kantoneraz abesten du, Triad God du izena. Trap moduko “zerbait” egiten du, guri arrotz egiten zaigun hizkuntza batean, eta oso pertsonaia misteriotsua da, informazio gutxi dago bere inguruan. Musika oso anbiguoa da, hauskorra eta indartsua aldi berean. Elkarrizketa batean trap musikaren barruan iraultzaileak zinetela esaten zen. Zein da zuen iraultza eta zuen ekarpena?

N.: Iraultzaren kontu hori argitzen saiatuko naiz. Behin Julen Idigorasek Gaztea irratian egindako elkarrizketa batean, “orain trapa iraultza bilakatu dela…” esanez hasi zuen galdera eta guk erantzun genuen trapa ez dela inongo iraultza, sistemak guztiz bereganatu egin duelako, eta, agian, gu zuriak eta euskaldunak, euskaraz eta maitasunaz abestean bai izan gintezkeela iraultzaileak. Behinik behin, hedabideek saldu nahi duten iraultza baina iraultzaileagoak baginela.

Eta zer saltzen da trap bezala? Eta zergatik hori?

N.: Trapa testuinguru oso jakin batean jaio zen. Auzoetan itxaropen eta etorkizunik gabeko beltzak erabateko anarkian bizi dira eta bere eguneroko bizitza kontatzen dute, trapitxeo eta droga trafiko munduarena alegia. Hori da bere errealitatea.

Ados, baina trapa asko saltzen duen estilo bat da. Ez da gauza marjinal bat merkatuan. “Entzule ororentzako” trap bat sortu da beraz?

F.: Trapak bere garaian gangsta rap deitzen zenaren erreferentziak hartu ditu eta musikalitatea aldatu dio. Baina beraien bizimodua, diru erraza eta estereotipo guzti horiek sistemari interesatu egiten zaizkio. Trapa bilakatzen joan den heinean industriak bereganatu egin du eta gazteentzako erakargarri bihurtu. AEBetako auzorik pobreenean hazi den ume batek hamaika kotxe eta jet pribatua ikusteak erakarri egiten du eta kontsumismoa sustatzen du. Sistema eroso sentitzen da horrekin. Azkenean sistemaren alde ezkutu batez hitz egiten du baina estetizatu eta idealizatu egiten du, eta salgarri bihurtzen du. Baina atzean dauden arrazoietara eta testuinguruetara ez da inor joaten, irudi eta kontsumo hutsa da dena.

10.- “THE LAST KISS” (TELMO TRENOR, ‘Heat’, 2018)

N.: Zuhaitz bati begira eta zein zuhaitz den esan ezinik sentitzen naiz.

Bertakoa da. Ekoizlea. Donostiarra.

N.: Telmo Trenor al da?

Bai!

N.: Makina bat da Trenor. Errespetu handia diot Telmori.

Gure arteko hip hop komunitateko norbait ekarri nahi izan dut. Doinu hau eta disko osoa ikaragarriak iruditzen zaizkit baina aldi berean ezer berririk asmatzen ez duela garbi dago. Alde horretatik, norbaitek kritika egin dezake eta hortik eraman nahi nuke galdera. Oro har euskal musikaren komunitatean kritika gehiago ez al da falta?

N.: Bai, zalantzarik gabe, bienkedismoan bermatuta gaude denok. Errespetu osoz bada ere, kritika egiteko garaian ez gara guztiz aske sentitzen.

F.: Norberaren gustuak daude hor, noski. Baina kritika negatiboa ia modu pertsonalean hartzen dute askok.

Interneteko anonimatoan jendeak botatzen dituen iruzkin oldarkor, suntsitzaile, hiperziniko horiek guztiak ere badira, baina ni kritika txar konstruktibo eta zintzoaz ari naiz noski.

F.: Interneteko anonimatotik kritikatzen duena bere buruaz hitz egiten ari da berez.

Eta kazetaritzaren papera zer iruditzen zaizue?

N.: Berria moduko egunkari bateko zutabe batetan kritika bortitz bat botatzen baduzu, auskalo zein izan daitekeen kritikatuaren erreakzioa. Beraz, azkenean kazetaritzak bienkedismo horretan jarraitzen du. Euskal Herrian gauzak azkarregi egiten saiatu gara. Zuhaitza jarri eta berehala fruitua eman dezala nahi dugu, eta ezinezkoa da. Antsietate handiegiz nahi izan dugu rap-a euskal nazioaren komunikazio tresna izatea eta prozesu horrek bere denbora behar du, baina pixkanaka ari dira fruituak ailegatzen.

ETIKETAK:121 Krew2zioArriguriFaniMoxalMursegoNizuri TazuneriNorte ApacheNorzzone