2021.05.25
Mintzola Fundazioak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dituen Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiek soinu artxiboen gainean jarriko dute begirada aurtengo ekitaldian. Audio fitxategien bilketa, antolaketa eta zabalkundearen inguruan izandako esperientziak eta kezkak bilduko dituzte ekainaren 4an Amasa-Villabonako (Gipuzkoa) Subijana Etxean. Horretarako, bost hitzaldi prestatu dituzte antolatzaileek, eta zuzenean streaming bidez jarraitu ahal izango dira.
Iñigo Zeberio EITB Musika ataleko koordinatzaileak eta Irati Etxezabal Euskadi Irratiko fonotekako arduradunak zabalduko dute jardunaldia. Irratiak sortzen duen askotariko soinu artxiboen digitalizazioak eta antolaketa egokiak hedabidearen eguneroko beharrei erantzun azkarra emateko duten garrantzia azalduko dute. Ondoren, Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Ahotsa proiektuaren berri emango dute Adolfo Arejita egitasmoaren zuzendariak eta Amaia Jauregizar teknikariak. 2005ean abiatutako egitasmo honen bidez bildutako dokumentazio guztia herritarrek erraz ezagutu eta eskuragarri izateko ahalegina egiten du Euskaltzaindiak, eta hain zuzen, soinu artxiboaren lagin zabala entzungai dago haren webgunean.
Atsedenaren ostean, beste hiru hitzaldi izango dira. BADOK euskal musikaren atariaren nondik-norakoak azalduko ditu Jon Eskisabel egitasmoaren arduradunak. Euskarazko kantagintzari buruzko datu base oparoa eskaintzen du Berria egunkariak 2009. urtean sortutako atariak, gaur 1.100 taldek, 3.800 diskok eta 33.000 abestik osatzen baitute. Azken urteetan bezala, Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien antolaketan laguntzailea da BADOK.
Eskisabelen ondoren, Xabier Erkiziak hartuko du hitza, sortzailearen ikuspegitik jarduteko. Soinu-artista, ekoizle eta kazetaria da Erkizia, eta bere lana pertsona, soinu eta euskarri ezberdinen arteko ikerketan oinarritzen da. Soinumapa eta Entzuten egitasmoen bultzatzaile da Erkizia, eta AudioLab elkarteko kide.
Azkenik, Marie Bidart-Hirigoien musikari eta musikologoak ikertzailearen begirada eskainiko du. Euskal kantu monodikoa (1897-1990): musika iturri eta iturri idatzien musikologia analisi konparatua gaiaz egin zuen tesia eta euskal kantagintza ikertzen darrai egun ere.
Zazpigarren aldiz antolatu dituzte Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak. Bertan parte hartzeko izen-ematea doan da eta epea zabalik dago ekainaren 3a arte www.mintzola.eus atarian.