Musika

Ihintza Orbegozo

2023.07.13

Ihintza Orbegozo

Sinpletasunez eta sentimenduz (Kanterriko kronikak, eta V)

Bazkalosteko logalea sarri arriskutsua izaten da ikastaroetan, baina Kanterriko bi egunetan ordu horretan aritu ziren Maite Larburu-k eta Verde Prato-k aise uxatu zituzten aharrausiak, abestien sorkuntzaren inguruko tailer banatan. Saio praktikoak izanik, hainbat instrumentu eta sorkuntzarako gidalerroak izan zituzten bertan, baina biek ala biek teoriatik abiatu zuten saioa, bakoitzak bere ibilbidearen hastapenak eta nondik norakoak kontatuz.

Verde Prato (Ana Arsuaga), kantuak nola sortzen dituen azaltzen. KANTERRI

Verde Prato (Ana Arsuaga), kantuak nola sortzen dituen azaltzen. KANTERRI

“Zergatik kantatzen dugu? Elkarrekin momentuak ospatzeagatik, Jainko batekin konexio bat izateagatik… arrazoi pila bat daude. Badira tribuak esaten dutenak gizakia kantutik sortu zela, eta adibidez, Australiako aborigenen mapak abestiak ziren, melodiak deskribatzen zuen mapa”, hasi zuen Larburuk, musika eta hizkuntzaren arteko harreman estua ere azpimarratuz, Hungariako adibidea jarriz, 6/8 metrikako abesti tradizionalik ez dagoela, hizkuntzaren fonetikak ez baitu horretarako parada ematen.

Interpretatzetik esperimentatzerako prozesua

Esperientzia pertsonaletik jo zuen segidan, kantu baten sortze prozesua beretzat nola den azalduz: “Olagarro bat bazina bezala, beso bakoitzarekin hari ezberdinak eusten zoaz, eta horiekin egiten dituzu trentzak, korapiloak, beste batzuk ez dituzu hartzen…”. Larburuk dio jaso duen musika hezkuntzan partiturak irakurtzen irakatsi diotela, ez sortzen, beraz, modu abstraktu  batean ikasi du abestiak eraikitzen. Gauza bera gertatu zaio Verde Prato ezizenez ezaguna den Ana Arsuagari ere, piano ikasketak izanik, musika interpretatzen jakin izan du, baina abesti bat sortzerako orduan ez du jakin nondik hasi, horregatik, unibertsitate garaian ezaguturiko jendearekin elkartu eta Serpiente taldea sortzea bere buruari baimena eman eta ahalduntzeko modu bat izan zela aitortu du.

Sinpletasunetik sortzen aritu zirela aipatu zuen Arsuagak, eta horrek kritikak ekarri zizkiela, horrek, eta ziurrenik hiru emakumez osaturiko taldea izateak. Hala ere, bere ahotsa aurkitzeko eta bere burua definitzeko arazoak izan zituela komentatu bazuen ere, sinpletasun horri eustea erabaki zuen: “Hiru gauza dakizkit, bada ikasi behar dut nola konbinatu hiru gauza horiek abesti bati duintasun bat emateko”. Sinpletasuna zerbait despektiboa bezala ulertzen da askotan bere esanetan, baina alderantziz dela iruditzen zaio, bere konplexuak beste norabaitera eraman eta bilakaera bat edukitzeko balio izan baitio. Larburuk ere sinpletasunetik sortzen ikasi du, biolina ongi menperatuta, gitarra hatz batekin jotzen hasi zen konposatzen, nota bat, bi esaldirekin, jolas batean murgilduz, ahotsarekin. Mezu argia zabaldu nahi du momentuoro, behin eta berriro errepikatuz: “Kantua edonork egin dezake”. Gitarratik biolina erabiltzera ere pasa zen, instrumentu melodikoa delako zaila den arren akonpainamendu armoniko bat egitea, baina Balkandar musika entzunda posible zela ikustean, hala egin zuen berak ere.

Hitzak kolore musikal bat dakar, normalean hitzak eta musika elkarrekin joaten direla eta hitzetik abiatuta kantua egin daitekeela azaldu zuen hernaniarrak. “Hitzak musikarekin marraztean dago kantagintzaren klabea, hitzak melodiaz margotzea”. Instrumentuek bideak ematen dizkizuela leku batetik edo bestetik joateko ere aipatu zuen, kantuak transformatzeko. Abestia egiteko arrazoiak sormen prozesua ere alda dezakeela sinesten du Larburuk, eta kantuaren gaiak ere garrantzia duela.

 Ikasitakoa praktikan jartzen

Ahotsa bera ere instrumentua dela ulertuta, lanean jarri zituen Arsuagak bertaratuak; Larburuk, aipatu bezala, hitzetatik abiatuz abesti bat sortzen jarri zituen. Bakoitzak aukeraturiko gai batetik abiatuz, bina puntu idatzi behar izan zituzten, lerro bakoitzeko silaba kopurua binaka errepikatuz, jarraian, bakoitzak bere “koplari” ahotsarekin libreki doinua jartzeko. Guztien artean, bata bestearen atzetik, aurrekoak abestutakotik elementu bat errepikatuz abestu zuten, grabatuz, eta grabatutakoaren gainean koruak eginez -hau ere estilo librean- abesti bat sortzera iritsi ziren guztien artean.

Maite Larburu, kantuen soiltasunaren xerkan, Oiartzungo Kanterrin. JON URBE / FOKU

Maite Larburu, kantuen soiltasunaren xerkan, Oiartzungo Kanterrin. JON URBE / FOKU

Norberaren ahotsaren mugak aurkitzea gomendatu zien Verde Pratok bertaratutakoei, eta arriskatzeko normalean egingo ez zuketena egitera, noraino iritsi gaitezkeen jakiteko aukera ematen baitigu. Estilo aldetik mugak jartzeak beldurra ematen dio Larbururi, ateak ixten baitizkizu aurretik aipaturiko hari horiei heltzerako orduan, eta horregatik biek ere kointziditzen zuten barrenetik ateratakoa beldurrik gabe plazaratzeko, sentimenduz, ahotsak berak adierazten baitu non dagoen norberaren muga.

Sorpresaz, kasualitatez edo istripuz izandako gertakariek abesti berri bat sortu edota sortzen ari denaren transformatzea ekarri dezakeela azaldu zuen Larburuk, sentimenduz beti, eta ingurukoek abestuko duten edo ez gehiegi pentsatu gabe, bere barrenetik sortua, bai hitzak eta baita melodiak ere. Bertsu azaldu zuen Arsuagak bere burua, sinpletasuna aldarrikatuz beti ere, oholtzan ere hala erakutsiz, eta abestiak dakien horrekin sortuz, bere mugen barruan. Biek aldarrikatu zuten erakunde publikoetatik musika sorkuntza eta musika guztien zabalkundea zeinen garrantzitsua den, hezkuntzan batez ere, eta Larburuk jatekoarekin alderatu zuen “txikitan esaten ziguten denetik jaten ikasi behar dela, pixka bat behintzat; gero gauza batzuk ez zaizkizu gustatuko eta ulertzen da, baina beste gauza batzuk umetan gustatzen ez zaizkizunak heldutan asko gozatzen dituzu, eta musika eta artearekin berdin egin beharko litzateke”.

Biek ala biek eskaini zituzten euren ibilbidea markatu zituzten abestiak, eta baita kaxoian gordeta gelditu ziren bat edo beste ere, bertaratutakoen gozamenerako. Bi artisten nondik norakoak ezagutzea ez-ezik, kantu baten sortze prozesu teorikoa ikasi eta praktikan jartzeko aukera paregabeak izan dira, inondik inora.

ETIKETAK:BadokKanterriMaite LarburuVerde Prato