2014.09.19
Bakarkako bideari ekin dio Tania de Sousa abeslariak (Zestoa, 1987), eta kalean da haren lehen diskoa: Tania Tank. «Hainbat taldetan ibili naiz, eta beti gustura, baina, egia esanda, gogoa nuen nire kantuak egiteko. Azkenean, talde bat demokratikoa izaten da: denen iritziak hartu behar dira kontuan, eta ez zaude beti gustura azken emaitzarekin. Nik kantak ateratzea behar nuen, estilo bat bilatzea». Hamabi kantu bildu ditu edukiontzi horretan, maitasuna hizpide dutenak gehienak. Bonberenean grabatu du lana, Karlos Osinaga Txap teknikariarekin, eta Fermin Muguruzak ekoitzi du, Talka Records zigilupean.
Pop doinuak dira nagusi diskoan, baina badira punk-rock nahiz disco ukituak dituztenak ere. Hitzei dagokienez, De Sousak idatziak dira denak —Muguruzak ondutako “Talka” kantua izan ezik—: «Batez ere, maitasunaren inguruan idatzi dut, barneko introspektibaren inguruan; gai hori nagusitzen da». Muguruzak gehitu duenez, amodioaz bai, baina «askoz gehiagori buruz ere hitz egiten dute kantuek: desamodioaz, zulo existentzialaz, lotsaz, erruaren zamaz, nahasmenaz, antsietateaz… Hori dena laburbiltzen da amodio horretan».
Bakarkako bideari ekiteko, lagunekin osatu du taldea De Sousak: Fermin Bouza ari da gitarran, koruetan eta sintetizadoreetan; The Dispositivesen taldekide izandako Maitane Alonso baxuan; eta Ander del Sol baterian. Bouzaren hitzetan, «ahots berdingabea eta koherentea duen proiektua da, eta aldi berean askotarikoa, askotariko estiloak ukitzen baititu, baina denak du Taniaren diskurtsoaren unibertsoa, haren ahots estiloa eta presentzia».
Tankearen istorioa
Las Putass del Mistol eta The Dispositives taldeetan aritua da De Sousa lehenago, eta harengan pentsatu zuen Muguruzak Zuloak pelikula eta musika taldea sortzeko proiektuan zebilela. Donostiako Le Bukowski tabernan The Dispositivesek emandako kontzertura joan zen, eta De Sousari proposamena egin zion. Pozik onartu zuen hark, eta, ordutik, sarri partekatu dute oholtza, Muguruzaren iazko No More Tour osoan, esaterako. Biran ari zirela bi musikariek izaniko hizketaldietako batean azaldu zion De Sousak Muguruzari bakarkako bidea egiteko gogoz zebilela. «Nik animatu besterik ez nuen egin, oso ideia ona iruditu zitzaidalako bere potentzial guztia atera eta Tania de Sousa gisa agertzea».
Tania Tank diskoaren izenaren nondik norakoak Muguruzak berak azaldu zituen: «Halako brain storming edo ideien ekaitz bat sortzen duzunean, hurrengo urratsa think tank edo pentsamenduaren tankea izaten da». Azaldu zuen 1988ko komiki bat ere badagoela izen horren atzean, Tank girl: «Istoriotxo bat zegoen, non mendi edo eskualde post-apokaliptiko batean emakume bat bizi zen tanke baten barruan, kanguro mutante bat lagun zuela…». Jamie Hewlettek marraztu zuen komiki hura; hark Gorillaz proiektua sortu zuen gerora, Damon Albarnekin. Albarnek Blur taldearekin kaleratutako azken lanaren izena ere Think Tank izan zen. Muguruzaren hitzetan, ideia horien guztien nahasketatik sortu zen diskoaren izena. «Tania baldin bada halako sumendi bat, ideien adierazpen horiek guztiak, edukiontzi bat baldin bada ere, Tania Tank bat aurkeztuko dugu, hau da, sumendi hori tanke edo edukiontzi honetan».
AEBetara bira
Atzo, Donostiako A Fuego Negro tabernan aurkeztu zuten disko berria De Sousak, taldeko kideek eta Muguruzak, eta hainbat kanta jo zituen abeslariak, Bouza gitarrista lagun. Orain arte, birritan izan da De Sousaren lan berria entzuteko aukera: iragan uztailaren 9an, Donostiako Zurriola hondartzan, Manu Chaoren aurretik igo zen oholtzara, Donostiako Piratek antolatutako kontzertuan; eta, abuztu amaieran, sorterrian eskaini zuen emanaldia, Zestoan.
Baina biharko jarri dute diskoa aurkezteko ekitaldi nagusia: Donostiako Intxaurrondoko Kultur Etxean ariko da taldea, eta lanean parte hartu duten hainbat musikari ere han izango dira: tartean, Koldo Soret, Xabi Solano eta Muguruza bera. Tolosan joko dute hurrengo egunean, Bonberenean, eta Euskal Herrian beste hainbat emanaldi egingo dituzte, urriaren erdialdera AEBetara bira egitera joan aurretik.
(Berria egunkarian, 2014ko irailaren 18an argitaratutako artikulua)