Musika

Fermin Etxegoien

2019.09.03

Fermin Etxegoien

Saz Le Bolo: herri giroko pop intimista eta modernoa

Larogeiko hamarkada hasieran, nazioarteko modernitate giro berriak urratu zituen bideetan, euskararen bitartez barnerakoitasunaren norantzan pop ezaugarriekin haien sorkuntza blaitu zuten musikariak salbuespen izan ziren, eta ekin ziotenen artetik inor gutxik ailegatu behar zuen ezelango kanturik argitaratzera. Gauzak horrela, bereziki aztergarria zaigu Oñati herriko Saz Le Bolo taldearen Xurrumurruak diskoa (IZ, 1986), kaleratu zuen bakarra, arestian idatzitakoaren erakusgarri argia delako, beharbada argiena, eta baita ere salbuespen bilakatu zelako, dakarren bereizgarritasun estilistiko paregabeari esker, euskal musika berriarentzat hain oparoa —anitza baino gehiago— izan zen hamarkadan.

Saz le Bolo 1985

Imanol Ugarte, Bixen Mijangos eta Jon Azpiazu, Saz Le Bolo, 1985. urteko argazki batean.

Jon Azpiazu eta Imanol Ugarte txikitako lagunak ziren eta nerabezaroan elkartzen hasi ziren kantuan aritzeko, gitarrek lagunduta. Punkaren osteko taldeak eta bakarlariak miresten zituzten: XTC, Magazine, Peter Hammill, Talking Heads… eta horien eraginpean harilkatutako doinu propioak zubi egokia izan zitzaien barne sentipenak azalaraztea helburu zuten hitzak idazteko.

Xurrumurruak…  Nori ez zaio gaztaroan itogarri egin sorterriko giroa, handitik baino txikitik duten herrietan batez ere, halako zaintza zorrotz batek elkarrenganako harremanak zamatzen dituenean, belaunaldien arteko talka leundu ez eta jeneroen artekoa ere izugarri trabatzeraino, anomia moduko batean harremanak erorita, buru eta arimen gainean gizarte tradizionaleko alderik atzerakoienek, gaindituta behar luketen arren, mehatxu izaten jarraitzen baldin badute, eta gainera areagotzen baldin badoaz mundu modernoak eragindako neurosi berriak ere, besteak beste makinismoaren bitartez, ez baita ahaztu behar lan industriala goratzen duen eskualde nagusietako batean kokatzen zela taldea.

Diskoa grabatu aurretik, maketa batean bildu zituzten hasierako zenbait kantu, eta esan beharra dago lehen grabazio hark, gerora oso musikari sendo eta ezagun bilakatu den Fran Iturbe bergararraren gidaritzapean egina, haren ganbaran, lilura handia eragin zuela, hurbileko lagun eta ezagunen artean ez ezik, baita taldekideen ingurutik kanpo ere. “Orbela”, “Lau biñeta”, “Szinks”… euskaraz inoiz ez jorratutako eremuan sorturiko kantuak ziren, esan nahi baita, punkaren osteko barealdi oroimin zale, minimal eta, halere, preziosista batean, hori guztia batzea posible baldin bada.

“Orbela”, “Lau biñeta”, “Szinks”… euskaraz inoiz ez jorratutako eremuan sorturiko kantuak ziren, punkaren osteko barealdi oroimin zale, minimal eta, halere, preziosista batean

Abesti horietariko gehienak ez ziren sartu diskoan, non eta iluntasun oldarkor batek jabetu nahi izan zuen kantu berriez, eta dema horretan diskoak sakontasunean irabaziko du, bapatekotasunean, maketarekin alderatuta, galduko duen moduan. Atzera begiratuz gero, musikariek eurek ez dute baztertzen beste modu batez iraun zezaketela diskoko kantuek maketan zegoen ildoari eutsi izan baliote. Ia hiru hamarkada igarota, ezagun da iluntasuna eta oldarkortasuna, musikarien senezko erabakimenez baino gehiago, mimetismoz zabaldu zirela Xurrumurruak-en, seguruenera garaian nagusi ziren inguruko estiloen gogorrak eraginda.

Grabazioa IZ diskoetxearen estudioan egin zen, Donostian. Soinu teknikari lanetan Angel Katarain ibili zen, kanturen batean edo bestean Kaki Arkarazok lagunduta. Taldekideek diote estudioak liluratu egin zituela, pixka bat tokiz kanpo sentiarazteraino. Hala eta guztiz ere, Saz Le Boloren bereizgarritasun estilistikoak diskoaren alde guztiak blaitzen ditu, kantuz kantu.

“Xurrumurruak”: diskoari izena damaion abiapuntuko kantuan erakusten da maketarekiko aldaketa. Ilunabarreko giro batean xurrumurruak sortzen dira, egoneza adierazten duten ezohiko gitarra eta baxu ildoen bitartez. Ondoren kantua pausatzen da, behelainoa bezala, ahotsari oinarri sendoa eskaintzeko. Halere, emaitza aski espektrala da, saxofoiaren lehen agerraldiak lagunduta, nota eutsi batzuk eta melodia minimal bat besterik ez baititu jotzen.

“Arrats iluna”: izenburutik hasita, hemen ere atmosfera iluna nagusitzen da. Abiapuntuz erabat after-punk, harik eta zeharkako flauta baten doinuek bestelako giro prog batera –oso Van der Graaf Generator– eramango gaituzten arte.

“Udako azken eulia”: laborategiko kantua da, taldeko partaide guztiek protagonismoa har dezaten, saltsa-maltsan. Kantu ilojikoa, harmonikoki eta melodikoki. Devo eta Talking Heads-en oihartzunak. Hitzetan, desamodioa eta paranoia nahasten dira. Sorterriak eragindako paranoia auto-ukatzailea.

“Paradisurantz”: pop psikodelikoa, ma non troppo. Garai hartan entzuten zituzten Ingalaterrako beste talde batzuen jarraibidean, adibidez Psychedelic Furs.

“Kajoi berezia”: dosiak gora eginda daude hemen. Popagoa da kantua, baita psikodelikoagoa ere. Imanolen konposizioa, berak abestua. Oso-oso XTC, a la Colin Moulding.

“Szinks”: Imanol eta Jon, Oñatiko udazkena San Martin parkean. Bikotearen manerak, musika ulertzeko eta sentitzeko. Hasiera-hasierako kantu bat da, poperoa, freskua, sinplea, leku guztietara eramateko modukoa. Samurra eta itsaskorra. Nacha Pop bezalakoen amorru hautsia ere ekar lezake gogora.

“Formula bat”: kantu aldarrikatzailea, garai hartan Oñatin izandako suizidio kopuru ezohikoen inguruan. Ez etsi, aurrera jo. Abesti indartsua, saxoarekin erreforzatua.

Diskoaren azala Xabin Egañak egin zuen. Collage psikodeliko bat da, desberdina ere, zeharo, garai hartan ohikoa zenarekiko. Bitxikeria modura, aipagarria da Saz Le Bolo taldeak diru-laguntza lortu zuela, beste talde batzuekin lehian, diskoaren grabazioaren zati bat ordaintzeko, eta, dirudienez, diru-laguntzarik gabe gelditu zen. Taldeetako batek salatu omen zuen dirua “politikoki eta sozialki konprometiturik” ez zegoen talde bati eman zitzaiola.

Xurrumurruak azala

Xabin Egañak egin zuen diskoaren azala.

Larogei bat aldiz jo zuten zuzenean, normalean oso jende gutxiren aurrean. Salbuespenak: Ruper Ordorikaren aurretik jo zuten pare bat alditan, behin Kortaturekin jo zutenekoa, eta taldekideei bereziki gogoangarria zaien Itoiz taldeak Oñatin eskaini zuen bere ibilbideko azken emanaldia, aurretik jotzearen ohorea izan baitzuen Saz Le Bolok.

Halere, aitortzen dute halako isolamendu batean bizi zirela orduan, musika giroa inoizko biziena bazen ere. Harreman handia izan zuten O.K. Korral taldeko Lou Olangua kantariarekin eta maitasun berezia gorde dute, zuen gustuagatik eta lagundu zienagatik, Fran Iturberentzako, zeinaren etxean grabatu baitzuten lehendabiziko maketa.

Telebistan agertu ziren hainbat aldiz, ETB1eko Popazoro saioan, Kaki Arkarazok zuzendua, Katu Kale saioan, eta baita TVEko Telenorten eta Iñigo en Directo saioetan ere, azken honetan Loquillorekin batera.

Zergatik ez zen bigarren diskorik egon? Jon Azpiazu kantariaren hitzetan, ailegatu ziren punturaino ailegatu zirelako, kitto. Garai hartan ez ei zen hain erraza diskorik argitaratzea. Gainera, bateria jotzailearekin moztu zuten eta erritmo kutxa batekin hasi ziren, indarra galduta. Maila pertsonalean, taldekideen bizimodua aldentzen hasi zen kantuetarako etorri nagusia izaniko sorlekutik, eta denbora tarte luze batez euskaraz ez zen herri giroko pop intimista eta moderno gehiagorik grabatu Euskal Herrian.

ETIKETAK:Angel KatarainFran IturbeImanol UgarteItoizJon AzpiazuKaki ArkarazoKortatuLou OlanguaO.K. KorralOñatiRuper OrdorikaSaz Le Bolo