2015.04.29
ESKU AHURREKO MARRAK
(Izuen gordelekuetan barrena, BAK, 1981; Pamiela, 2014)
Bizitzaren goldeak marraztu zizkigun ahurretako ildoak
eta ildo horietan dautza gure bide guziak.
Hor dira zeharkatuko ditugun ziutateetako karrikak,
hor dontzeila nigartiak eta idi gorriskak,
hor trenbide amaigabeak eta arpoia daramaten baleak
hor izpiluen bestaldeetan errinozeroen arineketak,
hor amaraun hedatuak eta zelaturikako borrero langabeak
hor hezur zaharrak eta lemarik gabeko itsasontziak.
Ahurreko ildoetan dira guziak isladatzen,
izei bakartiaren irudia laku bazterrean bezala,
eta hilobi berberean ehortziren gaituzte
gu eta gure marrak, gu eta ekibokazio horiek guziak.
“Zenbaitek dio Euskal Herria asmatua izan zela eta beraz, faltsua dela. Nik alderantziz esango nuke: Euskal Herria asmatu egin da, eta beraz, horrexegatik da benetakoa. Edozein nazio errepresentazio soziala da. España ere bai; horrek ez du esan nahi faltsua denik. Brujula ere asmatu egin zen, eta zer, faltsua da ala?”. (Joseba Sarrionandiak HAUSNART-en)
“Identitatea deitzen den hori gauza arrunta da, zerekin identifikatzen zaren. Izaera primario batzuekin identifikatzen zara eta ezaugarri horiek erreferentziatzat hartuta emango diozu bizitzari zentzua. Izaera hori berez bilakatzen bada, oztoporik gabe, ez diozu zertan garrantziarik eman. Eragozten badizute arazo bihurtzen da. Identitatea izatea ez da marabilla bat, baizik gauza arrunta. Identitatea berez denek dute, pertsonek oinak bezela, baina oin zapalduak nabarmenagoak dira, minagatik”. (Joseba Sarrionandiak HAUSNART-en)
“Hitzak ere beste alorretan… Hitz bat erabiltzen duzu eta badakizu zer esan nahi duen ez? Mailua, pospolua edo karakola. Politikaren alorrean, ostera, esaten dira hitzak hustuta bezala, esanahirik gabe”. (Joseba Sarrionandia, SAUTRELA-n).
Brujula, oinak, mailua, pospoloa eta karakola. Horra poetikoak ez diren hitzen poetika eta ideologiarik ez duten hitzekin ideologia sakon baten azalpena. -tasunik eta -keriarik gabeko erradiografia politikoa.
Bertso-munduko kondairatxo batek dio, behin gai-jartzaile batek bertsoa osatzeko lau oinok jarri zizkiola bertsolari bati: Pistola, arma, tiro eta pun! Hoskidetasunaren detailetxoa ahaztu zuen baina ezin ukatu hitz hauek elkarren lagunak behintzat badirenik. Eremu semantiko bereko biztaleak. Asmatuko zuen zerbait bertsolari hark.
Baina orain ea, hartu bost oin hauek: Brujula, oinak, mailua, pospoloa eta karakola, eta esplika iezaguzu Euskal Herria. Gaia duzu: Euskal Herria. Errimak: brujula, oinak, mailua, pospoloa eta karakola.
Jakina, destilazioa norabide bakarrean gertatzen da. Garagarretik eratorritakoa da whiskya, baina ez whiskytik garagarra.
Pentsamenduaren destilazioa bost hitzetan.
Bizitzaren destilazioa, liburuetan.
Liburuetan, gogoak eta grinak, asmoak, ametsak eta ezinak. Bizitza dena, behar lukeena eta izatea nahi genukeena: zeharkatuko ditugun ziutateetako karrikak, dontzeila negartiak, idi gorriskak, trenbide amaigabeak eta arpoia daramaten baleak, errinozeroen arineketak, borrero langabeak, lemarik gabeko itsasontziak…
Eta liburuak eskuartean zabalik, liburuen barruko munduak, esku ahurretara iragazten dira.
(Bilbo Zaharra euskaltegiak Joseba Sarrionandiaren inguruan antolatutako ‘Abesoj Aidnanoirras. 35 urte idazten’ hitzaldi ziklorako Maialen Lujanbiok idatzitako testua)