2015.06.10
LILI BAT
(Joseba Sarrionandia, Izuen gordelekuetan barrena, BAK, 1981)
Lili bat
hartu
eta hostoz hosto
erantzi
eta harek zu ere
amets
eta harek zu ere
erantzi
eta hostoz hosto
hartu
lili bat.
* ‘Lili bat’, Mikel Laboaren ahotsean.
Testu bat
sortu,
eta lerroz-lerro erauzi
eta harek halere esan,
eta harek ideiari eutsi
ta orduan hitzez-hitz
hartu testua,
eta berbaz-berba
biluzi
eta hura halere izan
eta harek esanahia bizi…
eta letraz-letra
hartu testua,
eta hizkiz hizki
kimatu
eta harek zu ere hustu
eta harek zu ere inausi
testua hartu
eta komaz-koma erantzi…
eta harik
eta harek ahalik gutxienarekin ahalik gehien esaten duen arte
testua hartu
eta berbagorritu
dena esan arte
gehiago kenduz gero
desagertu egingo litzatekeen arte.
(Bilbo Zaharra euskaltegiak Joseba Sarrionandiaren inguruan antolatutako ‘Abesoj Aidnanoirras. 35 urte idazten’ hitzaldi ziklorako Maialen Lujanbiok idatzitako testua)