Musika

Maialen Lujanbio

2015.05.26

Maialen Lujanbio

Sarrionandia, hostoz hosto (VIII)

IZEN ZAHARRAK

(Joseba Sarrionandia, Ruper Ordorikaren Memoriaren mapan diskorako,
Elkar, 2006)

Gu herrialde estuan sortu ginen,
arbasoek aberri mendrea utzi ziguten.
Merkatari aberatsek merke edo kario
erosten dituzte gure lurrak, gure jendearen
hezurrak. Lurrak eta hezurrak,
eta badoaz urtaroak, eta gu ere bagoaz,
geroago eta gutiago gara ginenak,
gero eta urrutiago ginena
Zer geratuko da gerorako?
Leku izenak agian, ez besterik: Ursouia, Itchasou,
Irouleguy,
Aussurucq eta Tchoko
Maitia…
Jendeak misterio aire batekin ahoskatuko ditu izen zaharrok,
jendeak misterio aire batekin ahoskatuko ditu izenok.

Memoriaren mapan

‘Memoriaren mapan’, Ruper Ordorika (Elkar, 2006).

*Hemen entzun eta ikusgai, Maite Arroitajauregi Mursegorekin batera egindako zuzeneko bertsioan.

Gero eta gutiago gara ginenak, gero eta urrutiago ginena, gero eta zailago GU esatea bera, hemen, gure herrian, guren herrian, herri gutar eta gotor honetan.

“Izango gara…”, “lortuko dugu”, “entzungo gaituzte”, gu, euskaldunok, euskal herritarrok, hiritarrok, abertzaleok, demokratok, bakezaleok…

Nor?

Nor-Nork?

Nor-Nori-Nork?

Gu-ren erradiazio maila neurri itogarrietan egoten da hemen, gure herrian, gu-ren herrian. Gu da harraparia, gu da pelagikoa, gu da guda, gu den uhin hedakorrak harrapatu egingo zaitu, nahi ez baduzu ere; gu-ren zaunkak ekarriko zaitu hesola artera, ardi galdua zu.

Hauteskundeetan, mitinetan, komunikabideetan, bertso-saioetan, literatur solasaldietan… bihotza harrapatu nahiko dizu gu-k, dizugu. Baimenik eskatu gabe, beretzat barne hartuko zaitu gu-k, zaitugu.

Letrarik gutxienean jenderik gehien kabitzen duen hitza baita. Atzean zenbat duen ongien ezkutatzen duen izen-ordaina gu da. Guda. Estrategia belikoa.

Batalla zahar batean izan zen, ez dut gogoan zeinetan. Etsaiaren kataleju paretik pasatu zen armada hura, tankeak eta tankeak eta tankeak amaitzen ez zen hilaran, tankeak eta tankeak, izugarrizko pila, boteretsuena kokiltzeko moduko indar erakustaldian. Jakin balu etsaiak iragaiten ziren haiek, tanke gutxi batzuk berak zirela beti, bueltaka eta bueltaka etengabean tropa amaiezin bat irudikatuz…

Ezin jakin zenbat den gu.

Zer den gu.

Baina zera definigaitz baten ezkutaleku izanik ere, gu ez da beti gezurra.

Zerbait badugu.

Zebait bada gu.

Eta izango. Bai bederen, [Urtzuia] Ursouia, [Itxasu] Itchasou, [Irulegi] Irouleguy, [Altzürükü] Aussurucq eta [Xoko Maitia] Tchoko Maitia, soina soinuari fidel baina soinekoa beste maitale batentzat jantzita ikusirik, min hartzen dugun artean.

(Bilbo Zaharra euskaltegiak Joseba Sarrionandiaren inguruan antolatutako ‘Abesoj Aidnanoirras. 35 urte idazten’ hitzaldi ziklorako Maialen Lujanbiok idatzitako testua)

ETIKETAK:Joseba SarrionandiaMaialen LujanbioRuper Ordorika