Musika

Maialen Lujanbio

2015.05.13

Maialen Lujanbio

Sarrionandia, hostoz hosto (VI)

LINGUAE VASCONUM PRIMITIAE
(Hnuy illa nyha majah yahoo. Poemak (1985-1995) , Elkar, 1995)

Nik zita bat nuen
Bernart Etxeparerekin,
baina larehunda piko urtez berandutu naiz.
Harrigarriena da
Bernart Etxeparek itxadon egin nauela.

Euskal poesiaz galdetu didanean
esan diot:
euskaldunek (zeure salbuespenarekin, irakurlea)
ez dute poesiarik leitzen,
etb ikusten omen dute eta
bidaia turistikoak egiten omen dituzte
tropikoetara.

Etb?

Eta Etb zer ote den asmatzen
eta neskameak ekarritako sagardoa
edanez
Axularren zain geratu ginen.

Aise-ona

‘Aise’ (Jabier Muguruza, Elkar, 1997)

Harrigarriena da Bernat Etxeparek itxaron egin digula. Larehun eta piko urtean itxaron digu. Gero, esperoan sagardo ozpindua edanez, baita Axularrek ere. Eta gaur, 2015ean, ETB zer den asmatu nahian jarraitzen dugun honetan, gaurko egunez oraindik, azalaratzen ari dira denbora iraganaren uretan gure zain ezkutuan zeuden errekarri gehiago: 2004an azaldu zen Joan Perez Lazarragaren eskuizkribua. Albisteak dio, Borja Aginagalde historialariak Madrilgo zaharki-salerosle batenean erosi zuela. “Joan Perez Lazarragakok idatzia eta Arabako euskalkia eta mendebaleko euskararen historia argitzeko tresna ezin hobea. Inoiz dokumentatu gabeko adizki eta hitzak baitakartza. Eskuizkribuaren aurkezpena gertakizun mediatiko garrantzitsua izan zen. Hedabide guztietara iritsi zen aurkikuntzaren oihartzuna, eta berehalakoan izan zen denek ikusteko moduan, prentsaurrekoaren egun berean CD-ROM batean, eta handik egun gutxira Interneten”. Artxibatu, gorde, gal ez dadin.
Orain berriro azaldu da Esteve Materraren Doctrina Cristia, “Danimarkako Errege Bibliotekako artxibo batean galdutako euskarazko liburua, lapurtera klasikoan idatzia, 1617ko lehen edizioaren ale bat”. Gordeketan ondoegi ezkutatu den haurrari bezala, luze joan zaio itxaronaldia. Zeinek jakin, Danimarkako liburutegian ze elkarrizketa izan ote dituen bere auzo libururekin! Azaldu berri dira Asteasuko artxiboan, Maria Magdalena Lertxundikoaren aurkako salaketaren dokumentazioan, Maria Ignazia Mujikak eta bere ahizpak 1816an jarritako bertsoak. Eta salaketa idatzia zelako jakin dugu gehiago ere: “… se agrava la maldad al considerar que la afrenta se ha executado de la manera que recibe una publicidad escandalosa, y difícil de contener su pernicioso vuelo, porque la juventud que en todos los paises y no menos en esta provincia se entrega a tomar los versos de memoria para contarlos, se olvida con dificultad de ellos por el frecuente uso que hace de ellos… “. Bazuela indarra bertsoak! Paperetan bai, baina hitzetik-hortzera memoria kolektiboan gordetzen ziren hitzak.

Txirrita aurrez-aurre entzun zutenek, grabagailurik ez baina belarriak erne, entzundakoak gogoan hartu zituzten eta gerokoei eman

Ez alferrik, “nere aipamenak izango dira beste 80 urtian” esanda utzi zuen Txirritak ere, eta 2016an beteko dira 80 urte horiek. Hona hemen 79 urte geroaro haren aipamenak. Txirrita aurrez-aurre entzun zutenek, grabagailurik ez baina belarriak erne, entzundakoak gogoan hartu zituzten eta gerokoei eman. Txirritak idazten jakin gabe jarri zituen bertsoak ere iritsi zaizkigu, bere ilobari esan eta hark paperera emanak. Hizkuntzalariek diote, hizkuntza bat hiltzean egin litekeela galdu eta desagertu; edo egin litekeela galdu baina ez desagertu, idatzian eta hiztegietan dokumentatuta geratu delako betirako. Eta hemen gaur egun gu eta gure hitzak. Gertakizun mediatiko garrantzitsua izanik ere, eta publicidade escandaloso eta guzti, ari gerala ari gerala… nork daki biziko diren beste 80 urtian, 100, 200 urtez… Artxibo sistema mutatzaile guztietan barrena azalaldatuz, kasetetik, CD-ROMera, USBra, Internetera, lainora, auskalo nora… Memoriatatik, kolektibotik, memoria esternotara. Gaurko euskarazko hitzak ez dira desagertuko. Izango dute nola iritsi etorkizunera. Kontua da, han, etorkizunean, izango ote duten inor zain.

(Bilbo Zaharra euskaltegiak Joseba Sarrionandiaren inguruan antolatutako ‘Abesoj Aidnanoirras. 35 urte idazten’ hitzaldi ziklorako Maialen Lujanbiok idatzitako testua)

ETIKETAK:Jabier MuguruzaJoseba SarrionandiaMaialen Lujanbio