2015.05.06
HODEIA
(Joseba Sarrionandia, argitaragabea)
Oskarbiaren huts urdinean
Hodeibakarti badoa
Airean zehar itxuraldatuz
zeinen hodei arraroa…
Hodeia edo zure gogoa
zein da arrarogoa?
Arraroa da hodeia, baina
gehiago zure gogoa!
Orain dirudi itsasontzi bat,
orain ardi bat zoroa,
orain balea, zakur burua,
zeinen hodei arraroa…
Hodeia edo zure gogoa
zein da arrarogoa?
Arraroa da hodeia, baina
gehiago zure gogoa!
Izar jauzia, gaztelu handi,
arranoaren hegoa…
Orain umetxo bat igerian,
zeinen hodei arraroa…
Hodeia edo zure gogoa
zein da arrarogoa?
Arraroa da hodeia, baina
gehiago zure gogoa!
Nor ez da noizbait hodeiek zeren itxura duten asmatzera jolastu? Haur jolasa, bai. Baina bada haurtzaroko jolasak baino bizigarriagorik? Zeruetan joan-etorrian dabiltza denak, piztiak eta aurpegiak, laino-piztiario bat osatzeraino. Izan ere, bitxia da, objektuak baino sarriago izan ohi dira ikusi uste ditugunak animaliak, kreatura asmatuak. Beha bestela kantuari: zakurrak, baleak, ardiak, arranoaren hegoak… Edozer egiten dugu edozer –eta edozer egiten du gure gogoak– zeruan forma bizidunak eta itxurak irudikatzeko, ez ohartzeko, ez ikusi nahi izateko zeru lainotuaren itxurarik agerikoena: marmolezko lauzarena, haren pean edukiko gaituen hilarriarena. Zerua astuna baita. Asko pisatzen du zeruak. Eta guk –gure gogoak– arindu egin nahi genuke zama astun hori. “Irudimenak salbatuko gaitu”, pentsatzen dugu. Ez al da xaloa? Eta ez al da ederra?
Bizirauteko bi modu baino ez dira, agian: bereizi, bakan, arraroa zarela pentsatzea da bata. Arrunta zarela pentsatzea, bestea. Lehen aukerak desengainua du ordain. Bigarrenak, etsipena. Desengainuaren eta etsia hartzearen artean aukeratzea besterik ez dagokigu, orduan?
Arraro hitza maite dut, hala ere. Rare hitzak ingelesez duen esanahi positiboa. Maite dut Bernardo Atxagak Nafarroa Oinez baterako idatzitako leloa: “Ez al da arraroa euskararik gabe Nafarroa?”. Arraroa zu, arraroa ni, arraroa everybody… “Todos somos raros” dio Kiko Veneno eta Martin Buscagliaren kantuetako batek. Rayo Vallecanoko Cristian Alvarez atezain argentinarrari –literaturzalea izaki– zera irakurri diogu berriki: “Atezainak jende arraroa gara. Txikitatik ohitzen zara zure kideak ez bezala janzten. Kirol ezberdin bat jokatzen duzu, futbolaren barruan. Horrek zure izaera beste modu batean garatzera zaramatza, ez zara bat gehiago multzoan”.
Jende normala ez baita existitzen, fermuki heldu nahi nioke ideia horri: ez dago jende normalik, jaun-andreok. Eta are gutxiago idazten ez duen jende normala. Arraroak gu, baina arraroagoak idazten ez duten haiek.
Bururatzen arraroa ez den, edo arraro izan ez daitekeen zerbait? Demokrazia hitzarekin egin bezala, saiatu dira hitz hori esanahiz hustutzen, baina, demokrazia hitzarekin ez bezala, ez dute lortu
Arraro hitza maite dut haren latinezko jatorria ekartzen didalako gogora. Eta latinezko esamolde eder-eder bat, oraindik ere noizean behin erabiltzen dena: rara avis. Rara avis in terris nigroque simillima cycno (“lurrean zisne beltz bat topatzea bezain arraroa”, Juvenal poeta latindarrak duela 1.800 urte bere satiretan zioen legez). Agian sortzailearen bokazioa da hori? Rara avis bat izatea, hegazti arraro bat, hegazti errari bat, bista zorrotzekoa, zerua urratzen duena, droga lisergikoak –peiotea, ayahuasca– hartzen dituen tribuko xamana, urrundik-heldu-naiz-luze-ibili ikusten duena mundua, hodei arraroenetaraino igorik eta haietako bat bilakaturik –zakur, bale, ardi, arrano–?
“Arraroa da hodeia, baina arraroagoa zure gogoa” dio kantuak. Izan ere, ia edozer gauza izan liteke arraro. Ordu arraroa, gorputz arraroa, eguraldi arraroa, kantu arraroa… Ordu arraroa: esna zauden bakarra zarelako. Gorputz arraroa: Michelangelok zizelkatutakoen antzarik ez duelako. Eguraldi arraroa: goizekoa eta eguerdikoa berbera ez delako. Kantu arraroa: sei minutu baino luzeagoa delako. Esan, bururatzen zaizue hitz elastikoagorik? Bururatzen arraroa ez den, edo arraro izan ez daitekeen zerbait? Demokrazia hitzarekin egin bezala, saiatu dira hitz hori esanahiz hustutzen, baina, demokrazia hitzarekin ez bezala, ez dute lortu. Arraro hitzak bere arrarotasunean dirau, tinko. Demokrazia hitzaren eta arraro hitzaren artean hautatu beharko bagenu, ez genuke zalantzarik egingo: arraro hautatuko genuke beti.
Norbaiti buruz esan dezaketen gauzarik onena ez ote da “rara avis bat” dela esatea? Sailkapen taxonomikoetatik kanpo dagoen norbait, orratzarekin kortxoan iltzatzen asmatzen ez dugun tximeleta, disekatzerik ez dugun hegaztia: rara avis.
Desengainurik desengainu, azken garaipenera arte.
(Bilbo Zaharra euskaltegiak Joseba Sarrionandiaren inguruan antolatutako ‘Abesoj Aidnanoirras. 35 urte idazten’ hitzaldi ziklorako Harkaitz Canok idatzitako testua)