Musika

Maialen Lujanbio

2015.04.15

Maialen Lujanbio

Sarrionandia, hostoz hosto (II)

MARINEL BATZU
(Marinel  zaharrak, Elkar, 1987)

Marinel batzu han geratu ziren betirako
portu bazterrean, hilerriaren alboan.
Arrats arratsero tabernara sartu eta
harik eta konortea galdu arte edaten dute,
beren fatua haur batek jaurtiriko
dadoa balitz bezala
lehen edo bigarren karan geratua,
etxera bueltatu nahi ez balute bezala,
egundo etxerik ukan ez balute bezala,
gaua kanpora irtetzeko orduan
ausiki katalogoa balitz bezala.
Tabernako horman bada botila bat,
bere barruan miniaturazko fragata bat eta
honen kubertan marinel figura tipi batzu,
denak zuriz jantziak.
Mörlandgo portuan ez dago sekula
itsasuntzirik.

fitxategia_ikusi

‘Badok hamahiru’ (Oskorri, Elkar, 1992)

Gure teklatuetan egon ere ez dagoen bokal batez idazten den portu izen bat. Mördland. Kontu egin nongo ezkutuan dagoen… Urruntasunaren nostalgia dario, zaurien duintasunarena, fatuaren fatalitatea, derrotaren poetika gozoa, munduan galdutako portu bateko taberna-zulo zaharrari. Gero, poesiaren lanbroa kendu ezkero, pentsa liteke Mörland-go Portuko taberna hark edo Lutxanako edo Pasaiako portu ondoko zulo haiek izango zutela poesia ez besterik. Bere gordintasun literatrarioki ederrean, izerdi usaina, txistua lurrera, beldurgarriak ere izango zirela literaturatik juxtukoa duen bizitza errealean. Baina itsas-munduaren iruditeria behin eta berriz erabilia da gure literatura, kantugintza eta bertsoetan, eta beti gailentzen da balentrien epika eta urruntiaren poetika. Gure marinelak marrazten dira itsaso gaiztoetan, destinuaren mende, itzulerarik ezaren arriskuan. Gogor bezain eder literaturan. Gure arrantzaleak, Ternuan bale arrantzan, edo Senegalen atunetan. Baga erraldoi artean gau eta eguneko lanean, hilabete luzez etxetik kanpo. Eta langilearen duintasuna, itsas-ekaitzak, bizarrak salitrez erreta eta eskuak hotz, lanak zartatuta. Arrantzalea heroia da, epikaren protagonista gure iruditerian. “Bizarra moztu barik etorri zaren arrantzalea zara. Itsasoa harro egon arren, gaur lana daukazu” jarriko du gai-jartzaileak gaia eta jendea hunkiberatuko da egurrezko aulkietan balentria lazgarriak entzuteko prest, beti familiaren, herriaren, duintasunaren alde.

Nahiz eta akaso, arrantzalearen poesia-lurrinik gabeko egia gehiago den gordina, nekea, hotza, gizon gehiegi denbora luzeegiz espazio txikiegian, langileen mailaketa, miseria haundiko egunak; mozkor txarrak munduaren uzkiko portu herdoilduetan, bakardade bat nostalgiaren gozorik gabea. Kantuetan azaltzen ez diren gauzak…

Baina beti ere “Bizarra moztu barik etorri zaren arrantzalea zara. Itsasoa harro egon arren, gaur lana daukazu” esango du gai-jartzaileak eta ez adibidez “Permanentea egin barik etorri zaren etxekoandrea zara. Igandea den arren, gaur lana daukazu”.

Ze, arrantzalearen emaztea, gure literatura eta bertsoetako beste pertsonaia poetiko klasiko bat da: Kaian itsasoari begira, heroiaren zain dagoen emakume fidel eta serbitzala. Mörlandgo portuan etxera itzuli nahi ez balute bezala daude marinelak, konortea galdu arte edaten, eta euren emazteak portuan senarrak etxera noiz itzuliko diren olatuei galdezka.

“Azkenaldian bezala, egunero, Bermeoko kai-ertzean topo egin duzuen bi amona zarete. Negar malkotan, galdera asko dituzue, baina itsasoak ez omen du erantzunik”, jarriko du gai-jartzaileak eta jendea emaztearen tristura gazia dastatzeko prestatuko da, nostalgia, maitasun zirrikiturik gabea, betirakoa. Dena -tasun, zain dagoen emakume eredugarriaren ahotan.

Nahiz eta akaso arrantzaleen emazteen poesia-lurrinik gabeko egia gehiago den, bizi egin behar eta ohitu egin direla bakarrik bizitzen: haurrak, eskolako bilera, errekaduak, lanera joan, aitagiarreba zaintzeko txanda, erabakiak bakarrik hartu, ardotxo bat lagunekin, lapikoa sutan, fakturak ordaindu, mendi buelta bat tartean… Zain egonik zain egon ezin duenaren moduan.

Baina hori nola esan… marinelaren epika gure iruditerian denarekin. Nola esan, senarrak baga erraldoi artean arriskuan dabiltzala… etxera datozenean, nola esan, ohiturak bere forma hartua duela, eta bizirik itzuli direlako pozaren ondoren, instantegarrenean, nola esan… senarrek etxean traba egiten dietela.

Nola esan, kantuetan esaten ezin diren gauzak.

Nola esan kantuetan, esaten ez diren gauzak.

Urruntasuna beti da poetikoagoa arruntsuna baino.

(Bilbo Zaharra euskaltegiak Joseba Sarrionandiaren inguruan antolatutako ‘Abesoj Aidnanoirras. 35 urte idazten’ hitzaldi ziklorako Maialen Lujanbiok idatzitako testua)

ETIKETAK:Joseba SarrionandiaMaialen LujanbioOskorri