Musika

Urko Ansa

2020.09.17

Urko Ansa

Sar dadila argia (Murgi, Arrasate, 2020.09.11)

Itzali dira argiak eta hasi da magia. Azken diskoa grabatu zutenetik hirukote bihurtua den talde progresiboak hala izaten jarraitzen du, instrumentazio aldetik sinpletasunera jauzi egin badute ere. Aurreko bi lanetako konplexutasun instrumental hura (pianoak, arrabita, klarinetea eta abar) gitarra-baxua-bateria formulara etorri da, hala Sargia diskoan (2019, I.O.) nola ondoren etorri diren zuzenekoetan ere. Kontua da rock progresibo estiloan jarraitzen dutela, akaso gogorrago baina berezkoa duten aberastasun zipitzik ere galdu gabe. Aurreko diskoan jada hasia zen energia igoera hori, eta egia esateko Cédric Lépineren danborren boterea hor egon da bigarren diskotik.

IMG_2221

Greg Juvin, Cédric Lépine eta Tristtan Mourguy, Arrasateko emanaldian. (Urko Ansa)

Martxo aldera koronabirusa eta konfinamendua hasi zirenetik eman duten kontzertu bakarra izan zen Arrasateko hauxe. XXII. Kulturate Akustikoaren programazioari so eginez gero, guztira sei kontzertu izan dira irailean, eta izenak berak “akustikoa” dioen arren, Murgirena elektrikoa izango zela konturatu ginen bizkor. Iazko abenduan, Durangoko Azokako Ahotsenean ikusi ondoren liluratuta gelditu zen horietako bat da kronika hau idazten ari dena. Arrasateko aretoa txukuna bezain polita dela esan gabe doa, ikusle gutxi samar elkartu baginen ere. Horrelaxe gertatzen ari da uda honetako kontzertuetan: segurtasun neurri guztiak betetzen dituzten ekitaldiak, haietako % 95a debalde gainera, ia ikuslerik gabeko erakustaldi bihurtu baitira; salbuespenak salbuespen.

Azken diskoa goitik behera jo zuten, hartan daukaten konfidantza osoa erakutsiaz. Lan harrigarri hartan bezala, “Espazio ta denbora”-rekin hasi ziren. Urduritasuna, zalantzak, ohikoak izaten dira hasieretan, baina hirukote honek daukan ofizioa ikusita, ikuslegoak ez du halakorik nabaritzen, soinu mardul gogoangarri bat baizik. Aurreko diskoa (Dual (2/2): beharrezkoa da… hutsa, 2018) zein zoragarria den gogorarazteko momentuak eskaini zizkiguten segidan: atmosferiko zein harmonikoki mimoz zaindutako konposizioak, hala nola “Bizi heriotz hazi”, “Goxo-goxo eroso” edo, sakonago oraindik, “Mistizismoa”. Ezin ahantzi genituen, haatik, jatorrizko bertsioetan hain goxoki sartutako arrabitak, klarinetea, edota Flore-Elise Capelier-Mourguyren pianoa eta ahotsa. Badauka Flore-Elisek Tristtanekin edo bakarrik kantatzen duenean halako magia berezi bat, eta barkatuko didazue, baina soilik Iparraldeko kantariek egiten duen modu horretan, hain xarmanki eta naturalki…

Haien tartean “Erakartzeko hitzak” sartu zuten, hots, bigarren diskotik (Dual (1/2): Gordeka, 2016) joko zituzten bietako bat. Lehen diskotik (Trobador, 2015) ez zuten alerik sartu. Tristtan Mourguy-k bere izenpean sinatu zituen lehen hiru diskoak. Azkena berriz, Murgi izenarekin, talde-lana bultzatu eta plazaratzeko formula dudarik gabe. Itzuli ziren, itzuli ere, Sargia-ra, “Denborajale”, “Txakur eta otso artean” eta “Musikara” sentibera bezain barnerakoi eta boteretsuekin. Haien aurretik, gainera, iazko euskal kantarik onenetakoa izan zen “Me too” borobila.

Greg Juvinek baxua jotzeko duen estilo luze eta sakonak ematen dio aparteko atmosfera Murgiri. Bere akordeek murgiltzen gaituzte irten nahi ez dugun hodei horretan. Eta estiloaz ari garenez, zer esan Cédric Lépineren atabal kolpeez? Gau honetan bere danborren botereak agindu zuen guztiaren gainetik. Jotzeko daukan estilo frenetikoak, tinbal festa eta lantzen dituen erritmo konplexuekin, areto txiki honetan biderkatu egiten du bere berezko potentziala. Txapa kontuetan ere maisua (hamar kontatu nituen!), bere gustu onarekin harritu gintuen “Bizikloak” kantaren sarrera korapilatsu eta iradokitzailean. Bateria puska eder horretan tinbal kontuak ia plateren mailara iristen dira. Tristtani buruz, bera da taldearen arima eta burmuina. Gitarra jotzeko duen modua berezia da oso, eta bere ahotsaren sakontasunak ematen dio Murgik daukan aire progresibo ia mistiko hori.

Tristtan Mourguy da taldearen arima. Gitarra jotzeko duen modua berezia da oso, eta bere ahotsaren sakontasunak ematen dio aire progresibo ia mistiko hori.

“Gordeka” bigarren disko hartako ale adierazgarrienetakoaren ondoren “Beharrezkoa da… hutsa” da Tristtanen tonu aldaketaren adibide garbienetako bat, amaieran egiten duen oihua medio. Adierazle gehiago ere badaude, “Me too” edo “Jadanik eta berritz” kantuetan, adibidez. Lan berriari errepaso zabala berriro ere, lehen aipatutako “Bizikloak”, “Jadanik eta berritz” bortitza, “Kolonizatze hizkuntzala” eta “Sargia”, laurak segida honetan, diskoaren amaiera partean gertatzen den moduan. Azken hori Joxean Artzeren poema batean oinarrituta dago, eta salbuespena da, lehen diskoraino jauzi egin beharko baikenuke Tristtanenak ez diren hitzak topatzeko. Musika osoa ere, esan gabe doa berea dela.

Ez zen askoz gehiago luzatu emanaldia, zoritxarrez. “Maitia” zoragarria aukeratu baitzuten azken agurra emateko. Hemen ere Flore-Elise Capelier-Mourguyren ahotsa dotore gelditzen da diskoan, baina hirukote formatuko zuzenekoek funtzionatzen dute, eta Tristtan gai da kantu guzti horiei behar duten sentiberatasuna emateko. Ordubete doi-doi pasa zuen emanaldia aski motza egin bazitzaigun ere, birusak ekarri duen egoera arraro hau noiz pasako zain gaude Iparraldekoak berriro ere ikusteko. Donibane Lohizunekoek dena eman ziguten ostiral gau hartan; orain ikuslegoak ere beste hainbeste egitea soilik falta da merezi duten fama lortzeko.

ETIKETAK:Cedric LepineGreg JuvinJoxean ArtzeKontzertuakMurgiTristtan MourguyZuzenekoak