2022.01.20
Sistemak Arriskutsuak Dira (S.A.D.) taldeak iaz eman zuen bere burua ezagutzera Aieru izenburuko diskoarekin. Lehen lan horretan osagai estetiko nagusi gisa punk-rockaren sustraietara hurbiltzen saiatu da Leioako (Bizkaia) hirukotea —Xabier Seoane (ahotsa eta gitarra), Eneko Perez (baxua) eta Aitor Urrutia (bateria)—, baina diskoari hasiera ematen dion “Ureia” abestiak eremu horretan aurrerapausoak emateko nahia erakusten du. Izan ere, Purple Vellocet taldearen “Mother Porno” abestian du abiapuntua, haren gitarra melodian oinarritzen baita baxua. Abesti horren gainean Nad Productions ekoiztetxeak egindako bideoklipa estreinatu du gaur.
“Ureia” izan zen diskoa grabatzeko Urtzi Izaren estudioan sartu aurretik taldeak sorturiko azken abestia, baina lanaren oinarrietako bat da, “It Hurts” edota “Aieru” abestiekin batera. Atico Stereo zigilu sortu berriak argitaratu du S.A.D.en lehen diskoa, eta dioenez, taldeak gaitasun handia du “proposamen estetiko zehatzik ez duen giro progresibo batean” murgilarazteko entzulea, “baina aurrera egin ahal ezaguna egiten zaiguna”.