2018.12.18
Gabonetako otorduak nola, Ruper Ordorika-ren kontzertua ezinbestekoa da Bilboko Kafe Antzokiaren egitarauan. Gabonetako ezinbesteko beste saio bat da ikusle askorentzat, eta hala da Ordorikarentzat berarentzat ere. Larunbatean 23 urte bete zituen aretoak, eta urtero egin du han emanaldiren bat; bere ibilbidean grabatu dituen bi zuzeneko diskoak ere bertako kontzertuetatik atera dira. Etxean bezala aritzen den seinale. Joan den asteburuan ere ez zion hutsik egin zitari, eta bi kontzertu eman zituen asteburuan —larunbatean bat eta igandean bestea—, bere egungo taldekideekin batera. Grabatu egin zituen emanaldi horiek, eta bere ibilbideko zuzeneko hirugarren diskoa izango denaren oinarri izango dira. Etxean eta etxekoentzat egindako emanalditik aterako da haren hurrengo lana.
Ikusleek bazekiten hori, eta, horregatik, urteroko saioa letra gorriz zuten idatzia egutegian. Goraino bete zen Kafe Antzokia bi kontzertuetan, baina larunbateko betekadarik ez zen izan igandean. Bere ibilbide luzeari errepasoa egin zion, eta garai ezberdinetako kantuak jo zituen. Igandean bi orduko emanaldia egin zuen, eta denbora tarte horretan 24 kantu interpretatu zituen. Betiko kantuak berriagoekin tartekatuta, egonkortuta daukan egungo taldearen lekukotza utziko du disko berriak. Arkaitz Miner, Lutxo Neira eta Hasier Oleaga-rekin osatua du taldea Ordorikak, baina grabaziorako David Soler musikari katalanaren laguntza ere izan zuten asteburuko emanaldietan —aurreko zuzeneko diskoan ere parte hartu zuen—.
Doinu klasikoekin abiatu zuen igandeko emanaldia. “Herdoiarena”, “Martin Larralde” eta “Hemen nago” kantuak bata bestearen atzetik iritsi ziren, eta, abesti horiekin, ikusleak berehala kontzertuan barneratu zituen Ordorikak. Doinu berriagoak iritsi ziren ondoren: “Esan gabeko arrazoia” eta “Zerutik gertu ez da ondo egoten”. Kantu berriagoak izanagatik ere, apurka betiko kantu bilakatzen ari diren itxura eman zuten. Ordorikaren taldeak halako batasun bat ematen baitie kantu denei, eta abeslariaren ahotsean aire hori are gehiago nabarmentzen baita.
Baina musikak besteko garrantzia dute hitzek, eta bizipozaren aldeko alegoriarekin jarraitu zuen kontzertua, “Hargiñenean” abestiarekin, honela kantatuz: «Kantu bat goiz berriarendako/ Kantu bat bizipozaren alde/ Esaidazue, non ninteke hobeki?/ Hemen jo dezaket neure musika ozenki». Gozamen horren ifrentzua iritsi zen ondoren, “Belauniko”-rekin: «Gizon bat bakarrik/ Jendetzaren erdian/ Gizon hura/ Belauniko eta negar batean». Eta ikusleekin batera kantatu zuen ondoren Ordorikak Ene begiekklasikoa: «Mendea eta segundua gurutzatzen diren lekua/ Lekua besterik ez izan, hurrin deritzan aberrian».
Kontzertua lehen zatiaren erdialdera iritsi zen horrela, eta azken hamarkadan argitaratutako diskoetako kantu ugari jo zituen taldeak: “Zure etxera noa”, “Ahots urrunak”, “Lera zakurren balada”, “Beltzarana”, “Argia”, “Hamar negu” eta “Nirekin geratu”. Ikusleen artetik lehen oihuak ere entzun ziren: «Aupa Ruper!», «Eskerrik asko, Ruper!». «Milesker» batekin erantzun zuen Ordorikak, eta Hiru Truku-ren “Zazpi nobio” jo zuen jarraian. Lehen atsedenaldia hartu aurretik, “Bizitza eder denean” kantagarria eta “Zaindu maite duzun hori” kantatu zituen, jendearekin batera.
Labexomorrorik ez
Txaloak eta beste kantu bat jotzeko eskaerak aldarri bihurtu ziren musikariak atseden hartzera joan zirenean. Itzuliko zirela bazekien jendeak, ordea. “Hiriak” ederra, “Ez da posible” kantagarria eta “Egia da” dantzagarria izan ziren lehen bisak. Berriz ere atseden hartzera, eta berriz ere txalo zaparrada. Baina Kafe Antzokian, etxean, ezin zuen Ordorikak “Berandu dabiltza” kantatu gabe joan. Hala eskatu zion bederen entzule batek, «beste bat!» oihuak ozen entzuten baldin baziren ere. Irribarretsu itzuli zen Ordorika taula gainera, eta kasu egin zion entzule hari, baina aurretik “Fas fatum” jo zuen. Amaiera usaintzen zen, eta, azken urteetan ohiko bihurtu den gisara, “Labexomorro” joko zuela pentsatu zuten askok. Eta errituala beteko zela pentsatuz, beste norbaitek ere hala eskatu zion. Baina oraingoan jaramonik ez: Bob Marleyren “Redemption Song” euskaratuta kantatu zuen trukean.
Kontzertu amaierako txalo zaparradari burua makur eta esker ona adieraziz eutsi zion oñatiarrak. Gitarra lurrean bermatuta eta bi eskuak bertan jarriak zituela. Gustura zegoen, eta emandako kontzertu goxoarekin gertuko disko bat, etxekoa, argitaratuko den irudipenarekin atera ziren ikusleak Kafe Antzokitik. Hurrengo urtean Gabonak gerturatzen hasten direnean, berriz errepikatuko da errituala, baina, hala ere, badaezpada, Ordorikak honela esan zien Kafe Antzokiko arduradunei: «Trikitilariek esaten zuten moduan, deitu bueltan».