Musika

badok

2021.09.30

badok

Ruper Ordorika, Jon Maia eta ‘Katebegiak’ bilduma, Elkarren nobedadeen artean

Elkar diskoetxeak jakitera eman ditu udazkenean argitaratuko dituen lan berriak. Oparoak datoz hurrengo hilabeteak ibilbide luzeko diskoetxearentzat, dozena bat lan jarriko baititu kalean urritik abendura bitartean.

Lehenengoa dagoeneko kalean da, Kherau taldearen Phrolck hirugarren diskoa, eta bihar bertan, urriak 1, Bixente Martinezen bakarkako lehen diskoa aurkeztuko du, Txoria buruan eta ibili munduan. Oskorri taldearen errepertoriotik ateratako abestiek osatzen dute diskoa, baina “bere barruko esentziaren bila biluztuak izan dira, ondoren modu libre eta berri batean birmoldatuak izateko”, diskoetxeak azaldu duenez. LP eta CD formatuetan argitaratuko da Martinezen diskoa, eta igande honetan zuzenean entzuteko aukera izango da Getxoko Muxikebarri aretoan.

Bixente Martinez 2021

Bixente Martinezek bakarkako lehen diskoa kaleratuko du.

Urriaren 7an Mikel Moreno Kauta taldeko kide ohiaren bakarkako lehen diskoa aurkeztuko du Elkarrek. Esnatu baino lehen pop eta rockaren arteko disko bat da, “esperimentazio eta hausnarketa ordu luzeen emaitza”. Uda aurretik “Itsaslabarrean” lehen singlearen bideoklipa ezagutu genuen.

Kalakan eta Euskadiko Orkestraren arteko kolaborazioa da Elkarren beste nobedadeetako bat. Hirukoteak eta orkestra sinfonikoak bat egin dute euskal musika tradizionala bildu eta zabaltzea helburu duen proiektu honetan. Kalakanek euskal folklorea berritzeko egin duen saiakera mundu klasikoarekin uztartu da disko honetan. Urriaren 18an argitaratuko da eta ondoren Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta Donibane Lohizunen (Lapurdi) aurkeztuko dute zuzenean.

KALAKAN + EUSKADIKO ORKESTRA

Kalakan hirukotea eta Euskadiko Orkestra, diskoaren grabazioan.

Jon Maia bertsolari eta kantariak Kantu bat gara disko-liburua aurkeztuko du azaroaren 12an. Kantuen letragintzan hainbat talde eta abeslarirentzat (Negu Gorriak, Gari, Ken Zazpi, Gozategi, Anari…) egindako 30 urteko ibilbidea jaso du Maiak liburu honetan, eta letra horiekin egindako zenbait kantu berriz grabatu ditu Pello Ramirez, Gorka Hermosa eta Nacho Soto musikariekin. Abenduaren 29an Donostiako Viktoria Eugenia antzokian kontzertua eskainiko du diskoa aurkezteko.

Oraingoz argitaratze-datarik ez duten diskoen artean, Ruper Ordorikaren lan berria dago. Izenbururik ez du oraindik, baina antza denez, harritu egingo gaituen diskoa da. “Beharbada pentsatuko duzu haren disko berriaren ildoa gutxi gorabehera ezagutzen duzula. Guztiz oker zaude!”, azaldu du Elkar diskoetxeak. Oskarbi taldearen Kantua zueri diskoa eta Aita Mari erreskate ontziari laguntzeko Korrontzi taldeak egindako lana ere argitaratuko ditu Donostiako zigiluak.

Ruper Ordorika

Ruper Ordorikaren lan berriak udazkenean ikusiko du argia.

Halaber, DJ Makalak atondutako Katebegiak bildumak argia ikusiko du datozen asteetan. 70eko hamarkadan Euskal Herrian loratutako musika korronte ezberdinak —rock sinfonikoa, jazz rocka, psikodelia…— ordezkatzen dituzten hainbat talderen abestiak bilduko ditu —Errobi, Haizea, Izukaitz, Itoiz, Itziar, Enbor, Lisker…— lan horrek. Eta horrekin batera, bi disko argitaratuko ditu biniloan: William Fischerrren Akelarre sorta bat eta Amaia Zubiria eta Pascal Gaigneren Egun argi hartan.

Azkenik, Elkar Vinyl Collection bildumaren barruan, Negu Gorriaken hiru disko —Hipokrisiari stop!, Ideia zabaldu eta Salam, agur—, Anestesiaren Toki berean EPa eta Kaotikoren Mundo kaotiko berrargitaratuko ditu Elkarrek.

ETIKETAK:Bixente MartinezEuskadiko OrkestraJon MaiaKalakanKherauKorrontziMikel MorenoOskarbiRuper Ordorika