Musika

Olatz Silva Rodrigo

2022.12.03

Olatz Silva Rodrigo

Rockero izandakoen runbak

«Baina orain ulertzen dut,/ betirako ez garela;/ abesti hau zuretzako da,/ abuela maitea». Abuela maitea abestia kaleratu zuen ETS (En Tol Sarmiento) taldeak irailean, prestatzen ari ziren disko berriaren aurrerapen modura. Iñigo Etxezarreta abeslariak amonari egindako balada bat da kanta, eta bizitza osoan izan duten harremanaz hitz egiten du abesti horretan. Eta orain eman dute argitara kanta hori biltzen duen Guretzat diskoa. Taldeak inoiz sortu duen lanik «ausartena», kantariaren hitzetan.

Iñigo Etxezarreta abeslaria Guretzat diskoaren aurkezpenean, Bilboko Kafe Antzokian. (Marisol Ramirez / Foku)

Ziklo bat itxi du ETSk, eta beste bat ireki. Musikariak gogora ekarri duenez, ska eta rock estiloekin hasi zuten euren ibilbidea, duela hamabost urte. Orain, ordea, nahiago izan dute «abanikoa» zabaldu: «Diskoan, folk abesti bat dago, runba bat, balada bat, reggae abesti bat eta bi reggaeton abesti». Musika elektronikoak ere pisu handia dauka diskoan. Etxezarretak aitortu duenez, beretzat beharrezkoa izan da aldaketa, sortzaile modura hazten jarraitzeko. Bederatzi abesti berri ditu diskoak, eta bi kanta ere gehitu dituzte «bonus track» modura: pandemia garaian kaleratutako Zurekin batera eta Sumendiak izenekoa.

«Pertsona batzuek pentsatuko dute abestien artean desberdintasun asko dagoela, baina nik uste dut gaur egungo gizartean gertatzen dena irudikatu dugula; nik horrela bizi dut musika, behintzat», adierazi du. Eta gehitu du jendeak estilo askotako abestiak entzun eta horiekin playlist bat sortzen duela. «Hori disko batean aurkitzea zaila da, eta horregatik da interesgarria disko hau, estilo mota asko batu ditugulako; badirudi zoramen hutsa dela».

Aldaketa egon arren, taldea berbera da, abeslariak dioenez. «ETSk beti egin ditu melodia itsaskor eta poperoak; eta disko honetan ere horrela egin dugu». Genis Trani izan da ekoizlea, eta musika eta hitz guztiak Etxezarretak egin ditu. Bi urtean ehunka melodia sortu ditu abeslariak, eta beretzat onenak zirenak hautatu ditu diskorako. «Sentimenduetara zuzenean doazen melodiak dira, herri melodiak, gogoratzeko errazak».

Kalea eta kultura herrikoia

Abesti bakoitzeko emozio bat eragin nahi du Etxezarretak. «Nahi dudana da jendeak diskoa entzutea eta jakitea ea zerbait esan dion edo ez». Urte askoan egon da antzeko estilora bideratutako kantak sortzen: «Ez dakit beldurragatik edo inertziagatik izan den, baina gogoa nuen nik nahi nuena egiteko». Berdin dio estiloa zein den, beretzat mezua da garrantzitsuena: kontzeptua.

Pertsonei, kaleari eta kultura herrikoiari egindako omenaldia da Guretzat. «ETS herriko plazetan egin da handi, eta jarraitzaileei eman diguten guztia bueltatu nahi diegu». Espazio horien eta jaien garrantzia azpimarratu du Etxezarretak. Euskal Herriko musikariengana jo dute, horregatik, kolaborazioak egiteko: Eñaut Elorrietak, Idoiak, Duplak eta Josune Arakistain Süne-k hartu dute parte diskoan.

Beharrezkoa ikusi dute disko fisikoa kaleratzea, nahiz eta onartu gaur egun jendeak gero eta disko gutxiago erosten dituela. «Diskoa aitzakia izan daiteke jendearekin egoteko, esate baterako, Durangoko Azokan», aitortu du. «Eta zerbait materiala izateko». Abesti bakoitza margolan «kostunbrista» batekin batera aurkeztu dute diskoan, proiektuari kalitate artistiko handiagoa emateko.

Aurkezpen bira 2023ko martxoaren 4an hasiko dute, Bilboko Kafe Antzokian. Hilabete horretan ere, besteak beste, Gasteizen, Iruñean eta Miarritzen (Lapurdi) egongo dira. Euskal Herritik kanpo ere emango dituzte kontzertu batzuk: Madrilen izango dira apirilean, eta Bartzelonan maiatzean.

ETIKETAK:En Tol Sarmiento