2019.11.07
Intimistago eta rockzaleago. Xumeago eta indartsuago. Itxuraz aurkako bideak eman badezakete ere, guztiak elkartzen diren tokian sortu da Sargia, Tristtan Murgi eta Horeba taldearen lan berria. Batera sinatu zituzten estreinako Trobador (2015) eta iazko Dual 1/2 eta Dual 2/2 lan bikoitza. Eta, sinadura aldatu gabe, baina formula aldatuta aurkeztu dute disko berria: taldea finkatu, eta hirukote bihurtu dute. «Hiruko rock talde bat». Bere bateria, bere baxu, eta bere gitarra elektriko. Murgirekin batera Horeba taldean hasieratik egon diren Greg Juvinek (baxua) eta Cedric Lepinek (bateria) egonkortu dute taldea, eta, haiekin batera, Pey Etura gitarrista argentinarrak ere hartu du parte diskoan.
Orain arteko bidean, zazpi izatera ere heldu dira Horeba taldean, eta, jazz-folketik gertu, instrumentu ugarirekin eman izan dituzte kantuak: gitarran oinarrituta, baina biolin, piano, klarinete eta besterekin lagunduta. Murgiren inpresioa da, ordea, lan berriarekin «rockerotuta» azaldu badira, aurretik egindako bide musikalak horretara eraman dielako dela. Baita logistika kontu batengatik ere: kide asko izanda, erabakiak adostea zaila izan zaie sarri, eta horregatik jo dute hirukote formatura. «Greg eta Cedric, gainera, rockeroagoak dira besteak baino, eta baliatu nahi izan dugu hori dena indar gehiago emateko gure proiektuari».
Bederatzi kantu bildu dituzte lan berrian. «Musikalki oso aberatsak eta progresiboak diren kantu motzak», Beñat Antxustegi musikariaren hitzak ekarrita. Konposatuta zituenetatik, erritmo azkarrenekoak grabatu nahi izan ditu disko berrian Murgik —Juvin taldekidearen Zen estudioan grabatu eta nahastu dute, Uztaritzen (Lapurdi)—. Izan ere, esan du kantu sorta bat duela bilduta, ez duela inoiz eteten sortze lana. «Sustapenean egon, kontzertuak ematen… Berdin du, beti ari naiz konposatzen. Ez dut album baten helburua buruan izaten. Konposatzen eta konposatzen dut, maketatzen dut, ordenagailuan sailkatuz joaten naiz, eta, une batean, erabakitzen dut kutxa ireki, eta izpiritu komun bat duten kantuak aukeratzea». Hala du, esaterako, folk disko «lasai-lasai bat» ere aspalditik prest, grabatzeko unea noiz ikusiko.
Liburu irekiak argitan
Diskoaren azken kantuak ematen dio izena lan berriari. Sarbide-ren sinonimo da, eta musikariak diskoaren azaleko irudiarekin azaldu du ideia. Hiru liburu ageri dira bertan, eta argi bat ezkerraldetik sartzen. «Gu gara hiru liburu horiek. Irekiak gara, badugu gure istorioa, hor da dakigun guztia. Baina argi bat atzetik pasatzen zaigu, eta ez dugu ikusten. Uste izaten baitugu lehenbiziko irizpidearekin dena ulertzen dugula, baina, tamalez, ez da horrela». Gogoeta horren bueltan, «gaurko gaiak eta gertaerak» jorratu nahi izan ditu diskoan. «Sozialak, politikoak; horien gaineko nire iritzia emateko, poetikoki». Hala azaltzen dira, besteak beste, emakumeen aurkako indarkeria (“Me too”), muturreko jarreren (“Kolonizatze hizkuntzala”) eta abiaduraren ajeak (“Denborajale”). Murgi: «Beti hasten naiz barnetik sentitzen ditudan gauzekin; maite dut kantuak hor emeki haztea, denbora ematea». Doinua lantzen du aurrena, hitza gero, baina garrantzitsutzat du bien bat egitea: «Baliteke une batean hitzak musika garaitzea, eta alderantziz. Baina beti elkarrekin izan behar dira, ispilu bat bezala».
Zuzenekoetan, bakarka zein taldearekin ibili ohi da Murgi, eta Sargia ere hala aurkezteko asmoa du. Larunbatean abiatuko da, Irungo (Gipuzkoa) Kabigorrin. Biharamunean Donostian ariko da, hilaren 13an Laudion (Araba), eta 14an Bilbon. Bakarka guztietan. Hil azkenerako iragarri ditu Horebarekin emango dituen kontzertuak: azaroaren 22an Ondarroan (Bizkaia), 26an Iruñean, 29an Hazparnen (Lapurdi), eta abenduaren 1ean Oñatin (Gipuzkoa). «Askeago sentitzen naiz bakarrik; baina bi formak maite ditut, eta biak ditut beharrezko».