Musika

Rockak iratzarritako animaliak

«Animaliak bezala sentitzen gara musika egitean». Rock eta metalaren akordeetan bizi da Haritz Lete —Lekter ezizenez—. Kokein eta Cobra taldeetan aritzen da abeslari eta bateria jotzaile lanetan. Orain, baina, beste proiektu bati ekin dio, Eraso! taldeko Sergi Ruiz Serger-ekin batera; Osso rock eta metal taldea osatu dute biek, eta Paraxuta lehen lana plazaratu berri dute. Hamar kantutan, gitarra soinu indartsuak, ahots pisutsuak eta bateria erritmoak bildu dituzte.

OSSO

Haritz Lete eta Sergio Ruiz. (Josu Torrealday)

«Osso egitasmoak ez du zerikusirik Kokein, Cobra eta Eraso-rekin. Edo bai… Azken finean, musika sentimendua da. Amorrua. Indarra. Ezinegona. Intentsitatea… Eta bi taldekideak ibili diren egitasmoetan sobera dago hori. Eta, noski, hemen ere bai». Koldo Otamendi Musikazuzenean-eko kideak bikotearen intentsitatea goraipatu du, aurkezpen oharrean: «Biko formatuak musika adierazteko eta interpretatzeko beste modu bat adierazten du». Garra dute. Izaera. Gutxiago gehiago da leloari jarraitzen diote, Otamendiren irudiko.

Hamar kantuk osatzen dute 35 minutuko lana, eta «konplexurik gabe egindako rocka» dago oinarrian. Hala ziurtatu du Lekterrek. «Nahiko metal irekia da». Izan ere, «aske» sentitu da musikari parea sortzeko orduan. «Cobran eta Erason egiten dugun gauza bera egiteko ez da. Ahotsetan, beste erregistro batzuk erabili ditugu».

Gogor bezain goxo
Berritasun hori txalotu du Otamendik: «Batzuetan bakarka, eta, besteetan, biak batera, bi ahotsak maisuki uztartzen dituzte, emaitza erakargarri bat lortuz. Bien arteko jokoak, melodia. Kolore ezberdineko kantuak sortzen dira, musika tresnak borobiltzeko behar zuten gehigarria emanez». Eta ez hori bakarrik; estiloa ere jo du begiz: gitarra «zorrotza», riff «lehor eta erabatekoak», bateria kolpe «indartsu eta ferekatzaileak»… Rockaren munduan, «territorio ezberdinetara» doa diskoa.

Sentipenei kantatu diete, kezkei, buruan dituztenei… Ez dute mugarik gaiek. Logikoa da, ez dute-eta hertsitasunez planteatu Paraxuta. Esperimentua izan da. «Ez musikalki eta ez hitzetan, ez dugu mugarik izan». Ondorioz, denetarik entzun daiteke, kanta bortitzak eta goxoak.

«Erritmo aldaketa handia dago kantutik kantura, baina badago hari guztiak lotzen dituen hari fin bat, paraxuta lotzen duen soka bakoitza balitz bezala». Hitz horiekin deskribatu du Otamendik, eta obran dauden bi joerak alderatu ditu: «Pasarte bortitz eta ilunak nagusitzen dira diskoan. Amorrua, oihu eta garrasi artean. Kantu leunak eta gozoagoak ere topa daitezke, begiak itxi eta bidaiatzera gonbidatzen duten horietakoak».

Taldea bataiatzeko hautatutako izenak ere mugarik ezaz egiten du solas, musikarien alde basati horretaz. Osso palindromo bat delako gustatu zaie, berdin-berdin irakurtzen delako ezker-eskuin edo eskuin-ezker. Baina ez horregatik bakarrik. Gazteleraz, oso(hartza) hitzaren antza dauka; euskaraz, oso-k ugari ere esan nahi du. Hala, beste s bat gaineratu diote, bi sortzaileak islatzeko. «Bi s-ek bion binomioa irudikatzen dute». Paraxuta izena, berriz, abestietako baten izenburua da. Salto egiteari egiten dio erreferentzia. «Bota hor goitik eta jausiko zarela badakizu, baina paraxutak geratu egiten zaitu». Arriskua ekarri nahi du gogora, gauzak probatzea.

Entsegu gelatik zuzenean grabaketa estudiora sartu badira ere, orain hasiko dira jendaurrean jotzen. Martxoaren 6an, Durangon (Bizkaia) izango dira, Plateruenea kafe antzokian. 7an, Bilbon igoko dira taulara, Kafe Antzokian. 21ean, berriz, Oñatira iritsiko dira, gaztetxean emanaldia eskaintzeko.

ETIKETAK:Eraso!KokeinOssoParaxuta