2019.05.17
Urteak dira Eric Dezak, Alex Etxeberriak eta Koldo Sagarzazuk elkar ezagutzen dutela. Elkarrekin jo izan dute berbenetan eta blues taldeetan, baina, halako batean, elkarri esan zioten: «Talde bat egingo dugu; orain, benetan». Horrela sortu zen Deus Ez, Eibarren (Gipuzkoa), eta duela bi urte eman zuten argitara diskoa, taldearen izen berekoa. Orain, soinu landuagoarekin eman dute bigarren kolpea: Sherpak diskoa aurkeztu dute, hamar kantako lana.
Indarra dauka Deus Ez taldeak, eta, horregatik, zenbait zalek musikariei esaten diete irabazi egiten duela zuzeneko emanaldietan. 2017. urtean, lehenengo diskoa grabatu zutenean, soinu «gordina» bilatzen zuten, Eric Deza abeslari eta gitarristaren hitzetan. «Beldur pixka bat» zioten ekoizpena gehiegi lantzeari, gero zuzenera eramateko zerbait «erraza» nahi zutelako.
Oraingoan, jauzi egitea erabaki dute: «Ikusi dugu baditugula trikimailu batzuk soinuak pedalekin sartzeko, nahiz eta hirukotea izan». Bigarren diskoaren soinu landua zuzenekoetara eramaten saiatuko dira orain: «Geruza asko daude, eta ezinezkoa da zuzenekoetan dena sartzea, baina hori nahi izan dugu. Beldur gutxiago diogu esperimentatzeari».
Lehen diskotik bigarrenera igaro diren bi urteetan, taldea ez da ezkutuan aritu: 25 kontzertu inguru eman dituzte, eta horietan definitu dute taldearen soinua, eta zein den jarraitu beharreko bidea. «Zuzenekoak erakutsi digu zer estilotan aritzen garen hobeto, non sentitzen garen erosoen», Dezaren hitzetan.
Agertokian ez zeudenean, lokalean ari ziren jotzen, kanta berriak sortzen. «Oso prozesu naturala izan da». Dezak berak eraman ohi ditu «ideiak» lokalera, gitarrarekin sortutako riff batetik abiatuta, normalean: «Denon artean osatzen dugu puzzlea. Bakoitzak berea jartzen du, eta geruzaz geruza lantzen ditugu kantak». Instrumentuak, efektuak eta letra, bata bestearen gainean.
“Zuzenekoak erakutsi digu zer estilotan aritzen garen hobeto, non sentitzen garen erosoen”
Dezaren lana izan ohi da abestietako hitzak idaztea, nahiz eta ez den lanik erosoena beretzat. «Neure burua musikaritzat daukat abesti idazletzat baino gehiago». Halere, pazientziaz lan egitea gustatzen zaio: «Zenbat eta presio gehiago jarri, orduan eta okerrago. Azkenean kantak esaten dizu zertaz hitz egin behar duzun». Sherpak diskoan ere lotuta daude musikarik astunena eta kritikarik zorrotzena dituzten kantak: “Garaile” abestia eta lehiakortasun behartua, eta “Kateak” eta askatasun beharra, adibidez.
Motxila bete kezka
Hamargarren eta azken kanta da Sherpak, eta hark ematen dio izena diskoari. «Iradokitzailea» iruditzen zaie kontzeptua, eta diskoan ageri diren gainontzeko gaiak jasotzeko balio die, gainera. Badaude kantu aldarrikatzaileak, baina batez ere buruhauste pertsonalak kontatzen dituzte abestietan. Horiek guztiek norberari sortzen dioten «motxila pisutsuari» egin nahi izan diote keinu: «Askotan hartzen dugu besteen zama ere, gurearekin batera; horregatik Sherpak».
Josu Erbitiren Drum Groove estudioan (Berriobeiti, Nafarroa) grabatu zuten disko berria, aurrekoaren moduan, hiru musikariek aldi berean jota: «Beste indar batekin jotzen duzu, ez da hain hotza». Elkarrekin duten konfiantzak eta lokalean egindako lanak erraztu zien prozesu «zorrotza».
Kideek ez dute gogo handirik beren musika sailkatzeko: «Oso eklektikoak gara, musika mota asko gustatzen zaizkigu». Grungea eta metala gustatzen zaizkie, baina haiek rock alternatiboa egiten dutela esaten dute. «Halere, ez dakit oso ondo zer esan nahi duen rock alternatiboak», onartzen du Dezak.
Dagoeneko aurkeztu dute Sherpak zuzeneko bi emanalditan, eta «oso gustura» aritu dira. Orain, aurkezpen bira txiki bat dute aurretik: gaur bertan Amurrion (Araba) ariko dira; ekainaren 1ean, Donostiako Olatu Talkan; 6an, Sopelan (Bizkaia); eta, azkenik, 7an, Bilbon. Pixkanaka, taldekideek nabaritzen dute jendea hasi dela Deus Ez izena ezagutzen: «Hasi gara gure tokitxoa egiten, baina ea pixka bat handitu dezakegun».