2018.01.08
«Ni naiz izotz erregina / La Basu, Bilbon jaioa / rapean aritzen zen neskatxa / orain sorgina bihurtuta /mikroa eta erratza / Ez da izan erraza / emakume bakarra izana / Euskal Herrian beti defendatzen nire lana». “Presaka” izeneko abestian aurkezten du bere burua Elena Caballero La Basu rap abeslariak. Ume zenetik egon da hip hoparen munduan murgilduta, eta disko batzuk baditu kalean, baina orain egin du jauzi euskarara. “Trakamatraka” abestiarekin egin zuen lehen proba Aire es vida diskoan; euskarazko hiru kanta bildu zituen Izotz erregina disko laburrean, eta euskara hutsez grabatu ditu orain Ni naiz izotz erregina diskoa osatzen duten hamar kantak. «Erronka izugarria izan da, hizkuntza galduta neukalako, eta lan handia izan delako hori berreskuratzea, baina egin behar zen, eta egin dugu», azaldu du.
Rapeko erritmo klasikoekin batera funk doinuak, dancehalla, elektro-swinga ere uztartzen ditu La Basuk zenbait pasartetan. «Asko gustatzen zait rap karratu hori ere, baina, abesteko, kaña nahi izaten dut, eta gustatzen zait instrumentalekin jolastea. Agertokian hori gustatzen zait. Beste rap klase horrekin ezin da dantza egin, eta horregatik eman diegu buelta bat abestiei». Baina, onartu duenez, ez zaio batere erraza egiten musika oinarria sortuko dion jendea topatzea. «Euskal Herrian ez dago rap ekoizle famaturik, eta dauden gutxiak trapa eta horrelako musika modernoa egiten dabiltza, eta niri ez zait gustatzen».
Bateko eta besteko musika klaseak uztartzea da La Basuk maite duena. Azkenean, Zamarro ekoizle asturiarrak, David Nanclaresek eta Ibai Sainz DJak sortu dizkiote oinarriak. Horrez gainera, kolaborazio sorta bat ere badu diskoak. «Emakumezkoak dira guztiak», zehaztu du La Basuk. Maria Rivero abeslariak (Siroka, Kintsukoroi…) kantatzen du “Eraiki suntsituz” abestian, esaterako; Natalia Garmendiak (Humus) “Harrapakariak” kantan, eta Oihana Bartra bertsolariaren agurrak ixten du diskoa. «Kolaboratzaileek ez dute raparekin loturarik, eta polita izan da musikari horiek rapean sartzea».
Bere kontzertuak eskaintzeaz gainera, Fermin Muguruza musikariarekin ere izan da hainbat emanalditan, eta Durangoko Azokan ere Talka Recordsen erakusmahaian izan du diskoa salgai. Pozik dago bertan jasotako harrerarekin. «Zalantza nuen nola funtzionatuko ote zuen, baina oso pozik nago salmentekin».
Dioenez, izan ditu diskoa diskoetxe batekin ateratzeko aukerak, baina autogestioaren bidea hautatu du. Konbentzimenduz. «Euskal Herrian ez dago rap zigilurik; beti lagunen artean egin dut guztia, eta gu geu izan gara beti diskoak batetik bestera eraman ditugunak; zure lanean sinesten baduzu, eta haren kontrola mantendu nahi baduzu, hori da bidea».
Oholtzarengatiko borroka
Askatasuna eta dantza. Bi hitz horiek errepikatuko dira maizenik diskoan. «Eta hori da La Basu», dio, irribarrez. «Nire bizitzaz hitz egiten dut letretan. Ez zait gustatzen ezagutzen ez ditudan gauzez hitz egitea, eta, ni agertokira igotzen naizenean, dantzatzeko da, libre izateko eta egin nahi dudan guztia egiteko. Nire momentua da. Eta, noski, emakumeen gaiaz ere asko hitz egiten dugu. Aipatzen dudan askatasun horrekin lotura baitu emakume bat izateak ere, ze ez baita erraza emakume izatea rapean».
Horri buruz ere mintzo da kantaria bere abestietan. «Emakume gehiago behar ditugu oholtza gainean. Nik urte asko egin ditut bakarrik, eta hori astuna izan da». Jarraitu edo ez jarraitu zalantza ere egin du batzuetan, baina beti topatzen ditu aurrera segitzeko indarrak. «Nire bizimodua da», dio. «Batzuetan pentsatzen duzu kokoteraino zaudela, eta ez duela merezi honekin jarraitzea; beti borrokan ibili beharra nekagarria ere bada, baina gero indarrak biltzen dituzu, eta aurrera. Niretzat behar bat da idaztea, eta ezin dut utzi».
2013an jarri zuten martxan Aneguria musikariak eta berak Eskina Femenina proiektua. Rapean dabiltzan emakumeei ikusgarritasuna ematea da haien helburua, baina ez da hori esku artean duen proiektu bakarra. Horrez gainera, rap tailerrak ere eskaintzen dituzte han eta hemen, eta BasterFest ere antolatzen dute, emakumezko rap musikariak biltzen dituen jaialdia. «Emakumeek gizonek baino hobeto idazten dute, baina gero ez dira ausartzen oholtzara igotzera».
(Berria egunkarian, 2018ko urtarrilaren 6an argitaratutako artikulua)