Musika

“Askatasun handiagoa nahi dugu rapa euskaraz egiteko”

Peio eta Itsua rap bikoteak Jostailua eta harria diskoa argitaratu berri du. Rap klasikoko disko bat izanik ere, bi istorio desberdinen uztarketa da lan hau. Esperientzian eta rap mundura hurbiltzeko moduan, bi egileen arteko desberdintasuna nabaria da, baina rapari eta musikari eman nahi dioten funtzioak elkartzen ditu, eta ikuspegi hori islatu nahi izan dute lehen diskoan. “Rapa aldarrikatu nahi dugu”.

Peio eta Itsua berria

Peio eta Itsua rap bikoteak lehen diskoa plazaratu du.

Arkaitz Cayado Itsua zakur zaharra da Euskal Herriko rap eszenan, 1996tik ari da hainbat saltsatan. Azken urteak bereziki bere diskoetxeari eskaini dizkio, Beat Salad diskoetxeari zehazki. Bertan argitaratu ditu bere lan ugari DJ gisa. Horrez gain, beste hainbat artistaren musika kaleratzeko bozgorailua ere izan da, eta horrek artistak ezagutu, kolaborazioak egin eta ikuspegia zabaltzeko balio izan diola uste du. Peio Azkaratek (Durango, 1998) raparekin duen harremana askoz berriagoa da, baina ez hitzekin jolasteko duen arrarena. Errimak egiteko joera bertsolari gisa aritzetik datorkio, eta bere burua “bertsolari frustratu” gisa definitzen du. Bertsolari jarduna alboratu zuenean, hitzak idazteari ekin zion, eta orduan hasitako ibilbidea disko hau argitaratzeraino iritsi da. Tartean, bere kabuz aritu zen hitzei musika jartzen, Internetik deskargatzen zituen oinarriak baliatuz.

Hirugarren pertsona batek, kupido berezi batek, egin zuen mezulari bien artean. “Peioren aita laguna dut, dezentetan joaten gara elkarrekin kontzertuetara, eta bere bitartez jakin nuen Peio letrak egiten ari zela”, azaldu du Itsuak. Hala, haren bitartez jarri zuten hitzordua biek egiten zituzten lanak ezagutzeko. Itsuak ez zuen fede handirik enkontru harekiko, gaur egun asko entzuten den trap eta antzeko musiketan dauden jarrera eta mezua ez baititu gustuko, eta belaunaldi kontuengatik halako zerbait aurkitzea espero zuen, baina aurkakoa gertatu zen. Gezi-kolpea. “Instrumental batzuk jarri nituen eta Peio mikroarekin rapeatzen hasi zen unean konturatu nintzen hemen zerbait oso interesgarria zegoela”. Eta hor ekin zioten elkar materiala trukatzeari, Itsuak oinarri instrumentalak ematen zizkion Peiori, eta honek letrak jartzen zizkien. “Biok eduki dugu hasieratik gustuko bestearen lana, baina bereziki jarrerak elkartu gaituela uste dut”, laburbildu du Peiok.

Itsua: “Instrumental batzuk jarri nituen eta Peio mikroarekin rapeatzen hasi zen unean konturatu nintzen zerbait oso interesgarria zegoela”

Hasieran aipatu bezala, rap klasikoko disko bat da Jostailua eta harria. Itsuaren lan instrumentalaren abiapuntu edo euskarri nagusia sanplerrak dira. 80ko eta 90eko hamarkadetako rap taldeak ditu erreferentetzat. Hitzak nahiko aldarrikatzaileak dira, faxismoa eta poliziaren basakeria dituzte mintzagai, besteak beste. Baina diskoaren bigarren erdia barnera begira gehiago egindakoa dela dio Peiok. Beste adierazpide artistiko batzuekiko erreferentziak ere badaude, bertsoa da bat, baina diskoaren izenburua Gabriel Arestiren Harria eta herria-ren egokitzapen bat da. “Bertsotan bezala, rapean ere hitzekin jolasteko aukera darabilt, eta asko gozatzen dut horrekin”, dio Peiok.

Biek azpimarratzen dute rapa egiteko eta lan hau aurrera eramateko izan duten naturaltasuna. “Rapa gustatzen zaigu, eta euskaraz bizi gara, beraz rapa euskaraz egiten dugu, beste barik”. Ez zaie gustatzen euskal rap delako etiketa. Nazkatzen ditu euskaraz rapa egiteagatik suposatzen zaion poltsa edo letra tematikoetan aritzea. “Rapa euskaraz egiteko askatasun handiagoa sortu nahi dugu; rapean amaitzen duzu punketik edo rocketik pasa eta gero, hori da hemen joera. Bada garaia horrekin amaitzeko”. Gaur egun hainbat talde eta kolektibo norabide horretan lan asko egiten ari direla uste du Itsuak. “Ari dira gauzak sortzen, eta hemendik urte batzuetara hautemango da hori, rapa egitea ohikoa izango da, eta hala izan dadila”.

Peio: “Diskoa su pizgailuan argitaratzeak badu metafora puntu bat, jendeak eskurik esku pasa dezala diskoa”

Egoera pandemikoan zaila egin zaie diskoa argitaratzea, baina halako batean lortu dute. Formatu berezia eman diote, su pizgailu batena. “Badu metafora puntu bat, rula dadila, jendeak eskurik esku pasa dezala su pizgailua bera eta gure musika ere”, dio Peiok barrezka. Eskualdean, Durangaldean, oso harrera oso ona izan dutela diote, orain Euskal Herrira zabaltzeari ekin nahi diote. Pandemia dela eta, kontzertuak eskaintzeko zaila dutela jakitun dira, baina ahal dutenean ekin nahi diote, baita kantu berriak egiteari ere. Etorkizuna aurreikusten diote proiektuari, eta bidea egiteko prest daude. Bitartean biak ala biak beste hainbat proiektutan ari dira, elkarrekin zein haien kabuz. Oraintxe argitaratu dute N2GOU kolektiboarekin Salam singlea, eta jostailuak sortuz, harriak ezarriz, raparen aldarrikapena hedatzearekin konprometituta daude oraingoz bi artista durangar hauek.

ETIKETAK:Arkaitz CayadoItsuaN2OGUPeio AzkaratePeio eta Itsua