2019.12.04
“Hau ez zegoen planifikatuta”. Zori hutsez bezala, azkenean, zutik erorita amaitu duen jauzi arriskatu baten pare deskribatu dute Josu Zabala eta Iñaki Garitaonandia Gari musikariek irailean Hertzainak taldearen abestiekin egindako hiru kontzertuko bira. Euskal Herriko zenbait hiritan bira egin nahi zuten taldekide guztiekin batera, baina bertan behera gelditu zen asmo hori, eta, dena ezerezean gelditzeko zorian zegoenean, biek bakarrik aurrera egitea erabaki, eta orduan heldu zen buelta. Bilboko Euskalduna jauregian kontzertua antolatu, eta minutu gutxitan saldu ziren sarrera guztiak. Bigarren eguna jarri, eta berdin. Eta orduan inprobisatu zuten Bilboko Kafe Antzokiko saioa: jauregiko kontzertuetarako proba modura. Eta han sorpresa. Irailaren 18an. Zabala: “Komunikazio itzela sortu zen gure eta publikoaren artean. Maitatuak eta hunkituta sentitu ginen, eta hori da disko honen arrazoi nagusia”. Erroa argitaletxearen mahaian egongo da salgai Durangoko Azokan zuzeneko haren lekukotza ematen duen bederatzi abestiko diskoa, Kafe Antzokiaren zigilupean argitaratuta.
“Magikoa” izan zen emanaldia, Gariren eta Zabalaren hitzetan. “Gau horren oroitzapen bat gorde nahi genuen”. Gau hartan, erabat alde izan zuten aretoa hasieratik, eta publikoa taldea biltzen aritu zen amaiera arte. Horren adibide bat aipatu dute musikariek: “564″ abestia. Gari: “Hori izan zen kontzertuko mugarria. Josu [Zabala] eta biok, biluzi, tresnak hartu, publiko artera jaitsi, eta han jo genuen. Energia ikaragarria sortu zen. Jendeak bere egin zuen abestia, eta oso hunkigarria zen kanta hori entzungailuetan entzutea, baita estudioan egonda ere”. Eta, hain zuzen ere, abesti horrek eta momentu hori biltzen duen bideoak ixten dute diskoa. “Abesti hori eta haren bideoa nahikoa dira diskoa justifikatzeko”.
2018ko otsailean Garik Bilboko Arriaga antzokian egindako kontzertuan hasi zen dena. Beste denbora batean diskoa aurkezteko zen emanaldi hura berez, baina Zabala ere gonbidatu zuen saiora. “Erreskatatu egin ninduen”, esan du Zabalak. “Ez nengoen oso sano garai hartan, baina baietz esan nion, edo agian baietz esan nion ez nengoelako oso sano, sano egon banintz ez bainuen onartuko”. Proba egin, ordea, zirrara sentitu, eta hori izan zen biraren lehen hazia. Eta errebotez errebote, hala, hiru kontzertuko bira jendetsura iritsi arte. “Zurrunbilo batean sartuta”.
Bi ordu eta erdiko grabazioa egin zuten Kafe Antzokian, baina bederatzi abesti bakarrik hautatu dituzte. Lagin bat. Nahikoa, haien ustez, kontzertuan piztutako giro bereziaren berri emateko. Eta, aldi berean, gehiegi izan gabe ere. Ez baita izango Kafe Antzokikoa bira haren harira kaleratuko duten lan bakarra. Zabalak aurreratu duenez, ETB telebista katearentzako ordubeteko emanaldia prestatu dute Euskaldunako kontzertuko irudiekin. “Ez dugu merkatua bete nahi abesti beraren hiru bertsiorekin”, esan du.
Presa eta entusiasmoa
Garirekin aritzen diren Maldan Behera taldeko musikariak ere txalotu ditu Zabalak. “Denbora behar izan genuen Hertzainak-en kantak berrirakurtzeko XXI. mendean”. Erlojuaren kontra aritu ziren iraileko emanaldiak prestatzen, baina publikoaren erantzunak bete zituen hutsuneak, musikariaren hitzetan. “Kontzertu onak seigarrenetik aurrera izaten dira, lehenengoek beti izaten dutelako urduritasun puntu bat”. Horregatik, Euskaldunan jo aurretik, beren buruak probatu nahi izan zituzten, eta hala heldu ziren Kafe Antzokira. Proposamena egin, eta “entusiasmoa” izan zen erantzuna, diotenez. Kafe Antzokiko arduradunena lehenik, eta publikoarena ondoren.
Gari: “Atzera begiratuz, iruditzen zaigu publikoaren sari bat jaso dugula, eta haiek eraman gaituztela gu”
Euskal kulturaren aldarrikapen bat ere izan zen bira, Gariren ustez. “Euskaldunan gertatu zenak erakuts dezake zer izan zen eta noraino irits daitekeen euskal kultura. Sekulakoa da euskarazko talde batek herri honetako antzokirik handiena bi egunez hankaz gora jarri izana. Sekulako artistak pasatzen dira hortik, eta oso garrantzitsua da gure kultura aldarrikatzea, zer garen, eta zer izatera irits gaitezkeen. Izan ere, askotan badirudi gu bestelako liga batean gabiltzala”. Baina dioenez, ez da soilik bere iritzia. Euskalduna jauregiko eszena zuzendariak ere mezua bidali zien hurrengo egunean, txundituta, esanez ordura arte ezein taldek ez zuela lortu aretoa bi egunez hala iraultzerik.
Kidetasuna
Eta irauten die pozak oraindik ere. Gari: “Orain, atzera begiratuz, iruditzen zaigu publikoaren sari bat jaso dugula, eta haiek eraman gaituztela gu. Publikoa izan da proiektu honen parte handi bat. Ez genuen halakorik espero”. Eta segida izan du birak, gainera. Garik, behintzat, igarri du aldaketa moduko bat bere bakarkako ibilbidean egindako emanaldietan ere. “Jende heldu asko etorri zaigu azkeneko kontzertuetara, nolabait adieraztera kidetasun bat, eta zoriontzera hori guztiori. Harreman berri eta berezi bat sortu da bat-batean, eta hori guztia dago hiru kontzertu horietan sortutako horretan”.