Musika

Jon Eskisabel

2014.06.24

Jon Eskisabel

Pozetik eztandara: M.A.K.-en amaiera

Igaro dira zenbait hilabete Hautsa bizigai diskoa kaleratu zenetik, konpaktu eta binilo formatuetan kaleratu ere, baina alferrik joko duzu dendara haren bila. M.A.K. taldearen hirugarren diskoa —Hauts eta errauts erremixak (2008) kontuan hartu gabe— ez dute salgai jarri eta zenbait irrati eta tabernatara baino ez da iritsi. Hala izatea erabaki du Jon Eiherabide abeslariak, taldearen barruan izandako liskarren ondorioz. Eiherabidek amaitutzat eman du M.A.K-en ibilbidea, “hala zegoen pentsatuta taldearen sorreratik bertatik, trilogia bat egitea eta taldea desegitea”, baina taldekideen arteko harremanen bukaera gatazkatsuak eta eszenatokietan agur esateko aukera ez izateak “frustrazioa” eragin diote. “Diskoa atera ondoren, 15-20 kontzertu emateko asmoa genuen, hala genuen hitz eginda, baina ezinezkoa izan da”.

Jeremy Garat eta Eiherabideren arteko enfrentamendua dago auziaren muinean. Garat gitarrista, pianista eta biolontxelo jotzailea da, Xora filmeko soinu banda sortu zuen, eta gaur egun Maddi Oihenart laguntzen du. Orain dela hiru urte inguru batu zen Didier Sablon Dj A.L.F.-ek (programazioak, skratxak), Martxelo Shlaflang-ek (bateria) eta Lo Gickel-ek (baxua), Eiherabidez gain, osaturiko rap taldera. Disko berria prestatzen hasi ziren, herensugearen trilogiaren azkena, eta M.A.K.-en ohiko soinu teknikariarekin, Iñaki Plaa Skunk taldeko kide ohiarekin, grabatu zituzten lehen kantuak. Baina Eiherabidek azaldu duenez, bospasei abesti grabatu ondoren, Garatek grabaketaren ardura bere gain hartzeko asmoa agertu zuen. Taldekideek men egin zioten eta Plaarekin egindako lana utzi zuten Garatekin grabatzeko. “Adostu genuen berak egingo zituela baseak eta banaka grabatu genituela gure zatiak bere etxeko estudioan. Bi urte pasa ditugu horrela, bata bestearen atzetik joaten bere etxeko estudiora. Tarte horretan, gutxi elkar ikusi genuen, eta bi urte horien buruan, dena bukatua zegoenean, nire etxean bildu ginen lehen entsegua egiteko”, gogoratu du Eiherabidek. Zuzenekoetara begira hiru kanta prestatzea zen lehen entsegu haren helburua baina uste baino emankorragoa izan zen saioa, bospasei kantu landu baitzituzten. Berehala hasiko ziren gauzak okertzen.

iparraldea_12

Jon Eiherabide, M.A.K. taldeko abeslaria. (Euskal Kultur Erakundea)

Entseguaren amaieran, diskoa Getariko (Lapurdi) Kameame Records estudioan masterizatzeko asmoa azaldu zion Eiherabidek Garati. Aurreko diskoa, Suaren garai errauts errekai (Egilea editore, 2007), han masterizatu zuten, bertako soinu teknikari Peperekin, eta orduan izandako esperientzia ona errepikatu nahi zuen. Haatik, Garaten asmoak bestelakoak ziren. Parisen masterizatzea nahi zuen, “bi urtez egindako lanaren kalitateari” zegokiolakoan. Alde batetik zein bestetik jarrerak gotortzen hasi ziren. “Nik ez nuen Parisera joateko argumenturik ikusten. Pepe hemengoa da, merkea eta kalitate onekoa. Ez dut besterik behar. Nik ez dut Paris, Madril edo New York distiragile gisa ikusten, futitzen naiz horretaz, han ere bada hoberena eta bada txarrena. Eta hemen badira masterizazio ona egin dezaketenak”. Eiherabidek aitortzen du Garaten lana ona zela, “grabazioak oso kalitate onekoak ziren, oso-oso landuak”, eta uste du haren asmoa “eskaileran maila bat igotzea” zela. Horri ere zilegi deritzo. “Masterra Parisen jendeari erakutsi nahi bazion, nik ez nuela horretarako arazorik esan nion, baina talde gisa Getarin egin nahi nuela lan”.

Bai, ez, bai, ez… tirabira askoren ostean eztanda egin zuen aferak. “Hor bukatu zen taldearen bizitza”. Bateria jotzaileak eta baxu jotzaileak ere harreman txarra zuten euren artean, eta Eiherabide eta Garaten arteko eztabaidan alde banatan kokatu ziren. Zatiketa erabatekoa zen. Baina Eiherabideren iritziz, harremana lehenagotik zegoen gaiztoturik. “Batek gauza bat esaten bazuen, besteak kontrakoa. Beti elkarren aurkako jarrerak eta iritzi ezberdinak genituen, egoak, jelosiak azaldu ziren, eta bukaerarako lehertu zen”. Tarte horretan, Dj A.L.F.-en heriotza gertatu zen, 2012ko maiatzean. Hari eskainita dago diskoa.

“Nik ez dut Paris, Madril edo New York distiragile gisa ikusten, futitzen naiz horretaz, han ere bada hoberena eta bada txarrena”, dio Jon Eiherabidek

Jeremy Garatek egindako grabazioak bazterturik —saio horietatik “L.L.L.” baizik ez dio utzi erabiltzen—, diskoa burutzeko lana bere gain hartu zuen Eiherabidek. Berriz hartu zituen Iñaki Plaarekin grabatutako kantuak eta ordenagailuaren bidez musika gehitu zien Garaten estudioan grabatutako ahotsei. Hortaz, talde osoak grabatutako kantuen (“Zirtzil“, “Axuri beltza“, “Zazpi burudun Piztiaren berpiztea“, “Itzul eta Mitzul“…) eta Eiherabidek etxean landutakoen arteko aldea antzematen da diskoan. “Diskoko lehen bospasei kantuak landuak dira talde gisa, eta bukaerakoak esperimentalagoak dira, traketsagoak, punk izpirituak eta diskoa azkar bukatzeko gogoak bultzaturik”, dio Eiherabidek. Ez da, jakina, berak atera nahi zuen diskoa. “Nik nuen helburu denen artean egindako diskoa izatea, Jeremyk egindako lanarekin, baina…”. Behin lana burutua, grabazioa, diseinua eta diskoen fabrikazioa ordaintzeko zuzenekoetatik eta bestelako lanetatik gordeta zuen diru guztia xahutu eta irrati eta tabernetan banatzea erabaki zuen. Diskoa oparitzea. Musika jendearen eskura jartzea. Eta kito.

Hautsa bizigai (Egilea editore, 2014) lan mardul eta mamitsua da. 19 kantu jasotzen ditu CD formatuan —10 biniloan—, eta besteak beste, Mikel Etxekopar, Maddi Oihenart, Hedoi Etxarte, Maddalen Arzallus, Ras Daniel Ray edota Antton Lukuren kolaborazioak ditu. Lukuk “Zirtzil” kantuaren hitzak idatzi ditu. Eiherabidek gogoan du euskaraz abesten duten rap taldeei kritika egin ziela Lukuk Euskal kultura? liburuan (Pamiela, 2008). Eiherabidek ez zuen bere burua islatuta ikusi kritika hartan, baina irakurritakoak bere buruari galderak egitera bultzatu zuen, eta Antton Lukurekin elkartu zen gaiaz solasteko. Diskoa prestatzen ari zirela, garbi ikusi zuen norengana jo behar zuen anarkista baten istorioa idazteko. Bestalde, bada diskoan Munduaren bira doan! filmerako grabatutako kantu bat, “Setiatua” —Kaki Arkarazok sortutakoa da musika, eta Andoni Egañarenak dira hitzak—. Filmean segundo gutxi batzuk baino ez zelako agertzen, osorik emateko berreskuratu du Eiherabidek. Etxekoparrek ere badu pisua diskoan, bereak baitira diskoari sarrera ematen dioten testua eta ahotsa, eta beste pare bat kantutan ere kolaboratu du musikari gisa.

ede44841

‘Suaren garai erraus errekai’ diskoa grabatu zuen boskotea.

Aferak min handia sortu du, antzematen da Eiherabideren ahotsean, lagunak galdu dira bidean, eta Eiherabidek asumitzen du arduraren bere zatia: “Burugogorra naiz, oso” —Stalin deitzen omen diote, eta horri trufa egiteko Stal’Inside goitizena hartu du azken diskoan—. “Pozetik eztandara, pozetik eztandara…”, horrela laburbiltzen du M.A.K.-en ibilbidea, gorabeherez betea. Taldea 2003an sortu zuten Mathieu Goñi Lagogn-ek, Claire Lacarrak (gaur egun Izate taldean), Jo Olaskoagak (gaur egun 2zio taldean), Didier Sablonek eta Eiherabidek berak. Selektah Kolektiboa euskarazko rap talde aitzindariaren lekukoa hartu zuten nolabait. Bi urte geroago Suari darion kea (Metak/Kontrakalea, 2005) grabatu zuten, Fermin Muguruzaren babespean, eta lehen “frustrazioa” ezagutu, arrazoi ekonomikoengatik ezin izan baitzuten Negu Gorriak-en “Radio Rahim” kantuaren bertsioa grabatu. “Propagandaren atzean diskoetxe ezkertiar baten logika ekonomikoa” ezagutzeak “presioak” eragin zituen taldean, “eta ez ginen prestaturik presio horiei aurre egiteko”, dio Eiherabidek. Ondorioz, Sablonek eta Eiherabidek ez beste guztiek taldea utzi zuten. Shlaflang, Gickel eta Xabi Leonek (Skunk) osatu zuten Suaren garai errauts errekai grabatu zuen boskotea.

Wu-Tang Clan taldearen ereduak inspiraturik erabaki zuen taldeak herensugeari eskaintzea trilogia. Hortaz, lehen diskoa Mikrofon Addikt Klan izenpean argitaratu zuen. Hurrengo diskoetan, “aldaketa eta berritzearen ideiarekin jolasteko”, hizkien esanahia aldatu du taldeak: Musika Komando Armatua bigarrenean, eta Mugimendu Anarkistak Kalera hirugarrenean. Lehen diskoan, naturan kokatu zuten herensugea, “mendia eta lurraren indarrak ditu ordezkatzen”; bigarrenean, hirian, eta Claude Labat mitologia adituari eskatu zioten non ikusten zuen adieraztea testu batean; trilogiari azken burukoa ematen dion Hautsa bizigai diskoan, herensugea “gure barnean” dugula adierazi nahi du taldeak.

ETIKETAK:M.A.K.Rapa