Musika

Urko Ansa

2023.03.03

Urko Ansa

Potemkin + Kuartz (Ondarroa, 2022.12.02)

Kartel bikoitz zinez interesgarriak topatu ditugu azkenaldian, prezio onean gainera. Merkeegi agian? Baliteke, baina, esan bezala, kartel bikoitz (edo hirukoitz) horiek oso egokiak izaten dira talde berriak deskubritzeko edo lehen aldiz oholtza gainean ikusteko. Gauzak horrela, azkenik Nafarroa Behereko Kuartz bikotea lehen aldiz ikusi genuen zuzenean. Bazen garaia. Duela urte gutxi izan genuen Bastidako hard rock taldearen berri lehen aldiz. Bere bi diskoez biziki gozatu dugu, baina abenduko ostiral arrats hartara arte zuzenean sekula ikusi gabeak ginen.

Kuartz bikotea. (Urko Ansa)

Kuartz bikotearen kontzertua lehertu egin zen une batzuetan. (Urko Ansa)

Lehen aldia genuen Portuko Ranpin ere. Bertara sartutakoan inpresio handia egin zigun bere espazio handiak, areto eta gelatxo ezberdinek eta dekorazio zaindu eta ametsezkoak. Batetik, mimo handiz zaindutako gaztetxe bat baitirudi: argiztapen iradokitzaile eta atsegina (ez iluna ezta oso argitsua ere), bertaratutakoari harrera abegitsua eta konfiantzazkoa ematen diona. Bestetik, leku bereziki rockzalea dugu. Horregatik Londresko rock club bat bezain autentikoa dirudi. Posterrak, prentsan azaldutako berriak, apaingarri hainbat… Hala, Portuko Ranpin sartzen denak Led Zeppelinen artikulu bat irakur dezake lasai-lasai txiza egiten ari den bitartean. Lekuaren espazio handia konpartimendu zenbaitetan banatua dagoenez, kontzertua egiten den lekua bera ez da bereziki handia, egia da. Baina soinu aldetik eskaintzen duen kalitate harrigarria hainbat antzokirenarekin konparatuz gero nabarmenki garaile irteten da. Orain, deskribapen subjektibo honekin amaituta, goazen kontzertuaren kontakizunarekin.

Hiru ordu laurdeneko emanaldian, baxenabartarrek batez ere II lanari (hau da, azken diskoari) errepaso polita eman zioten, lan hartako zazpi pieza interpretatu baitzituzten. Lehen diskotik (Kuartz, 2018), zoritxarrez, hiru besterik ez zituzten jo, baina, neurri batean, aukeraketa logikoa izan zen, bigarren lanaren maila kontuan hartzen badugu. Oihan Delavignek (bateria) eta Ibes Mongaburek (gitarra) osatzen duten bikoak hainbat betebehar zituen emanaldia hasi ahala: lehena, jaialdiari hasiera emateak dakarren zailtasuna edo erronka. Bigarrena, baxuaren falta betetzea.

Oholtzaren iluntasuna nabarmentzekoa zen arren, laster konturatu ginen zeinen ondo diseinatuta zegoen dena. Tramankulu kurioso bat atzealdean, argiztapen limurtzailea leku gutxi batzuetan eta efektu bisual oso kuriosoak emanaldiaren hainbat momentutan. Lehen egindako galderari erantzunez, bi partaideko talde zenbaitek gitarraren afinazioa jaistearekin eta atabalen sonoritate grabeagoak erabiltzearekin bilatu dute soluzioa. Stoner rock estiloan guztiz sartuta edo gutxienez antzeko parametroetan dabiltzan taldeak izan ohi dira (Tutan Come On, Niña Coyote eta Chico Tornado…).

Kuartz, neurri batean, desertuko rockean murgiltzen den taldea dugu, Fuzz pedalaren erabilerak, soinuaren sakontasun eta botereak eta riff markatuek koordenada horietan kokatzen baitituzte. Sortu arindu-rekin ekin zioten, oraindik publikoa apur bat hotz zelarik, egia da, baina Dena erretzen, taldearen adierazgarrienetakoa, laster etorri zen tenperatura igotzera. Gitarrek eta akaso bateriak ere sinpletasuna bilatzen dute eraginkortasunaren izenean. Horrela ulertu daiteke agian Sirenak bezalako kantuen boterea. Eta Parentesiak aipatu behar badugu, agian beraien kanturik onenaren aurrean gaudela esan beharko genuke: tentsioa mantentzeko abilezia eta desertuko akorde eta pultsazioen erabilera soilik momentu puntual batzuetan lehertzen baitira, nahita bilatutako efektuan.

Lehen diskoari erreparatu zioten, azkenik, Sartu seminalaren eskutik. Kantu honetan, Kuartzen ezaugarri primitiboenez goza dezakegu. Finean, bikotearen soinuaren deskribapen fidela dugu. Eta bai, dantzagarria da guztiz. Erritmoak berak eramaten baitzaitu, rock pisutsua dantzatu ezin dela diotenen kalterako. Etxeko zakurra ere molde bertsuan kokatu beharko genuke, baita Energia ere, akaso bere lehergarritasunagatik beste guztien gainetik dagoena. Ordurako hainbat ikusle guztiz kontzertuan sartuta zeuden, beste batzuek kuriositate gero eta intentsuago batez begiratzen zuen bitartean.

Atzera lehen diskora buelta, Suntsitu eta Bixkotx kantuen eskutik. Lehenengoa hard rock elegantea eta aski mozkorgarria, Fuzz pedala eta ahots urratuaren erabilera psikotropikoduna bigarrena. Haltzazko totema-rekin esan ziguten agur, baina beste edozein ere izan zitekeen. Kantu horren erritmo biziarekin amaitu zen oso motza egin zitzaigun kontzertua. Nafarroa Behereko bikoteak gauza asko dauka esateko, bistan da. Horregatik, lan berria laster etorriko den esperantza daukagu.

Kartelburuen txanda iritsi zen jarraian. Bonberenean ikusi genuenaren ondoren, Potemkin berriz ikustea nahitaezkoa zen, batez ere itzulera motz honen azken aurreko kontzertua zelako. Antza denez, kontzertu gutxi batzuetarako elkartu dira, eta hau irakurtzen duzuenerako, etorri bezain laster erretiratuak izango dira. Hamarkada bat baino gehiagoko geldialdiak eduki duen epilogo moduko bat izan dela esan genezake. Hori bai, baliteke inoiz egin dituzten kontzerturik onenak hauexek izatea. Bere garaian ikusi genituen, eta esperientzia pizgarria izan zen. Aldatu dena agian azken urte hauetan guztietan hartu duten esperientzia da: hala nola, Bizarro, Letagin, Lenao, Iker Martinez eta Zaldi Herrenak eta Keia direla eta. Portuko Ranpin ikusitakoa, eta hori da garrantzitsuena, teknika zehatz eta eraginkorraz gain, aparteko eztanda musikala izan baitzen.

(Urko Ansa)

Litekeena da Potemkinen inoizko kontzerturik onenak izatea azken hauek. (Urko Ansa)

Taldearen energia eta gogoa benetan kutsakorrak izan baitziren, kontzertua Borrockatu ezazu-rekin hasi, eta R’N’Rolla eta zu jada klasikoarekin amaitu zuten arte. Lehen diskoari errepaso zabala eman zioten zortzi pizarekin, eta bigarren laneko lau bakarrik jo zituzten. Gure irratia, zure rock and rolla (2005) lan kolektibo hartan grabatutako “Kotoizko itsasoa”-k eta bi bertsiok osatu zuten ordu eta hogei minutu iraun zuen kontzertua. Aipatu dugun Borrockatu kantarekin eztanda egin ondoren, bigarren laneko lau kantak jo zituzten jarraian: Mugak apurtzera, Suge dantza, Gauaren zaindariak eta Berreskuratu, tartean Itzal ilun zela.

Han sortutako giroa zein adrenalina deigarriak izan ziren. Boskote formatuan egin zituzten kantu horiek guztiak, bigarren diskoa grabatu zuen partaideekin, beraz: Aixibar Urteaga (ahotsa), Iker Martinez de Zuazo (gitarra) eta Iban Idigoras (bateria), hirurak ere jatorrizko partaideak. Baxuan Alexis Alonso eta bigarren gitarran Mikel Fernandez. Gero (zazpigarren kantuan), Bonberenean bezala, Joxemari Azpitarte partaide ohia igo zen oholtzara, oker ez bagaude, baxuaren ordez gitarra hartuta.

Lehen diskoko kantuetara itzuli zirenean gertatu zen leherketa handiena seguru aski, amaierara arte itzaliko ez zena: Infernuan, Kotoizko itsasoa (hori, lehen aipatu dugun moduan, ez zen lehen diskoan sartu), Gauza txikiak, Arriskutsua zinen eta Lehertu. Guztietan high energy eskandinaviarra nabaritu genezakeen: punkaren abiadura, hard estiloko gitarra riff zertzeladak eta oihuka kantatzeko moduko errepika andana. Iban Idigorasek atabalak eta platerak gaztigatzeko duen moduak ez dio erritmoa metronomo baten moduan jotzea eragozten. Gozatzen ikusi genituen, bai bera, bai beste partaideak, soilik benetako pasioak eman dezakeen bultzada geldiezinak aupatuta egin ere.

Aixibar abeslariarena ere ikusgarria da, frontman kontzeptua barneratu eta anplifikatzen duten lider natural horietakoa baita. Ez da erraza era hain seguruan moldatzen diren frontman-ak gurean ikustea: entzuleekin duen komunikazioa, oholtza sutan jartzeko duen ahalmena, bere ahotsa eta azkenik kantuaren muinean buru belarri aritzeko nahia ohiz kanpokoak dira. Bere mugimendu eta dantzek koreografia bat sortzen baitute animalezko abiaduran doan bandaren olatuaren gainean. Bizarro taldean gitarra eskuan duela kantatzen du (ikus hemen kronika) eta instrumenturik gabe ikustean sortzen duen inpaktua berebizikoa da inondik ere.

Hellacoptersen Soulseller horren guztiaren adierazgarria izan zen. Gitarra joleek punteoei txispak ateratzen zizkieten, eta banda osoak aski segur suediarrek beraiek baino ostia txarra gehiagorekin exekutatu zuen (Hellacoptersen kontzertu zenbait ikusi ditut eta badakit zertaz ari naizen). Entzule batzuk, lehen lerroetan zeudenak, pogoa aspaldi egiten hasiak ziren. Altuera txikiko oholtzan hanka jarri, eta atzerako jauzi basatiak ere ez ziren falta izan, ohi bezala, inori minik emateko intentziorik gabe, hala ere. Eskergarria izan zen, baita ere, geure buruen gainetik edari hegalaririk ia ez sentitzea.

Joku trukatua asko gustatu zitzaigun, eta espero genuen adrenalina deskarga eman zigun. Hurrengo kantuari buruz… Kiss taldearen Rock and roll all night asko atsegin dugun arren, Potemkinek bertsio gehiago jotzeko inolako beharrik ez zuela uste dugu. Hellacoptersenak gehiago egiten du bat taldearen izpirituarekin, noski, baina Kissen bertsioari egurra eman ziotela ere egia da, eta arrakasta izan zuen, batez ere errepikaren momentuetan. Nola ez, oraindik R’N’Rolla eta zu falta zen. Emanaldia amaitzeko modu egokia: Iker eta Mikel gitarra joleak lurrean makurtuta zirela, Alexis baxu jolea ia lurrean etzanda eta instrumentua airean zuela eta Iban Idigoras danbor eta txapak bortizki kolpatzen ari zela.

Hauxe da amaiera: Oñatin azken kontzertu bat jo zutela uste dugu, eta hortik aurrera… abenturaren amaiera. Taldekide zenbait hamaika proiektutan ikusten jarraituko dugun kontsolamendua geratzen zaigu. Azkenik, Portuko Ranpi ezagutzen ez duzuenoi, zin-zinez gomendatzen dizuet bertaratzea, lehen aipatu ditudan ezaugarri guztiak direla-eta ez baitzaizue damutuko.

ETIKETAK:KuartzPotemkinZuzeneko kronikak