Musika

Jon Eskisabel

2018.07.17

Jon Eskisabel

Plaza Berrian, uztaileko gau batean

Bide Ertzean taldeak “Plaza Berrian abestia grabatu zuen bere diskoetako batean, merezi duena baino oihartzun apalagoa jaso duen Esan bare izenekoan hain zuzen. Tolosako taldeak ez zuen sekula jo bertan, baina bai Ubeda anaien aurreko bandak, Deabruak Teilatuetan-ek. Hainbat urte geroago, Imanol Ubeda plazako kioskora igo zen berriz ostiral gauean, Don Inorrez izenpean kaleratu duen lehen diskoa aurkezteko.

Don Inorrez Tolosan

Don Inorrez taldeak Tolosan emandako kontzertuko irudia. (Pello Gorrotxategi)

“Plaza Berriko eserlekuetan
ederragoa dirudi gauak”

Arratsaldean euriak kontzertua hondatzearekin mehatxu egin zuen arren, gau giro ederra zegoen emanaldiaren hasierarako ordua heldu zenean. Zaila zegoen Plaza Berriko terrazetan eserleku libre bat aurkitzea, eta gehienek kontzertua bertatik jarraitzeko hautua egin zuten. Ordu laurdeneko atzerapenez agertu ziren taula gainean Imanol Ubeda (ahotsa, gitarra akustikoa eta gitarra elektrikoa), Ruben Caballero (gitarrak), Fernando Neira (baxua) eta Karlos Aranzegi (bateria eta programazioak). Diskoko ordena berean iritsi ziren lehen hiru kantuak: “Segika ditut”, “Bere txisteak” eta “Gaur euripean”. Berehala atera genuen ondorio nagusi bat: diskoaren aldean kantuak hazi egiten dira zuzenean, taldeak erakusten duen sendotasunari esker. Ez dirudi elkarrekin jotzen hasiberria den musikari talde bat denik —Tolosakoa zazpigarren kontzertua zuen, apirilean estreinakoz taularatu zenetik—. Berriz ere musikari bikainez inguratu da Imanol Ubeda: Aranzegi aspaldiko konplizea du, ezaguna da haren joaldi zehatz eta apaingarri gabea; Neirak urteak daramatza Ruper Ordorikaren taldean, eta egun MICE-rekin ere jotzen du, besteak beste. “Pua erabiltzen du baina hatzekin jotzean ateratzen den soinua ateratzen du”, zioen miresmenez gure inguruan zegoen baxu jotzaile batek. Ruben Caballerok oso gustuko du pop elektronikoaren molde horretan aritzea, hor dago Eñaut Elorrietaren diskoan egindako lana edota berriki eMe taldearekin egindakoa. Emanaldiko zenbait momentutan Fran Iturbe ekarri zigun gogora —eta ez bizarrarengatik bakarrik—. Pello Gorrotxategi teknikariaren laguntzaz, soinu indartsu eta garbia erakutsi zuen taldeak, Imanol Ubedaren ahotsa lehen planoan jarrita, hitz guztiak ondo ulertu genitzan, abeslariaren ahoskatze ederra tarteko.

Mugiro bila diskoak badu ezaugarri —on, nire ustez— bat: ez dago besteen gainetik nabarmentzen den kanturik, ez dago ale batek gainerakoei itzal egiteko arriskurik. Zale bakoitzaren kantu kutunenak maiz ez dira besteenekin bat etortzen, eta hori, askotan, seinale ona izaten da. Zuzenekoak ere ez du gorabeherarik eta harmonia ederrean txandakatzen dira diskoko kantuak, oraindik argitaratu gabekoak eta bertsioak.

“Zuretzat dira
nire kantu traketsak
Zuretzat dira
zu gabe ez ditut behar eta”

Diskoan ez dauden bi kantu jo zituzten Tolosan. Horietako batean bere buruaz barre egiten du  Imanol Ubedak, bakarkako proiektuari jarritako izena dela eta. “Ezkutatzen saiatzen den arren, denek dakite nor den eta ez du inor izutzen”, dio letrak gutxi gorabehera. Beste kantuak Pello Lizarralderen hitzak ditu, eta dagoeneko grabatua dagoen single batean argitaratzeko asmoa du Ubedak. Lehen entzunaldian country-folk ukitua duen kantu eder-ederra iruditu zitzaigun.

Horiez gain, lau bertsio entzun genituen. Lehenengoa, Bide Ertzeanen Don Inorrez diskoko “Iraileko gau batean” izan zen. Jatorrizkoa baino luzeagoa egin zuten amaierako zatian, Ruben Caballeroren luzimendu eta entzuleon gozamenerako. Deabruak Teilatuetan-en “Gaur euria egin du” kantu mitikoa aurrez ere moldatu izan du Ubedak —Peiremans-ek jotzen zuen duela bi urteko kontzertuetan—, eta Don Inorrezen jantzi berrietara egokitu du oraingoan. Amu melodikoari pisua kendu eta tentsioa gehitu dio, edo beste era batera esanda, pop gutxiago eta rock gehiago.

Bertsiorik arriskugarriena, azaltzen duen aldaketa estetiko nabarmenagatik, Bide Ertzeanen 77 diskoko “Sustraiak zainen ordez” abestiarena iruditu zitzaigun. Jatorrizkoaren gitarra akustikoaren ordez, gitarra elektrikoa darabil Ubedak eta loop batetik erritmo eta hots elektronikoak jaurtitzen ditu Aranzegik. Formatu horretarako abestirik aproposena ote den, zalantza hori utzi zigun.

Hirugarren bertsioa Ruper Ordorikaren omenez Bilboko Loraldia jaialdiak antolatutako kontzertuan estreinatu zuen taldeak —taldearen lehen agerraldi ez ofiziala ere izan zen hura—, eta orduan bezala Ixiar Oreja igo zen Tolosako agertokira “Banekien” abesteko.

“Plaza Berrian gaua egin arren
eder jarraituko du euriak”

Kontzertua burutzeko “Udaberriko azken mugan” jotzen ari zirela erori ziren lehen tantak, eta amaitu orduko ekaitza lehertu zen Plaza Berriaren gainean. Terrazak hustu eta barrura egin zuen jendeak. Don Inorrez euri tanten azpian desagertu zen, eta ez da udazkenera arte berriz azalduko. Urriaren hasieran Legorretan joko du, eta aurreikusita dago Gasteizko Jimmy Jazz aretoan eta Donostiako Kutxa Kultur Klubean ere aritzea urtea bukatu aurretik.

ETIKETAK:Bide ErtzeanDeabruak TeilatuetanDon InorrezEñaut ElorrietaFernando NeiraImanol UbedaIxiar OrejaKarlos AranzegiLoraldiaMicePeiremans+Pello GorrotxategiPello LizarraldeRuben CaballeroRuper OrdorikaTolosa