2014.07.23
Taldearen aurreikuspenak betetzen badira, Piztiak hurrengo Gabonetan hasiko da disko berria grabatzen. Entsegu lokalean kantu berriak sortzen eta moldatzen ari dira une honetan, eta taldekideen sentsazioak ezin hobeak dira. Izan ere, diskoa osatuko duten 10 kantuak aukeratzeko “hamaika borroka” egin beharko dutela adierazi du Txomin Uribe abeslari eta gitarristak. “Oraingoan ere aldaketa bat somatuko dela eta nortasun ezberdineko beste disko bat aterako dugula uste dut”, azaldu dio Uribek badok.info-ri.
Aurreko bi diskoen aldean ezberdintasun nagusietako bat taldearen osaeran izango da, Jesus Galan gitarristarekin laukote formaziora itzuliko baita Piztiak. Hortaz, Argia eta itzala (1998) eta Zero (1999) diskoak grabatu zituen laukote bera ariko da lan berrian. Galanek taldea utzi eta ez zuen parte hartu hurrengo bi lanetan —Euriaren zain (2005) eta Gabeko kalapitxixak (2009)—, baina 2012ko urrian, Ondarroako Marabilli jaialdian, taldera itzuli zen.
Piztiak-en zazpigarren diskoa izango da, eta Bilboko Tio Pete estudioan grabatuko dute Jose Lastrarekin. Ondo bidean, 2015eko neguan argitaratuko da.