Musika

badok

2022.02.03

badok

Pikowskyren ‘Reset’ bildumako bi disko estreinatu ditugu

Ander Pikowskyk Reset bilduma plazaratuko du bihar, ostirala, plataforma digitaletan. Azken urteetan, Aizkorak Zorroztu taldean aritzen zen bitartean, sortutako 34 abesti jaso ditu musikari bilbotarrak lau diskotan. “Kantu horietako asko unean-unean kanporatu behar nuen egoera emozional baten isla dira”, azaldu du Pikowskyk. Haren hitzetan, “zoramenaren xarman” murgiltzeko 34 kanta dira; “kaosa, desoreka, zarata mentala eta wonderful hits” aurkituko ditu entzuleak ale horien artean.

Lau diskoetatik bi, Kontraindikazioak I eta Kontraindizioak II, gaur estreinatu ditugu. Lehenengoak euskarazko 11 abesti biltzen ditu. Bigarrena berriz, 10 pieza instrumentalez osaturik dago. Biek ala biek, soinu eta joera askotarikoak erakusten dituzte.

Pikowsky motozerrarekin

Ander Pikowsky musikari bilbotarra.

Reset bilduma osatzen duten beste bi diskoak Make me bleed eta Endorfinas múltiples dira eta ingelesez eta gaztelaniaz abesturiko kantuak gordetzen dituzte, hurrenez hurren.

Une honetan kantu berriak sortzen ari da Pikowsky iaz martxan jarritako bakarkako proiektu berriarentzat. Orain arte bi kanta solte plazaratu ditu, “Ziklikoa” eta “Toxikoak”, eta urtearen amaieran EP batean argitaratzeko asmoa du. Lan berria argitaratu aurretik baina, ordenagailuan gordeta zituen 34 abesti hauek zabaltzea erabaki du, aro baten amaiera gisa.

ETIKETAK:Aizkorak ZorroztuPikowsky