Musika

badok

2014.06.26

badok

Pier Paul Berzaitzen agurra Imanol Larzabal lagunari

Imanol Larzabal hil zela 10 urte bete dira egun hauetan; garaiko prentsak jaso zuenez, 2004ko ekainaren 25eko gauean hil zen donostiar kantaria, Orihuelako ospitalean (Alacant, Herrialde Katalanak), buru isuri baten ondorioz hainbat egun koman igaro ondoren. Egun hori aukeratu zuen Euskal Telebistak Imanol. Hamar urteko ausentzia dokumentala estreinatzeko. Hala ere, badirudi ekainaren 26koa dela kantari donostiarraren heriotza-data ofiziala, Felipe Juaristi idazle eta Imanolen lagun minak atzo Euskadi Irratiko Faktoria saioko Sinadura-n adierazitakoari kasu eginez gero.

Pier Paul Berzaitzek Imanolen omenez sorturiko kantua eskaintzen dizuegu gaur: “Imanol Larzabal lagunari agurra“. Iaz estreinaturiko Egunsentiaren kantak emanaldian eskaintzen ari da kantari zuberotarra, baina oraindik ez du grabatu. Haatik, Aztarna Musika Eragintzak zabaldutako bideo bati esker entzun ahal dugu orain. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, urtarrilaren 26an eskainitako emanaldian grabatuta dago bideoa.

Doinua janzteko, Xabier Leteren Egunsentiaren esku izoztuak poema liburuko olerki bat erabili du Berzaitzek. Horrela dio Xabier Leteren poemak:

Ekaineko arratsalde bat zen
bake argitsuz sosegatua
ekaineko arratsalde bat zen
eta hitzek izenda ezin zezaketen
hunkidura bat zegoen aidean
mindura mutua lagunen bisaian
zu agurtu zintugunean,

han, jendeek itsasegira zeharka dutenean begiratzen
erru bat, akats baten zauriak ezin xukatuz,
oparitu nahiko genizun azken eskuzarta bat
xamurtasunezko ahapaldi baten lorea
bere xumetasunean
edo agian barkamena eskatu
hainbestetan bakarrik utzi zintugulako,
zu joana baitzinen bizidunen ankerkeriek
zeresanik ez duten eremu itzaltsuetara,
geroztik ez dugu zure berririk jakin,
baina hor nonbait, ez dakit zer infinitotan
ezkutatua eta betirako babestua bazeunde
erruki gaitzazu gu
zu behar hainbat errukitu gabeok.

ETIKETAK:ImanolPier Paul BerzaitzXabier Lete