2021.09.06
Aparteko dokumentua da PI.L.T taldeak Bilboko Kafe Antzokiarekin izan duen harreman berezia erakusten duen bideoa. Taldeak bere lehen diskoa estreinatu berria zen aretoan aurkeztu zueneko irudiak ikusten dira, baita hamar bat urte geroago toki berean bere itzulera ospatzeko eman kontzertuarenak ere. Kafe Antzokiaren 25. urtemuga kari egin 13 minutuko bideo hori 2017ko maiatzaren 5 hartan taldeak eskaini kantu batekin bukatzen da, hain zuzen. Erraz asma daiteke Aitor Abio taldekideak “gorrotatzen zaitut” hiruzpalau aldiz marmarikatu eta publikoaren gainera jauzi egiten duen unea emanaldiaren gailurretako bat izan zela. Hitz horiek, “Jo!” kantuarenak dira. Denbora diskoko bosgarren abestia. Bortxaketa salatzeko kantua da. Gai bortitza, kantu bortitza. PI.L.T-ek beti garrantzia handia eman dio hitzen eta musiken arteko loturari. “Zerbait azaldu nahi baduzu musikarekin, lotuta egon behar dute hitzek eta musikak, eta kasu honetan gure helburu agian garrantzitsuena da”. Hori zioen Rafa Rueda taldeko kantari eta gitarra joleak 1998an Euskaldunon Egunkaria-ri eskaini elkarrizketa batean.
Hitzak eta musika eskuz-esku beraz, eta disko bereko kantuak ere berdin. Musika entzuteko gaur egungo moduak ikusita, ikuspegi nostalgiko samarra izan daiteke, baina disko on batean hala izan behar du. Egiazko lotura bat, logika bat behar da kantuen artean. Eraikuntza narratibo bat bada horren gibelean. Hala gertatzen da aipatu “Jo!”-ren eta justu aitzin datorren “Zein”-en artean. Bi zati horien arteko lotura organikoa da. Lehenaren azken notak entzun orduko, ondokoaren lehenak txistukatzen harrapatuko duzu zure burua. Lehenak lehenbiziko kolpea ematen badu, bigarrenak iltzea belarrian oraino gehiago sarrarazten du, diskoko une potenteenera heltzeko.
“Hil da jainkoa” eta lehen diskoa
Diskoaren erditsu alde honaino heldurik, altzariak leihotik botatzeko gogoa sartzen bazaigu ere, mungiarrek Esan Ozenki disketxeareakin kaleratu bigarren iraupen luzeko lan honek mota guztietako sentimenduak pizteko gaitasuna dauka. Bere estreinako diskoan (PI.L.T, Esan Ozenki, 1996) horretan tematu ziren jadanik. Lan hura Euskadi Gaztearen V. Maketa Lehiaketa irabazi ondoren iritsi zen. Rocka, metala eta funk doinuak batu zituzten hor, esperimentazioei ere tartea eskainiz, hala nola garaian batere ohikoak ez ziren teklatuak erabiliz. Hortik aterata den “Hil da Jainkoa” himnoak (eta ez “Bidarraikoa”, Ipar Euskal Herriko zenbait tokitan abestu izan zen bezala) ate dexente zabaldu zizkien eta kontzertu parrasta bat ematen hasi ziren orduan
Lehen disko hura bete-betean aurpegian bildu genuenok, bigarrena gaur egun zutikako kontzertuak igurikatzen ditugun modu berean goaitatu genuen, halako ezinegon batekin alegia, eta berriz ere une gogoragarri batzuk bizitzeko itxaropenarekin. 1998ko martxoan beraz, Aitor Abio (teklatuak eta ahotsak), Jose Manuel Sampedro Xanpe (bateria), Rafa Rueda (gitarra eta ahotsak) eta Txarli Solano (baxua) Bizkaiko Unbe mendiko Sagarminaga baserrian eta Deustuko Tio Pete estudioetan bildu ziren Jose Lastrarekin beren diskografiako bigarren atala grabatzera. Ezohiko grabaketa izanik ere, dena nahiko bizkor joan zen: diskoaren grabaketa eta nahasketa hilabete bateko kontua izan ziren. “Sagarminagan hegaz” abestian entzun daitezkeen txori kantuak kanpoan grabatu zituzten, bai eta gitarrak oihanean ere. Tio Pete estudioan ere, kanpora atera omen ziren ahotsen grabatzeko. “Grabazioa esperimentala izan da. Ez dugu lehen diskoko freskotasuna galdu nahi izan, baina aldi berean esperimentazioaren arriskua gureganatu nahi izan dugu”, kontatu zuen Rafa Ruedak diskoa aurkezteko Bilbon garaian eman prentsaurrekoan.
Diskoa zabaltzen duen kantuaren hastapenetik, lasaitu gara. Lehen diskoko single guztiz goraipatuaren pisua arin egin zaie. Bozina, zilogailu, txistu distortsionatu eta beste hotsez osatu sartze horrek berresten du esperimentazioa ADNean txertatua daukala eta taldea ez dela lortutakoarekin konformatuko. Jarraitzen dion “Automatak bezela” abestiko lehen minutua igaro eta, hona diskoko lehen ekaitzaldia. Hortan ere maisu da PI.L.T. Inork baino hobeki daki zati lasaiak une basati primitiboekin aldizkatzen. Segundu bakar batez zuritik beltzera iragaiteko gaitasun hori ez zaio edozeini emana.
Eta beti grisez…
Mungiarrek beste gaitasun bat badute baina: grisaren ñabardura guztiak margotzen dakite. Alabaina, mikrofonoa sostengatzeko gailu bat erakusten duen eta Joseba Poncerekin landu azalaren kolore nagusiak erakutsi bezala, disko hau hobekien ilustratzen duen kolorea grisa da. Kolore gabeko garai bat, garai grisa ote? Igor Martin de Vidales-en hitzak dituen kantuak ez du hortaz zalantza handirik. Deskribitzen duen egoera sozial eta politikoak ere ez. Hara Rafa Ruedak zioena diskoa alderik alde zeharkatzen duen koloreaz galdetzean: “Uste dut, alde batetik garaia grisa delako, eta bestetik, gure musikak horrelako koloreak iradokitzen dituelako”. Kolaboratzaileek sortu letrei, hiriaren, zikintasunaren kolorea darie, eta “Ta beti grisez”-ek gauzak behin betiko trinkatzen ditu. Kantuak groove izugarria dauka, Ampeg anplifikadoretik atera Txarli Solanoren baxuaren soinua eta Txanperen bateria zalapartatsuarena lagun. Jadanik lehen diskoan kolaboratu zuen Unai Iturriagaren hitzek preso baten egunerokotasuna kontatzen digute eta ahots distortsionatuak lau pareta grisen artean izatearen sentsazio hori areagotu bertzerik ez du egiten. Zalantzarik gabe, orain artekoa gris argia baldin bazen, oraingoa zeharo iluna da.
Disko hau hobekien ilustratzen duen kolorea grisa da. Letrei, hiriaren, zikintasunaren kolorea darie. Taldek grisaren ñabardura guztiak margotzen daki
Aipaturiko “Zein” eta “Jo!” sutsuen ondotik, erritmoa zertxobait lasaitzen da. Giro mehatxugarriak hor jarraitzen du haatik, piano batez lagundua eta diskoari izena ematen dion “Denbora” kantu goxoan ere. Bere melodia eraginkorrari eta pop sentikor kutsu horri esker, urteak airez-aire gainditu dituen kantua. Nola ez, denboraren kontzeptua nahiko presentea da diskoan zehar, izan hitzetan ala kantuen giroan, “90″ izeneko abestia lekuko. 90 urteko bi pertsonaren arteko amodio istorioa kontatzen zaigu hemen, Joakin Picazaren bukaerako gitarraren solo negartiak ederki asko azpimarratzen duena. Melodikoa izanik ere, zati honek ere alde ilun bat badauka, Rafa Ruedak idatzi kantu anitzetan gertatu bezala. “Itsutuko naiz”-en funk eta metal doinuek aldiz, lehen diskoko girora eramaten gaituzte, lelo itsaskor eta guzti. Inguratzen gaituena ikustea baino, hobe itsu gelditzea batzuetan. Bizi dugun garaian, neke da bertze zerbait pentsatzea. Ez pentsa halere, PI.L.T-ek jota gelditzeko asmoa duenik. Dena da esperimentaziorako gai, dena da jostatzeko aitzaki, abestiaren bukaerako soinu bolumen aldaketek frogatu bezala.
Bigarren CD honen zortzigarren kantua, taldearen kantutegiko zati enblematikoenetarik bat da. “Hotzez minduta”-k dena badu: Ruedaren ahotsaren sentsibilitatea, melodia, riff metaleroaren leherketa, apainketa elektroniko dotoreak… “Hotzez minduta gogoratzen dut zein gozo dan sua”. Beharbada giroz aldatzeko duten gaitasun paregabe hori hobekien islatzen duen kantua da.
Aitortu behar da. Denbora bere garaian arrunt aitzinean zen talde baten diskoa da. PI.L.T-koek ikutu elektronikoz janzten jakin dute, konfinamendu garaian asperturik, teklatu vintage-rekin saltseatzen ibili diren artista guzti horiek baino askoz lehenago. Aski bitxiki halere, Rafa Ruedak zera zioen 1998an: “Disko honetan saiatu gara gutxi erabiltzen. Uste dugu makinekin nahiko arriskutsua dela lan egitea. Ordenadoreek eta makinek milaka aukera dituzte eta arriskua da zuk makina kontrolatu beharrean, makinak zu kontrolatzea.” Hortaz, makinak, Aitor Abioren sintetizadoreak nagusiki, ezagutzen dituzten heinean baliatu dituzte. Diskoa entzunez bestelako inpresio bat izaten ahal bada ere, sanplerrik ez dute erabili adibidez.
Metal disko bat baino gehiago
11 kantuz osatzen den 50 minutuko obra honetan, lurralde berriak ikertzeko etengabeko gogoa nabarmena da. Estreinako lan haren arrakasta egin zuten osagai nagusiak atxikiz, taldea urrunago joan da, disko aberatsagoa eta iraunkorragoa lortzeko. Denbora-k beste konplexutasun bat badauka, baina gehiegikerian lerratu gabe. Horrez gain, melodiek tarte handia dute diskoan. Metal disko bat izanik ere, harmonikoki eta melodikoki, hainbat kantu pop kutsukoak dira. Disko ilun, baina denbora berean intimista batekin, Pi.L.T-ek metalzaleak ez zirenak musika horretara hurbilarazteko meritua eta gaitasuna izan du. Hemen, ahotsa bada, berunezko riffak badira, aztoratzeko moduko bateria, baxu indartsu eta zehatza ere, teklatuen erabilpen egokia, baina bereziki kantuak badira. Lan hau perfekzio abalantxa bat da. Zenbakien diktadura gupidagabeak dio lehen diskoa baino gutxiago saldu zela. Tira, The Velvet Underground and Nico (1967) ere arras gutti saldu omen zen atera zelarik. Sekula ez da berantegi beraz…
Ondoko urteak
Ondotik grabatuak izan diren beste hiru diskoekin —3 (Esan Ozenki, 1999), Minus (Metak, 2002), Game over Metak, 2004)—, itzalik gabeko diskografia utzi digu taldeak eta erreferentzia bat bilakatu da ondoko belaunaldientzat ere, Berri Txarrak-etik Nikkin-era, Sorotan Babies-etik Lotura-raino. Hasieratik, pop melodia sentikorrez eta elektronika esperimentazio ausartez aberastu metal aitzindari bat eskaini du, 90. hamarkadako bigarren zatia bere erara markatuz, bere diskografian zehar metalaren bortizkeriaren eta pop doinuen gozotasuna aldizkatuz. Honezkero, kultuko talde bilakatu da, bai Euskal Herrian bai harago ere, Faith No More, Helmet, Korn, Fear Factory eta lagunak zituzten Clawfinger bezalako taldeek osatu puntako metal alternatiboaren familia handian naturalki integratuz.
Taldea desegin ondoan, kideek bide desberdinak hartu dituzte. Hor dago Aitor Abiok Matxura edo Revolta Permanent taldeetan egin bidea edo Gaua estudioan egin lan aparta. Hor daude Rafa Ruedak egin mota guzietako kolaborazioak eta daraman bakarkako bide paregabea ere. Artista hauek, beti urrats berriak ematen jarraitu dute, estiloei eta etiketei erreparatu gabe. “PI.L.T, Rafa Berrio zein Mikel Urdangarinen taldeetan estilo desberdinak jorratu arren, dena da erritmoa eta melodia. Badago estiloaren arabera musikariak sailkatzeko joera. Baina,ni hori apurtzearen alde nago”, aitortu zuen 2017/2018ko Entzun! disko-liburuan irakur daitekeen elkarrizketa batean. Bakarka kaleratu duen Rueda (Zart) azken lanean ere ez da esperimentaziorik falta izan. Urte batzuk lehenago metalarekin gertatu bezala, oraingoan Euskal Herriko pop eszena da ostiko galanta bildu duena. Abisatu zuten. PI.L.Teko musikariak beti prest dira gure musika eszena aurpegian jotzeko.