2021.10.26
Proiektu berri batek bere burua ezagutzera eman du gaur. Libe Garcia de Kortazar eta Jon Basaguren musikariek sorturiko Pasadena taldeaz ari gara. Urteak daramatzate elkarri laguntzen kantuak osatzeko orduan —hala Liberen bakarkako diskoetarako nola Basagurenek gidatzen duen Izaki Gardenak-en diskoetarako—, baina orain arte ez dira hastapenetik biona izango den disko batean pentsatzen jarri.
Azaroaren 2an ikusiko du argia Pasadenaren lehen diskoak CD eta LP formatuetan. Zortzi kantu bilduko ditu, eta haiek janzteko Danilo Foronda (baxua eta gitarra elektrikoa) eta Dani Arrizabalaga (bateria) musikarien laguntza izan dute Libek eta Basagurenek. Aurrerapen gisa, “Goibela arnasten dute” abestia zabaldu dute.