Musika

‘Paraxuta’ (Osso, 2014)

paraxuta

Simetrikoa da oso. Bi bizardunek oso-tzen dute. Haritz Lete eta Sergio Ruiz dira Osso. Rock gogorraren marmitan erori ziren, eta hezi ahala tarteka atera izan dira. Paraxuta-rekin aurkeztutakoa ez da Eraso!, Cobra edo Kokein-en arteko nahasketa. Baina ez daude oso urrun. Biko formatuaren modatik harago, gauza sendoa lortu dute. Zuzenera nola eramaten duten ikustea falta da. Desertu espazialera eramango gaitu Galtzaileak jaiotzez” aurreneko kantuak. Stoner-rock bizi zein geldoa dugu bidelagun. Aurrerantzean ere, Non zinen?” galdetuz eta Hiltzen bagaituzte hobe” dantzatuz. «Baina otsoak gara, hortzak erakusteko prest». Bagenekien. Gutxi honekin” pausatuan, letrak du indarra. Kontrasteak oso presente dituzte: rock klasikoa (Ez du merezi”) eta post-rocka (Udazkenean negua”), adibidez. Halere, irmo beti.

(Berria egunkarian, 2015eko otsailaren 1ean argitaratutako kritika)

ETIKETAK:DiskoakKritikakOssoParaxuta