Musika

Iraia Vieira Gil

2023.03.21

Iraia Vieira Gil

Paradisu Zinema musika bekaren lehen aldian parte hartzeko epea zabalik da

Iñigo Muguruza musikariari «omenaldi xume bat» egiteko asmoz eta euskal musikarien lanak sustatzeko helburuarekin, Paradisu Zinema musika beka martxan jarri dute Elkar argitaletxeak, EHZ festibalak eta Antxeta irratiak. Edozein musika taldek parte hartu ahal izango du. Aitziber Zapirain Antxeta irratiko koordinatzaileak adierazi du oso polita dela sormen proiektuak modu horretan garatu ahal izatea, sortzaileentzat oro har «hain gogorra izaten ari den garaian».

Paradisu Zinema musika bekaren aurkezpena, atzo, Eusko Ikaskuntzaren Baionako egoitzan. (GUILLAUME FAUVEAU)

Bihartik aurrera izango dute parte hartzaileek beren lanak bidaltzeko aukera, eta ekainaren 30era arte egongo da zabalik horretarako epea. Hori bai, lanek gutxieneko baldintza batzuk bete beharko dituzte: aurkeztuko dituzten abestiek originalak, argitaratu gabeak eta euskarazkoak izan beharko dute. Disko osoa bidali beharrean, taldeek bizpahiru kantu besterik ez dute entregatu beharko. Haien lana laburbiltzen duen eta taldea nor den azaltzen duen aurkezpen dokumentu bat ere atxiki beharko dute.

Gutxienez, hamar kantu

Andres Kamio Elkar Musikako arduradunak, Joana Barbier EHZ festibaleko antolatzaileak eta Maia Muruaga Antxeta irratiko kazetariak osatuko dute epaimahaia. Irabazleak 10.000 euroko laguntza jasoko du diskoa ekoitzi, editatu eta haren sustapena egiteko. Gainera, 2024ko EHZ jaialdian jotzeko aukera izango du. Sortutako lanaren jabetza egilearena izango da, eta, gutxienez, hamar kantuz osatuta egongo da.

Aurtengo irailean jakinaraziko dute nork irabazi duen, eta neguan ekingo dio hark diskoa grabatzeari. Hilabete batzuk geroago, udaberrian, aurkeztuko dute bekaren emaitza. Aurtengo deialdiak arrakasta izatekotan, 2025ean beste beka bat eskaintzeko asmoa dute antolatzaileek. Zapirainek esan bezala, «onenak irabaz dezala paradisurako bidea!».

ETIKETAK:EHZElkarIñigo MuguruzaParadisu Zinema beka