Herri Urrats 2019, Nafarroa gunea.
Maiatzaren 12an izango da Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festa, Senpereko (Lapurdi) lakuaren inguruan. Makina bat jarduera antolatuko da egun horretarako, eta, urtero moduan, musikak berebiziko garrantzia hartuko du. Aurten, gainera, maketa lehiaketa bat antolatu dute lehen aldiz, euskal eszena berriko taldeei leku bat egiteko asmoz, BERRIAren Badok atariak babestua. Abenduaren 3tik urtarrilaren 4ra bitarte zabalik egon da lehiaketan izena emateko epea, eta erantzuna «aparta» izan da, Koldo Rodriguez Herri Urratseko antolatzailearen arabera. Denera, 51 taldek aurkeztu zituzten lanak, eta horien artean berrogei onartu ditu epaimahaiak. Talde horien artean irabazlea nor izango den deliberatu behar dute orain; otsailaren 16an emango dute irabazlearen izena.
«Aurreikuspen guztiak» gainditu direla aitortu du Rodriguezek, bai jasotako lanen kopuruari dagokionez, bai kalitateari dagokionez. Maketa lehiaketan parte hartzeko, baldintza bakarra bete behar zen: euskaraz abestea. Herri Urratseko antolatzaileak azaldu du ez zutela espero hainbeste taldek izena ematea: «Erantzukizun handia dauka orain epaimahaiak irabazlea aukeratzeko. Aski zaila du». Horrek eragin du irabazlea jakinarazteko data hamabost egun atzeratu behar izatea, hasieran otsailaren 2an esan behar baitzuten.
Herri Urratseko antolatzaileetako batzuk, euskal musika eszenako musikari hainbatek eta Badok atariko koordinatzaileak osatzen dute epaimahaia, eta haien esku egongo da irabazlea hautatzea. Irabazten duen taldeak maiatzaren 12ko festan zuzenean jotzeko aukera izango du, Nafarroa gunean.
«Harmonia» lortu dute
Ez dute lan makala eskuartean, maketen kalitatea «izugarria» baita. Aurkeztutako lanek erakusten dute Euskal Herrian talde andana ari dela musika egiten, «musika ona egiten», Rodriguezen esanetan. Kalitatearen neurria eman du: «Garai batean, maketa bat egitea soinu txarrarekin lotzen zen, baina gaur egun ezin daiteke horrelakorik esan, jaso ditugunak ez baitira maketak: diskoak dira».
Aurkeztu diren taldeen artean nolabaiteko «harmonia» bat lortu da. Batetik, Euskal Herri osoko taldeak aurkeztu direlako —Ipar Euskal Herrikoak asko eta asko—, eta, bestetik, musika estilo eta genero askotarikoak lantzen dituztelako. «Aniztasun handia» dagoela azpimarratu du Rodriguezek: folka, ska,reggae, popa, metala, rocka, elektronikoa…
«Garai batean, maketa bat egitea soinu txarrarekin lotzen zen, baina gaur egun ezin daiteke horrelakorik esan, jaso ditugunak ez baitira maketak: diskoak dira». KOLDO RODRIGUEZ Herri Urratseko koordinatzailea
Emakumezkoen eta gizonezkoen presentzia ahalik eta parekatuena izatea nahi zuten, baina, azkenean, gizonezkoek osatutako taldeak dira nagusi —hamar taldetik zazpi—. Nolanahi ere, Rodriguezek ziurtatu du emakumez osatutako musika taldeak egongo direla Herri Urratseko programazioan.
Aurkeztu diren taldeekin zerrenda bat onduko dute, gaztetxeen eta musika aretoen artean zabaltzeko. Eta, gainera, gaurtik aurrera, hemen, Badok atarian entzungai egongo dira.