Musika

badok

2019.09.10

badok

Ostiralean hasiko da Arkupehotsak-en egitaraua

Polybius eta Haxotz taldeek irekiko dute ostiralean, 22:0etan hasita, Arkupehotsak egitasmoaren hirugarren edizioa. Azpeitiko (Gipuzkoa) Sanagustin kulturguneko arkupea musikari berrien plaza bihurtuko da hilabetero Kulturaz kooperatibak sustatzen duen ekimen honen bidez. Urriaren 4ean Txost! eta Maddi aholtzaratuko dira arkupeko eszenatokira, eta azaroaren 29an Habi eta Agian taldeak. Abenduan geldiunea egin ondoren, urtarrilean ekingo zaio berriro egitasmoari: datorren urte hasieran beste hiru kontzertu izango dira. Horrez gain, Arkupehotsak egitasmoan izena eman zuen Saia Goait taldeak Soziedad Alkoholika taldearekin jotzeko aukera izango du azaroaren 9an.

Ostiraleko kontzertuaren aurretik, Polybiusen entsegu lokalean egon da Kulturaz. Iaz bere lehen diskoa kaleratu zuen Zestoako (Gipuzkoa) laukoteak. Taldearen nondik norakoez, Polybius izenaz edota ostiralean ematekoak diren kontzertuaz hitz egin dute elkarrizketa eta musika uztartzen dituen bideoan.

Aurreko edizioetatik ikasitakotik abiatu eta soinu berrien plaza eraginkortzeko, zenbait egokitzapen egin dira hirugarren edizio honetan. Besteak beste, izen-emate epea irekia da -data kontuan hartuko bada ere-, kontzertuen promozio bideoak grabatuko dira, eta, lehengo hedapen bideez gain, kontzertuetako bideoak Hamaika Telebistan ere eskainiko dira.

Arkupehotsak ontzerako garaian Kulturaz kooperatibak azken urteotan jorratzen zen bi osagai garrantzitsu uztartu ziren. Batetik, eduki gisa, kultur jarduna modu integralean jorratzeko nahia eta kasu honetan musikaren alorra bere zentzu eta adierazpenik zabalenetan lantzeko ahalegina. Horregatik, programazioaz gain, sentsibilizazioa, sormen prozesua, publiko berrien sustapena eta formazioa ere xede ditu kultur mahaiaren kooperatibak. Bestetik, baliabide edo egitura-osagai gisa, “Arkupea” oholtza. 2015ean hasi ziren Sanagustin kulturguneko aldameneko arkuan eszenatoki formatu berri bat atontzen eta sortzaile berriei plaza eskaintzen. Formatu honek gertutasun gehiagorekin eta modu dinamikoagoan musika, antzerki edo bestelako kultur adierazpenak plazaratzea ahalbideratzen du. Orain, gainera, eszenatoki finkoa jarri da arkupean.

DATOZEN KONTZERTUAK

  • irailak 13: Polybius eta Haxotz
  • urriak 4: Txost! eta Maddi
  • azaroak 29: Habi eta Agian
ETIKETAK:AgianArkupehotsakAzpeitiaHabiHaxotzKulturazKulturaz KooperatibaMaddiPolybiusSaia GoaitTxost!