2015.01.02
Xabier Iriondo musikari italiarrak soinu batzuk bidali zizkion Keu Agirretxeari (Ondarroa, Bizkaia, 1973). «Soinu arraro batzuk», dio Agirretxeak. «Eta nik kantuen forma eman nien». Biak konturatu ziren zerbait polit sor zezaketela, eta esperimentuari bidea irekitzea erabaki zuten. Hiru urte geroago, KX diskoa da emaitza (Mauka). Keuk ez daki, zehatz-mehatz, nola definitu ondu dutena, zein estilotan sailkatu, baldin eta horretarako beharrik baldin badago; baina iruditzen zaio puzzle bat osatzeko ahalegina dela egin dutena. Hori bai, laneko hamar abestiek ukitu abangoardista dutela nabarmenduko luke.
Ia nahigabe elkar topo egin zuten, musikalki behintzat, Iriondok eta Keuk. Aita ondarroarra zuen Iriondok, eta udaro etortzen da Euskal Herrira. «Pertsonalki, duela hiru urte pasatxo ezagutu nuen. Italiarra da, bai, baina ondarroarra ere sentitzen da, eta hona etortzen da deskonektatzera», argitu du Keuk. Trukatu zituzten mezu elektroniko batzuk, eta batak besteari materiala bidali. «Nik, Etsaiak, Governors, Fjord eta nire bakarkako lanak, eta berak niri Afterhours eta besteren batzuk».
Dezenteko sonako musikaria da Iriondo Italian, eta aipatutako taldeko, Six Minute War Madness eta A Short Apnea taldeetako kidea izan da. Italiako zein handik kanpoko hamaika talde eta bakarlarirekin kolaboratu izan du —estudioan eta zuzenekoetan—, eta, gainera, berak sortutako instrumentuekin esperimentatzen hasi zen duela hamabost urte. Grina horri jarraiki, Sound Metak izeneko denda zabaldu zuen Milanen, eta 2005 eta 2010 artean performanceak, kontzertuak eta beste antolatu zituen han.
Langintza horietan bildutako eskarmentua irauli du diskora. «Diskoa irekitzen duen abestian, “Sekretua“-n, aditzen diren zaratak, atmosferak, bidali zizkidan. Erabat atonala zen: ez zeukan ez melodiarik, ez akorderik…», azaldu du Keuk. Eta zera pentsatu zuen: «Zeu arraroa? Bada ni gehiago! [umorez]». Gehitu zizkion akorde batzuk, melodiak… Iruditzen zaio arriskatu direla soinuarekin, eta erraz joan den arren, hamar kantu dira azkenean. «Bada zerbait, eta ematen du lana, bai».
Hitzak Keurenak dira bi kantutan, eta diskoaren ardatza Ondarroa bera izatea nahi zutenez, herriko bi poetak kolaboratu dute: Kirmen Uribek bi abestiren hitzak ondu ditu —horietako batean abestu ere egiten du—, eta Mikel Etxaburuk bostenak.
Falsetto moduan kantatzen du Keuk abestietan, zoli-zoli. Urteekin joan da bere abesteko modua moldatzen. «Ez daukat ahots bikaina, eta bakoitzak bere errekurtsoak dauzka». Izan ere, duela hamabost urte, bakarkako ibilbideari ekin zionean, ez zen kantatzera ausartzen. Ibili horretako lehen hiru diskoak instrumentalak izan ziren. Jon Gurrutxaga eta Mikel Arakistainekin jotako Heltzear diren egunak lanean (2006) hasi zen abesten. «Orduan baino seguruago sentitzen naiz. Gauza guztiekin bezala, lekua topatzea da kontua. Gitarra hartzen dudanean, orain ezin naiz kantatu gabe egon!». Uste du hala jokatzen duela disko asko egin dituelako. «2003tik edo 2004tik, gelditu gabe nabil». Hala da. Orduz geroztik gaurdaino, KX diskoaz gain bakarkako beste sei lan argitaratu ditu, eta hainbat proiektutan kolaboratu du. «Behin, Angel Katarainekin Fjorden disko bat grabatzen ari ginela, Katarainek esan zidan inspirazioak gutxi irauten duela. Iltzatuta geratu zitzaidan esan zidana».
Eta horretan dabil, 41 urterekin. Egiten dituen etenaldiak ez dira oso luzeak izaten. «Ezingo nuke». Eta eman du bere sorkuntza jarioa ulertzeko gakoetako bat: «Igual erraztasuna daukat kantuak sortzeko, eta ez naiz hain perfekzionista, ez diedalako buelta askorik ematen ez konposaketei ez eta grabaketei ere. Gutxienekoa betetzen badute, aurrera».
(Berria egunkarian, 2014ko abenduaren 31n argitaratutako artikulua)