Musika

Uxue Rey Gorraiz

2024.05.07

Uxue Rey Gorraiz

Osatu dute EHZren kartela: Gorka Urbizu, Ezezez, Anari eta beste ariko dira

Anari, zuzeneko batean.

Anari, zuzeneko batean. ARITZ LOIOLA

Argitaratu dute EHZ Euskal Herria Zuzenean festibalaren aurtengo programazio osoa azkenereko. Kontzertuak, tailerrak, mahai inguruak, akrobazia ikuskizunak; denak iragarri dituzte jadanik. Eta azken informazio kolpe honetan jakinarazi dute talde hauek ere ariko direla jaialdian, besteak beste: Gorka Urbizu, Anari, Ezezez, Meule, RTZ kolektiboa, Broken Brothers Brass Band, Bloñ, U, Vox Low, Auhen, Raimundo el Canastero eta Katoum. EHZren webgunean jaso dute kontzertuen zerrenda osorik, honezkero iragarria baitzuten talde hauek ere joko zutela aurten: Nakar, Benizze, Lysistrata, Eesah Yasuke, Vincen Garcia, Su Ta Gar, Sune, Rudiger, Auhen, Pelax, Old School Funky Family, Janus Lester eta Octopussy.

Iazko irailetik jakina denez, Arberatzen (Nafarroa Beherea) eginen dute festibala aurten, estreinakoz. EHZk ohikoa du zenbait urtean behin lekualdatzea. Arrosan (Nafarroa Beherea) abiatu zen, 1996an, eta han iragan zen ospakizuna 2003 arte. Ondotik Zuberoara jo zuen, Idauze-Mendi herrira zehazki, eta 2009ean Heletara jo zuen (Nafarroa Beherea). Lekornen (Lapurdi) 2013tik 2017ko epean egon ondotik, Irisarrin lurreratu zen 2019an eta 2023ra artean. Festibalak beti du, dena dela, antzekoa data: uda hasiera. Aurten, zehazki, ekainaren 28tik 30era bitarte eginen dute.

Bi agertoki nagusi izango ditu festibalak Arberatzen: pentzea eta plaza. Eta batean edo bestean ariko dira kartela osatzen duten musika taldeak. Edonola ere, kalean barna ere ariko dira zenbait txaranga-eta. Gainera, guztia ez da musika izanen: zenbait mahai inguru, tailer eta bestelako ikuskizun ere jaso dituzte gaur kaleratutako programazioan. Adibidez, larunbat arratsaldean afrikar dantza tailerra izanen da plazan, eta iganderako emanaldi hauek jakinarazi dituzte berriki: Pantzo Man Showren ikuskizuna antzerki gunean eta Par-Alleles konpainiaren Face à face dantza obra plazan.

Arberatzeko eskola publikoan eginen dituzte eztabaida eta hitzaldiak, eta, horietan, besteak beste gai hauek jorratuko dituzte: Palestinaren egoera, Europako paktua eta immigrazio legea, laborarien urte hastapeneko mobilizazioak, festibal eta musikagintzaren ereduak, Ertzaintza eta teknologia berrien erabilpena, eta euskara. Argitu dutenez, zehazteko daude horien inguruko zenbait xehetasun.

Antolatzaileek gogorarazi dute salgai direla festibalerako sarrerak, eta, are, zabalik dela EHZren laguntzaile izateko aukera, prentsara igorritako oharrean behin baino gehiagotan errepikatu dutenez. Izan ere, jakinarazi dute, adibidez, ekainaren 19an eginen dute festibalerako premiazko diren azpiegituren muntaketa, eta guztientzako dela irekia hori. Laguntzaile gisara izen emateko bidea ere webgunean da paratua.

ETIKETAK:EHZ programazio 2024