Musika

Ainhoa Sarasola

2022.10.08

Ainhoa Sarasola

Oreka aurkitzeko, kantuan

Krisialdi pertsonal bat igaro zuen, eta, oreka galtzearen sentsazioari aurre egiteko, sormenean aurkitu zuen tresnarik indartsuena Markos Untzeta musikariak. Pandemia iritsi zen ondoren, eta garai hartan orekarik eza sentipen kolektiboago bat ere izan zitekeela pentsatu zuen. Bizipen horien emaitza dira Ekilibrista diskoan jaso dituen hamar kantuak. Aurreko lanetan bezala, countryaren, bluesaren eta pop-rock amerikarraren doinuekin jantzi ditu abestiak bere seigarren lanean ere, eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin eman du argitara.

Markos Untzeta

Untzetak berak azaldu duenez, «oreka pertsonala galtzean, egoerari zein tresnarekin egin ahal zaion aurre» aztertu du diskoan, eta hari horrek lotzen ditu kantu guztiak. «Nire kasuan, sormena izan zen erabili nuen tresna nagusia. Bizi izandako krisialdi pertsonal bati eta ondoren etorri ziren pandemiari eta horrek sortutako egoerari erantzun bat eman nahi nien, izango zena sortzailea, batetik, eta bizizalea, bestetik. Ez nuen egin nahi zerbait iluna edo tristea, nahi nuen egin zerbait bizia eta taupakaria». Eta diskoan hori islatzea lortu duela uste du.

Bildumako zortzi kantu pandemiaren aurretik ondu zituela esplikatu du musikariak, eta, beste biak, berriz, pandemiaren ostean. «Ordurako jada banuen irakurketa desberdin bat egitera bideratzen zuen kantu multzo bat. Jada ez zen norbaiti gertatu ahal zaion zerbait, baizik eta gizarteari gertatu zitzaion zerbait; ekilibrista ez naiz ni bakarrik izan, guztiok izan ginen ekilibristak noizbait sasoi hartan, eta bestela ere bai».

Azken hamar urteotan alboan izan duen bidelagunarekin, Giovanni Zanon gitarristarekin landu zituen kantuen oinarriak zein moldaketak Untzetak. Orain dela urtebete, maketa bat grabatu zuten Haritz Harregiren estudioan, eta horixe izan zuten oinarri gero beren ekarpena osatzeko bai Karlos Aranzegik (bateria) bai Fernando Neirak (baxu elektrikoa eta kontrabaxua). Untzeta: «Egia esan, oso ondo bereganatu zuten. Maketa grabatu genuenerako kantuak oso landuak zeuden, eta horrek asko erraztu zuen lana». Entsegu saio batzuk egin ondotik, berriro jo zuten Harregiren estudiora kantuak grabatzera, eta haren lana ere txalotu du Untzetak, emaitzarekin «oso pozik» geratu direla nabarmenduta. «Hau izan da grabatu ditugun diskoetan gehien landua, prestatua, detaile txikietan atentzio handien jarri duguna, eta prozesuaren urrats guztiak hoberen zaindu dituguna».

Untzetarekin grabatu duen bigarren lana du Zanonek, eta, haren ustez, «alderdi ia denetan hobekuntza nabarmena» sumatzen da lan berrian. Horretan, beste bi musikarien ekarpenek zerikusi handia izan dutela uste du. Lortu duten sonoritatea nabarmendu du. «Ni ez nago Markosen buruan, baina harekin egindako ibilbidea eta gero, hainbeste denbora elkarrekin pasatu eta gero, esango nuke asko hurbiltzen ari dela aspalditik nahi izan duen horretara». Une oro soiltasuna izan dutela iparrorratz gehitu du. «Lan hau izan da guztia jarriz hasi, eta, ondoren, kentzen eta kentzen joatea, ia biluzteraino; hala sentitzen dut nik. Oso lan biluzia da». Eta bat etorri da Untzeta harekin: «Soiltasunaren, gardentasunaren eta moldaketa delikatuen bila joan gara».

Gitarra soilez eta harmonikaz, diskoko lehen kantua, “Ekilibrista” eman dute biek lana aurkezteko agerraldian. Ordea, bildumakoak «kantu elektrikoagoak» direla ohartarazi du Jose Felix Azkarate Xarra Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko kideak. Gogorarazi du Untzetak orain dela hogei urte hasi zuela bere ibilbidea, eta lan akustikoak zein elektrikoak tartekatu izan dituela ordutik, baina «bere bidetik gutxi apartatu» izan dela; euskaraz kantatzetik, eta bluesaren, countryaren eta Ameriketako musikaren ildotik, alegia.

Beldurrak, dudak, beharrak

Lehen kantuak iragartzen du diskoaren gai nagusia dena. «”Ekilibrista”-k modu oso zuzenean hitz egiten du oreka galtzen dugunean izaten ditugun beldurrez, galderez eta beharrez. Oreka galtzean, saiatzen zara ulertzen zer gertatzen den zure barruan eta zure inguruan, eta hortik doaz, kantuz kantu, diskoak gero garatzen dituen gaiak», azaldu du Untzetak.

Kantuak berarentzat zer diren, idaztean zertan ari ote den galderari musikariak eman dion erantzuna litzateke, berriz, “Aztarnak”: «Kantu bakoitza munduan uzten dudan aztarna bat da, erregistro bat, hemendik pasatu naiz eta hemen dago horren testigantza. Eta horrek badauka bere balioa». “Beheko solairua”-n, krisialdian bizi izandako antsietate momentuak deskribatu ditu, «baina ez emozioen aldetik, modu hotz, zuzen eta objektibo batean baizik». Eta “Maitasunaren atea”-n, maitasuna bera aldarrikatu du, horixe baita, haren ustez, oreka galtzean ase beharreko aurreneko beharrizana: «Maitasunaren atetik kanpo ez dago bizitzarik, ez dago ezer».

“Izaki isilen bizilekua”-n berarentzat «txikiak baina funtsezkoak» diren kontzeptuak zerrendatu ditu. “Maskara”-k, berriz, pandemia garaiari ez, baizik eta nork bere ezinak ezkutatzeko janzten dituen mozorroei egiten die erreferentzia. “Beti dabil zerbaiten bila” piezan bere buruaz ari dela aitortu du Untzetak, baina baita «inkonformista den eta bere ametsetan sinisten duen jendeaz» ere.

Horiek denak osasun krisia piztu aurretik idatzi zituen, eta diskoa osatzen duten beste biak, berriz, osteko egoerari erantzuteko. Sasoi hartan sentitutako frustrazioa du hizpide “Zertan geratu da nire babeslekua?” kantuak, eta ziurgabetasun sentipena, berriz, “Agian bai, agian ez” izenekoak.

Egun jakinik iragarri ez badu ere, aurrerantzean lana zuzenean aurkezteko asmoa du. Neira eta Aranzegiren ordez, Walter Tuzzeok (baxua) eta Iñaki Ortegak (bateria) joko dute kontzertuetan.

ETIKETAK:Markos Untzeta