2015.02.03
Rockomikiak. Binetak & Doinuak erakusketaren harira antolatutako ekitaldi sortari amaiera eman zion Harkaitz Canok iragan larunbatean, musikak euskal literaturan eta komikigintzan duen presentziari buruzko hitzaldi batekin —erakusketa astebetez luzatu eta otsailaren 7ra arte egongo da zabalik Donostiako Koldo Mitxelenako Ganbara aretoan—. Bi ideia nagusi azpimarratu zituen idazleak ordubeteko hitz-jarioan: batetik, euskal literaturan ez da oraindik rock&rollaren nobela arketiporik idatzi, eta bestetik, idazten duten musikariak izan dira musika euskal literaturara ekarri dutenak.
Bigarren tesi horretatik abiatu zen Cano bere hitzaldian, eta bi izen aipatu zituen hura baieztatzeko: Mikel Hernandez Abaitua eta Xabier Montoia. Hernandez Abaituaren musikari alderdia ezaguna ez bada ere, bere garaian kantari eta gitarrista aritu zen idazle gasteiztarra —ez zuen ezer grabatu—, eta bere lehen ipuin liburuan, Panpinen erreinua (1983), rock&rollari buruzko aipamenak daude. Urte berean kaleratu zuen Montoiak Anfetamiña poema liburua, zeina Sex Pistols taldeari eskainia dagoen eta poema ezagun honekin hasten den:
Batzuentzat
Jesukristo gurutzera
(lapurren artean)
igo zenean,
hasten da historia.
Beste batzuentzat, aldiz,
Leninek —txapela kenduz—
«Botere osoa sovieterako»
deiadar egin zuenean,
Finlandiako geltokian.
Niretzat
David Bowiek ilea moztu zuen
egunean.
Idazleek rock munduaren giroa —zentzu zabalean— fikzioan islatzeko interesik ez izateko arrazoia da, Canoren iritziz, “literarioak ez diren gauzen kontzepzio bat” zegoela 80ko hamarkadaren hasieran, “eta punkia ez zen literarioa horren arabera. Literatura nolabait gauza parnasiano bat zen 1983an”. Hain zuzen, garaiko argitaletxe konbentzionalek —”zehazki, Luis Haranburu-Altunak”— ez zuten Anfetamiña argitaratu nahi izan, eta horren ondorioz eman zuen Susak, ordura arte “aldizkari fanzineroa” zenak, liburuen argitalgintzan sartzeko urratsa.
Urte batzuk geroago, 1994an, Literatura eta Rock & Rolla hitzaldia eman zuen Hernandez Abaituak, eta Emak Bakia Baitak argitaratu zuen. Bertan Hernandez Abaituak dio Gabriel Arestiren Beste mundukoak eta zoro bat antzezlanean dagoela berak euskal literaturan aurkitutako rock&rollaren lehen aipamena. Hain zuzen, obra horretako pertsonaietako batek kanpoan bolada batez igaro den beste pertsonaia batez esaten du: “Handik Beatle bat bihurturik etorri zen”.
Hernandez Abaituak hitzaldi hartan azaldutako teoria bat gogora ekarri zuen Canok: “Abaituak dio 80ko hamarkadan jazza literariotzat jotzen hasi zela, argitaletxeetan boterea zutenek jazza bizi izan zutelako betidanik. Badirudi literaturarako noblezia kartak dituela jazzak orduan. Eta rock&rollak oraindik ez duela bere Julio Cortazar dio Abaituak. Ez Bret Easton Ellis, ez Hanif Kureishi ez dira iristen rock&rollari gorentasun literarioa ematera. Galdera da: 20 urte geroago, rock&rollaren arketipo literario sendorik ba al dago, oro har? Eta euskal literaturan?”.
Nazioarteko literaturan erantzuna liteke baietz. Nick Hornbyren High Fidelity aipatu zuen Canok, “oso liburu ona, beharbada musika fanatikoentzat soilik bada ere”. Gaztelaniazko zenbait izenburu ere eman zituen. “Gu idazten hasi ginenean, 90eko hamarkadan, zer irakurtzen genuen? Raro, Benjamin Pradorena, azalean Kurt Cobain azaltzen zela erosi nuen. Heroes, Ray Lorigarena, azalean egilea bera azaltzen da, diskoetan bezala, kalabera baten eraztun handi batekin eta Mahou botila batekin. Hori zerbait erakargarria zen niretzat”. Euskal Herrian, High Fidelity-ren baliokidea, Martxel Mariskalen Me llamo Ezekiel y así será siempre izango litzateke, Canoren arabera, “baina kasualitatez, gaztelaniaz idatzita dago”. Borja Iglesiasen Mu (Bidehuts) ere aipatu zuen “musikariei asko gustatzen zaien” liburu bezala.
“Euskaraz ez dugu horrelakorik, eta jada zenbait urte pasa dira”, esan zuen Canok. Badugu Galdu arte (Susa, 1996), Juan Luis Zabalarena, “nobela generazionala eta 80ko hamarkadako gaztetxe giroa ondo kristalizatzen duena”, eta badugu Non dago Stalin? (Susa, 1991), Xabier Montoiarena, zeinean “musikarien fantasiak” agertzen diren: kazetarien galderei zer erantzun, non entseatzen zuten, zergatik jotzen duten… [paperetan jarrita eraman zuen baina azkenean ez zuen aipatu: Unai Iturriagaren Berandu da gelditzeko-k (Susa, 1999) ere rock&roll giroa jasotzen du —kasu honetan ere, kantari aritutako bertsolari bat da musika literaturara eraman duena—]. Horretaz aparte, “keinuak” daude. Aingeru Epaltzaren Rock’n’roll (Elkar, 2000) nobelaren azalean Lou Reed azaltzen da, “baina nobelan ez dago rock&roll asko”, Xabier Etxeberriak Delirium Tremensen “Laino ilunak” kantutik hartu zuen bere liburu baterako izenburua, Egun denak ez dira berdin (Elkar, 2001)…
Canori “harrigarria” egiten zaio hainbat urte igaro ostean fikziozko ale gehiago sortu ez izana, arrazoi komertzialengatik besterik ez bada ere. “Galdu arte eta Non dago Stalin? Susaren best-sellerrak izan dira urtetan. Rock&rolla eta literatura josten direnean, produktu komertzialak sortzen dira”.
Ildo horretatik, fikzioari dagokionez eta musikaren esparrutik aparte literaturan ez ezik zinemagintzan dagoen hutsunea nabarmendu zuen Canok. Batez ere bertsolaritzari dagokionez: “Bertsolariekin egin daiteke road movie bat: denbora guztian mugitzen ari da bertsolaria leku batetik bestera, gauez ibiltzen da, lehia dago, txapelketak, inbidiak, euskalkiak erabiltzen ditu… Baina oso gutxi agertzen dira bertsolariak euskal liburuetan: Ur uherrak, Potto…. Non dago bertsolariaren arketipoa inmortalizatzen duen liburua edo pelikula? Ez dago, baina balego blockbuster bat izango litzateke, takilak hankaz gora jarriko lituzke”. Gauza bera esan daiteke trikitilarien kasuan. “Ez dago trikitilarien bizimodua kontatzen duen pelikula edo nobelarik. Elgeta (Kutxa, 1996) da bakarra, Joxean Agirreren nobela ederra, gaur egun deskatalogatuta dagoena. Baina istorio eta pertsonaia ederrak daude trikitilarien artean ere, esaterako Joseba Tapia eta Kepa Junkera lehiatu zirenekoa 1988an. Tapiak irabazi zuen, baina sari gisa jasotako eskusoinua Junkerari oparitu zion hurrengo egunean…”.