Musika

badok

2018.11.01

badok

Onki Xin sortu dute Zigor DZk eta Fer Apoak

Onki Xin, Erronkarin ongi etorri esateko erabiltzen duten modua, aukeratu dute Zigor DZk (Esne Beltza) eta Fer Apoak (Estricalla) proiektu berria izendatzeko. Biziko bagara erregeen burua zapaltzeko izango da izenburuko diskoa grabatu dute eta azaroaren 20an argitaratuko dute. “Hegalak salgai” abestiaren bideoklipa zabaldu dute aurkezpen gisa.

Hauxe dio taldeak proiektuaren berri emateko zabaldu duen testuak:

ONKI XIN. Egunsentiko dirdiraren eta gaueko distiraren bitartekari.

ONKI XINek ongi etorria ematen dizue guztioi lurralde berrira. Bertan, mundu elektronikoak eta elektrikoak bat egiten dute, bide berriak jorratzeko eta bestelako paisaiak ezagutzeko.

ONKI XIN leiho irekia da; bertatik sartu eta ateratzen dira haize berriak, eta bere egiten ditu Hegoaldeko haize epelak eta Iparraldeko izoztuak; biak ala biak irrist egin eta dantzatzen dute gure inguruan kiribilka.

ONKI XIN ez da fusioa; aitzitik, interpretazio eta sintesia da. ONKI XIN da iraultzarako rocka, hip-hopa, new wavea, fucka eta olerkia da. ONKI XIN da dantza eta dantzaren musika.

ONKI XIN Joe Strummer eta Nita dira, biak ala biak, egunsentian, Arizonako basamortuko lainoak zaldi gainean zeharkatzen. ONKI XIN HR da Kapitolioko kupulatik goitik jauzi egiten. ONKI XINek bere baitan ditu, Lapurdiko iluntzean, Bowie ilargiratzen eta MC Solaar, abuztuko arratsalde sargorian, Bardeak zeharkatzen.

ONKI XIN sanplerra da, zer pentsatzen dugun eta zer sentitzen dugun batzen dituena. Gaua zulatzen duen argi puntua da, eta egunsentiarekin batera agertzen den izarra.

ONKI XIN Zigor eta Fer gara, espaziountzi ñimiño batean, Eguzki Sistema erraldoiko galaxia galduak zeharkatzen dabiltzan bi kosmonauta. Bidaia hasi berria dugu.

Galtzen gaituen laino berak elkartzea onartzen gaitu.

OKX azala

Onki Xinen lehen diskoaren azala.

ETIKETAK:El Corazón del SapoEsne BeltzaFer ApoaKuraiaMatxuraOnki XinSelektah KolektiboaZigor DZ