Musika

badok

2019.06.17

badok

Onki Xin laukote bihurtu da zuzenekoetarako

Fer Apoak (El Corazón del Sapo, Kuraia, Estricalla…) eta Zigor DZk (Selektah Kolektiboa, Esne Beltza) iaz plazaratu zuten Onki Xin proiektu berria. Modu espontaneoan sortu zen bi musikarien arteko kolaborazioa, Zigor DZk azaldu duenez: “Aspalditik genuen harremana. Behin, nire etxean gelditu ginen, egoteko, ez musika egiteko, eta esan zidan ordenagailua irekitzeko eta erakusteko zer gauza nituen. Bizpahiru gauzatxo erakutsi nizkion, gustatu zitzaizkion, eta ahots melodiak egiten hasi zen. Eta hor jaio zen Onki Xin”. Lehen diskoa udazkenean argitaratu zuten, Biziko bagara erregeen buruak zapaltzeko izango da, bi musikarien ibilbidean pilatutako eragin ezberdinak biltzen dituen lana. “Fer estilo gogorragoetatik dator, hardcoretik-eta; eta nirea kontrakoa izan da: hip-hopa, reggaea, musika beltza… Elkargune bat da hau, atera zaiguna da, ez dakigu definitzen”, dio Zigor DZk.

Orain arte ez da Onki Xin zuzenean entzuteko aukerarik izan, baina laster ez da horrela izango. Datorren larunbatean, hilak 22, lehen kontzertua emango du taldeak, Villabonako Errota-Txiki tabernan. Oraingoz, sei data iragarri dituzte: aipatutakoaz gain, ekainaren 30ean Eskoriatzan joko dute, uztailaren 26an Pasai Donibanen, uztailaren 27an Arantzan, irailaren 19an Bilbon eta urriaren 26an Tolosan.

Onki Xin biraEmanaldi hauetarako bi musikari batu dira taldera: Beñat Atorrasagasti gitarrista  —diskoan kolaboratu zuen— eta Jon Ander Artola bateria jotzailea —Habi taldeko kidea—.

Onki Xin taldea 1

Jon Ander Artola, Zigor DZ, Beñat Atorrasagasti eta Fer Apoa.

ETIKETAK:Beñat AtorrasagastiEsne BeltzaEstricallaFer ApoaHabiJon Ander ArtolaKuraiaOnki XinSelektah KolektiboaZigor DZ