Musika

badok

2019.07.19

badok

Olatz Zugastik zuzeneko diskoa argitaratuko du

Olatz Zugasti kantari eta musikariak zuzeneko diskoa argitaratuko du udazkenean. Orion (Gipuzkoa) maiatzaren 4an eskaini zuen kontzertua jasoko du diskoak. Emanaldi hartan bere bakarkako ibilbide osoaren errepasoa egin zuen Zugastik, orain arte argitaratu dituen bost diskoetako abestiez gain, zenbait euskal kanta tradizional eta Benito Lertxundiren abesti baten moldaketa ere eskaini baitzituen. Lau musikarik lagundu zioten Karela kiroldegiko oholtzan: Ander Ederra (gitarra akustikoa eta elektrikoa), Ander Zulaika (bateria), Amaiur Cajaraville (baxua) eta Gratxina Lertxundi (teklatua, flauta, koruak). Diskoa Kantaita Enea zigiluak argitaratuko du.

OLaz Zugasti

Olatz Zugasti (Hernani, Gipuzkoa, 1965).

Benito Lertxundiren taldean hainbat urte eman ostean, Olatz Zugastik 90eko hamarkadaren hasieran argitaratu zuen bere lehen diskoa, Kantu baten bila nabil (Elkar, 1991), eta geroztik Lertxundirekiko kolaborazioa eta bere sorkuntza-lana uztartu ditu. Lau disko etorri dira ondoren, denboran barreiaturik: Bulun bulunka (Elkar, 1999), Elearen lainoa (Elkar, 2002), Gau hotzenean ere (Elkar, 2010) eta Ur goiena, ur barrena… (Elkar, 2015).

Azken disko horrekin erabaki zuen Zugastik taula gainerako jauzia ematea eta bere kantuak jendaurrean eskaintzea. “Beldurra nion momentu horri baina azken finean heldutasun batekin heldu nion, eta nik barruan nuena ematea erabaki nuen, ni naizena erakustea. Nik etxean eredu handiegia nuen [Benito Lertxundi], baina halako batean klik bat egin nuen eta esan nuen, nik naizena erakutsiko dut, ikusiko  dut gero jendeari gustatzen zaion edo ez”, adierazi zuen Zugastik apirilean Orioko Karkara aldizkariari emandako elkarrizketan.

Jarraian, Orioko emanaldiaren zati bat ikus dezakezue, Karkara aldizkariak grabatutakoa.

ETIKETAK:Amaiur CajaravilleAnder EderraAnder ZulaikaBenito LertxundiElkarGratxina LertxundiKantaita EneaKarkaraOlatz Zugasti