Musika

Urko Ansa

2021.03.30

Urko Ansa

Olatz Salvador (Ugao, 2021.03.26)

Amestea zer ote den galdetu genion guk behin, hark jakingo balu bezala. Eta berriz galdegin baino lehen esan dezagun magian sinesten duten entzuleak dauzkala, bere diskurtsoan sartu eta airean zintzilik edo flotatzen jartzen direnak. Ametsetako mundu sakon eta abstraktua, film bateko ez-gidoia, Aho Uhalen aurkako manifestua eta lokarrien askatzea, guztia zuzeneko ikuskizun iradokitzaile bihurtuta. Trenak pasa eta pasa egon ziren institutu ondotik, bi norabidetan baina abiadura konstantean, “Fort Da” kantuaren amaiera bailitzan, eta amaieran bi urteko Olatzek galdegingo balu bezala: “Aita, orain ze abestuko det”?

IMG_3804

Zurezko besaulki batean eseritan abestu zituen Olatz Salvadorrek hainbat kanta. (Urko Ansa)

Badu zer abestu donostiarrak, bakarkako bi disko boteretsu baitauzka jada, eta duela hiru urtetik gorantz bakarrik egin dezakeen errailean sartuta baitago. Hirugarren aldia genuen bera zuzenean ikusten, eta Kursaalaren atzeko terrazan biko formatuan egindako emanaldia kenduz gero, beste bietan gailendu dena soinuaren kalitatea, eszenografia erakargarria eta karisma handiko artista izan dira.

“Gaua”, bere azken diskoko (Aho uhal, Airaka 2021) sarrera instrumental limurtzailea aukeratu zuen hasteko, baita haren segida ere: “Ahots hari”, hain hauskorra, delikatua eta boteretsua… Rozalénekin bikoa egin zuen diskorako, baina berak bakarrik kantatu zuen Ugaon; kantuak berak daukan balioa argi erakutsi zuen orduan, eta Rozalénekin egindako elkarlan zoragarriaren pisua gainditu zuen behingoz. Aparta.

Laster egin zuen jauzi lehen diskora, “Nora” zoragarriarekin egin ere. Bere power-pop ziztadak eraginkorrak dira oso, atabalen presentzia handia daukate, eta melodia zoragarriekin kontraste eginez koloreen espektrua zabaltzen dute. “Nora” harrigarrienetakoa dugu; ahots-efektu oso eraginkorrak dauzka, eta zuzenekoetan oso ondo islatzen dituzte grabazioetako trikimailuak. Hemen teknikariari eman behar dizkiogu eskerrak, magikoa den errepertorioa era oso fidelean islatzen duelako. Kalitatea kalitatearen gainean.

“Zure egia” aurrekoaren unibertsoan sartu behar genuke, hura instrumentala den arren, hemen ahotsak ia ia instrumentuen papera betetzen duela otu baitzaigu. Mattin Saldiasen gitarra oldarkorra eta erasokorra izan daiteke, baina beste hainbatetan lortzen duen fintasuna aipagarria da gero. Eta hemen berriz aipatu behar dugu estudioko grabazioekiko lortzen duten fideltasun nahiko osatua. Ezberdintasuna taldearen potentzian dago, zuzenekoen bolumena eta indarra baliatzen dituena.

“Lokarriak”-ek “Nora”-ren boterea zein sentsibilitatea gogora ekarri zituen: biak dira harribitxi gaindiezinak, hauskorrak eta bereziki indartsuak. “Galdu” disko berriko beste pieza motz horietakoa dugu, oso potentea, gitarraren distortsioa eta Ander Zulaikaren atabalen bultzadarekin zuzenean lepora doan horietakoa. Anderren kolpeak bereziki aipagarriak dira. Segurtasun osoz beztitzen ditu kantuak, zehatz gauzatu erritmoak, sentimendu handiz eta era indartsuan ordea. Baliteke Jagoba Salvador baxu joleak bigarren plano batean egon nahi izatea; aldiz, taldearen soinuari ematen dion sostengua behar-beharrezkoa da makineriak ondo funtzionatu dezan. Gauzak horrela, soinu erakargarria eta gorpuzduna eskaintzen dio laukoteari.

Zaila egiten zaigu bi disko bakarrik dituzten artisten artean arrakasta lortzeko potentziala duten hainbeste kanta borobil topatzea

“Betileekin” kantuan lehen aipatu dohainek eta kontrasteek limurtzen gaituzte, crescendo batekin orain, leherketarekin gero. Olatzek sekula egin duen kanturik luzeena denez (sei minutukoa), estasia iraunkorragoa izan zen. Azken hiru kantu hauekin borobildu zituzten gaueko momenturik indartsuenak. “Sustraiak” beste harribitxia eta single garbia dugu. Diskoan Jon Basagurenek ahotsa jarri zuen Olatzekin egindako duo magiko hartan. Esan dezagun jada: zaila egiten zaigu bi disko bakarrik dituzten artisten artean arrakasta lortzeko potentziala duten hainbeste kanta borobil topatzea.

Idazten ari den honentzat kontzertuak eduki zuen akats bakarra hurrengo bi kantuekin heldu zen: “Ba hori” eta “Ez garen gu”, disko berrikoak biak ere. Intentsitateak behera egin zuen, berez geldoegiak direla baiteritzogu. Zorionez, ez zuen Iván Ferreiroren “Promesas que no valen nada” jo. Horrez gain, agian gaizki ohitu gara hainbeste harribitxiren artean. Haietatik bigarrenean aldaketa kuriosoa jazo zen, Anderrek pianoa eta Mattinek atabalak jo zituztelako. Olatzen zuzenekoetako ezaugarri bat eszenografia erakargarria eta argiztapen dotorea dira, baita azken aldian lanpara handia eta tronua ere. Gutxienez azkeneko hiru kanta hauek zurezko besaulki hartan eserita kantatu zituen, eta gitarra elektrikoa hartu zuen gero, “Gelditu hor” gaindiezinean. “Ahots hori”-rekin gertatzen den bezala, hemen duoa Idoia Asurmendirekin egin eta gero, bakarka duen balioa erakusteko aukera eduki zuen.

Alboan Mattin bakarrik zuela, bere kantu onenetakoa den “Korapilatzen”-ekin ikuslegoa kantatzen jarri zuen. Musukoaren azpitik egin behar izan bazuen ere, publikoak era hunkigarrian bere ahotsa entzunarazi zuen. “Eskuekin” kantuan Mattin Anderrengana hurbildu zen makilekin perkusioa jotzeko. Olatzek gitarra jo zuen hainbat piezatan. Beste batzuetan tronuan eserita kantatu zuen, eta bisetako lehena izan zen “Euria” potentea, adibidez, zutik eta dantzatuz egin zuen. Pixkanaka segurtasuna hartzen ari da, eta arestian aipatu bezala, hemendik aurrera goranzkoa bakarrik etorriko dela uste dugu. Skakeitan taldearekin (otsailean kontatu genuen bezala) bigarren planoan egotetik bakarkako ibilbidea egitera jauzi handia baitago.

IMG_3863

Mattin Saldias, Jagoba Salvador, Olatz Salvador eta Ander Zulaika. (Urko Ansa)

Azkenik, lehen lanari izenburua eman zion “Zintzilik” piezarekin agurtu gintuen. Bere errepertorioko abesti adierazgarria eta biziki sentikorra, ahots geruza eta efektuen paradigma paregabea erakusten du. Hala bada, ordu eta laurdeneko deskarga suhar honetan, lan berria ia goitik behera jota eta lehenaren lagin zabal batekin, ezbairik gabe asetuta utzi zituen ikusle guztiak. Amestu egin genuen, segur, hura zer den ondo ez dakigun arren. Baliteke “sarri airean galtzen den burbuila horietako bat” izatea.

Sarea Sound System musikazaleen elkartea 2003an sortu zuten Ugaoko gazte batzuek. Azken urteotan, Ganbarako Domeka Musikatuak izeneko zikloa egin dute urritik maiatzera bitartean —bertatik pasatu dira, besteak beste, Xabi Solano, Sorkun, Ima Ubeda eta Karlos Aranzegi, Rafa Rueda, Muskhum, Lurra (Iñigo Muguruza), Hutsa bikotea, Inun, Iker Lauroba, Jurgi Ekiza, Kintsukoroi…—, eta ekaineko solstizioarekin batera Sarea Fest  ekimena antolatzen dute, non egun osoko egitarauan zortzi bat taldek kalean jotzen duten herrian zehar. Iaz Udazken Musikatuak  zikloa antolatu zuten eta aurten Ganbarako Kontzertuak izena jarri diote, guztiak ez direlako igandean izango. Apirilaren 25ean Jon Basagurenek akustikoan joko du eta Gorka Urbizuk Berri Txarrak banandu zenetik lehenengo aldiz joko du maiatzaren 29an. Kontzertua baino gehiago, elkarrizketa musikatua izango da. Eta ekainean Sarea Fest ospatuko da, oraindik zehazteke dagoen formatu eta parte hartzaileekin.

ETIKETAK:Ander ZulaikaIdoia AsurmendiJagoba SalvadorJon BasagurenMattin SaldiasOlatz SalvadorSkakeitan