Musika

Olaia Inziarte eta Ibil Bedi izango dira azken Arizkun Rocken

Martxoan eman zuten antolatzaileek berria: ekainaren 23an izango da Arizkun Rock jaialdiaren azken aldia. Horregatik, hain zuzen ere, aurtengoa «berezia» izango dela jakinarazi dute aurrez. «Aldi hau aspalditik ari gara maitasun eta ilusio handiz prestatzen».

Olaia Inziarte

Olaia Inziarte

Egun horretako egitaraua jakinarazi dute berriki jaialdiaren sare sozialetan. Arratsaldeko zazpietan ekingo diote jaiari, Andoni Ollokiegiren kontzertuarekin. Afarirako tartea egingo dute ondotik, eta 23:00etan jarraituko dute kontzertuekin. Ibil Bedi taldea eta Olaia Inziarte izango dira, hurrenez hurren. Bi kontzertu horiek amaitutakoan, berriz, Bines Katiko DJak borobilduko du egitaraua. Ohi gisan, doakoa izango da sarrera, eta kanpatzeko aukera ere egongo da. Berria da Arizkun Rock jaialdiaren babesleetako bat.

Orain hamar urte antolatu zuten aurrenekoz jaialdia. Euskal Herriko taldeei lekua egin nahi dien festibal bat izanik, hamaika banda igaro dira bertatik urte hauetan: besteak beste, Ze Esatek!, Esne BeltzaEn Tol Sarmiento, Jon Maia, eta Skabidean.

Pozik agertu dira antolatzaileak jaialdiak egindako ibilbidearekin: «Ez da bide erraza izan, eta, oztopo ugari eduki arren, arras kontent eta eskertuta gaude proiektu hau aitzinera eramaten lagundu duzuen guztiekin».

ETIKETAK:Arizkun RockIbil BediOlaia Inziarte