Musika

Oihu bihurtutako infrasoinuak

«Esadazue ba/ entzuten al da zerbait, dardararen bat?/ Etorriko al da norbait azkenean gugana?». Hala dio Berri Txarrak taldearen “Dardararen bat” kantuak. Abesti horrekin berarekin hasi zuen Lekunberriko (Nafarroa) taldeak larunbatean Barakaldoko (Bizkaia) BECen emandako kontzertu gogoangarria, hasi aurretik zuten ziurtasunik eza iragarriz. Inoiz betetako aretorik handienaren aurrean, umil igo zen hirukoa oholtzara, ezer baino lehen eskerrak emanez. 10.300 lagun zeuden zain ordurako. Dardarizoa eskatu zuten Gorka Urbizuk, David Gonzalezek eta Galder Izagirrek, eta segidan erantzun zuen publikoak. Lehen kanturako lehertu zen BEC txalo betean, eta hala segitu zuen hiru ordutan. Infrasoinuak diskoa aurkeztu zuten lehenik, akustikoan ausartu ziren ondoren, eta kanturik ezagunenak jo zituzten azkenik. Arrakasta betea lortu zuten.

Berri_Txarrak_BECen-2

“Infrasoinuak” diskoa osorik joz eman zion taldeak hasiera hiru orduko emanaldiari. (Aritz Loiola / Argazki Press)

Hirugarren kantuarekin, “Infrasoinuak”-ekin, biluzi zuten oholtza atzea: Infra zioen oihal erraldoi batek estali zuen atzeko aldea, txikitik eragiten gauza handiak egin daitezkeela erakusteko moduan. Hala azpimarratu zuen Urbizuk berak “Beude” kantuaren aurretik ere: «Esan beharrik ez dago hau kontzertu soil bat baino gehiago dela. Baina, hemen, Euskal Herriko hainbat areto txiki daude ordezkatuta. Eskerrak sostengua eman ziguten horiei guztiei. Euskal kulturari merezi duen lekua emango diogu».

Jarraian jo zituzten “Hozkia” eta “Sed lex” kantu biziak, eta “Katedral bat” eskaini zioten publikoari. Orduan lehertu zen BEC, eta Zorionaren lobbya”-rekin amaitu zuten gaueko lehen atala. 40 minutuan jo zuten, hasi eta bukatu, Infrasoinuak, taldearen azken diskoa. Ozeanian, Europan eta Asian bira egin ostean, larunbatean aurkeztu zuten lehen aldiz Euskal Herrian.

Etenaldia egin zuten orduan, eta zurrumurruek bete zuten aretoa. Zer etorriko ote zen ondoren, horixe zuen buruan han bildutako jende andanak, eta orduan jaitsi zen oihala bigarren aldiz, eszenografia intimoa agerian utzita: akustikora jo zuten.

Akustikoan ere, leherketa
Ez da ohikoa Lekunberriko taldea akustikoan ikustea, eta aretoaren handitasunean halako soiltasunarekin BEC betetzea ez zen erronka makala. Bidelagun izan zituzten Arkaitz Miner biolin eta mandolina jotzailea eta Marti Perarnau teklatu jotzailea. Poesiari gorazarre egin zioten ordu erdiz, Eskuak”, “Aditu bihurtuak” eta “Poligrafo bakarra” kantuekin, esaterako. Argi esan zuen Urbizuk: «Gero esan dezatela poesiak ez duela ezertarako balio». Ekarri zituzten olerkigile handien hitzak ere: Bertolt Brechten “Makuluak” eta Joseba Sarrionandiaren “Aspaldian utzitako zelda” kantuak jo zituzten.

8176379

Set akustikoan Arkaitz Miner eta Marti Perarnau batu zitzaizkion taldeari. (Aritz Loiola / Argazki Press)

Azken horrek aretoa bete zuen isiltasun zorrotz batez. Aldarrikapenerako tartea izan zen orduan. Urbizuk «BECen egon ezin direnak» gogora ekarri zituen, eta Iñigo Cabacasen auzia ere salatu zuen. Txalo zaparradaz eta txistuz erantzun zuen publikoak kantuak «ala ihes egitea/ bizitzen irauteko/ aitzakia hutsa izan zen» zioen bitartean. Bero zegoen giroa, eta Altsasuko auzia ere gogora ekarri zuen taldeak. “Min hau” kantua eskaini zieten auzipetuei, eta bat egin zuten arratsaldean BEC kanpoan egin zen elkarretaratzearekin. “Iraila” kantuarekin lehertu zen berriro aretoa, eta Arcade Fire taldearen Wake up” kantuaren bertsioarekin amaitu zuten. Dantza betean ari ziren pistako entzuleak, eta, ordurako, harmailetan eserita zeuden 5.000 lagunak ere zutik jarri zituzten.

Oihu egin, eztanda egin arte
Bigarren aldiz itxi zen oihala, eta, berehala, Berri Txarrak-ek berezko duen doinu elektrikoz bete zuen aretoa. Ikasten”, “Etsia”, “Gezur bat mila aldiz”, “Ez dut nahi”, “FAQ”, “Libre”, “Iparra galdu, hegora joan” Taldeak hogei urtetan konposatutako abesti ezagunenak taularatu zituen arnasteko tarterik apenas hartu gabe. Ordurako bi orduz arituak ziren jotzen, eta oraindik bazuten publikoa saltoka jartzeko nahikoa indar.

Berri Txarrak

KOntzertuaren hirugarren zatian kantu ezagunenak aletu zituen hirukoteak. (Ariz Loiola / Argazki Press)

Urbizuk hartu zuen berriro hitza, eta azaldu zuen “Bigarren itzala” kantuaren zergatia: «Abesti hau eskaini genion XXI. mendeko izurriterik handienari: indiferentziari». Ez zuten inor indiferente utzi, ordea, eta jarraitu zuten, bata bestearen atzetik, amaierarik gabeko leherketan. “Lemak, aingurak” kantuarekin «euskaldunak dantzan» jarri zituzten, eta segidan etorri ziren Jainko ateoa”, “Hitzen oinarri ahula”, “Bueltatzen” eta “Zertarako amestu”, besteak beste.

Pentsiodunen manifestazioak gogoan, «aitona-amona guztiei» eskaini zieten “Zerbait asmatuko dugu” kantua. Etengabeko eztanda zen BEC, eta lurra dardarazi zuten ikusleek “Biziraun” eta “Denak ez du balio” kantuekin. Kontzertuaren amaiera iragarri zuen Urbizuk, baina publikoak bazuen oraindik ere musikarako gogoa.

Orduan azaldu zen gitarrista oholtzara, bakarrik, eta gaueko unerik hunkigarrienari bide eman zion: «Hurrengo kantua Maravillas izeneko neska baten omenezkoa da, eta Nafarroako Larragan gertatutako historia lazgarri bat kontatzen du. Baina, zoritxarrez horrelako kantuek onartzen dute izena eta lekua aldatzea, eta gaur Marielle Franco izeneko emakume bati kantatuko diogu». Joan den astean Brasilgo Rio de Janeiron hildako aktibistaren omenez eskatu zuen Urbizuk entzuleek sakelako telefonoetako argiak pizteko. Milaka argi txikik eta giroko argi more batek bete zuten aretoa, eta aho batez abestu zuten “Maravillas”.

Berri_Txarrak_BECen

BEC-eko aretoa milaka zaleen sakeleko telefonoek argiztatzen zutela jo zuten “Maravillas” abestia. (Aritz Loiola / Argazki Press)

Handia zen euforia kolektiboa, baina nabari zen kontzertua amaitzear zela. Hala ere, indartsu zegoen oraindik hirukoa, eta gogor bukatu zuten ikuskizuna. “Oreka” kantuak dantzan jarri zituen berriro ordurako nekatuta zeuden gorputzak, eta eztarri urratuek kantatu zuten MGTMT taldearen Kids” kantuaren bertsioa.

Hiru orduren eta ia 40 kanturen ostean, azken aldiz lehertu zen BEC-eko aretoa: “Oihu” kantatu zuen publikoak «arima urratu arte». Eta Urbizuk ere, ozen eta indartsu ohartarazi zuen: «Infrasoinuak gara, baina entzungo gaituzte». Mugarria izan zen larunbateko kontzertua, eta han bizi izandakoaren oihartzunak luze iraungo du.

ETIKETAK:Arcade FireArkaitz MinerBerri TxarrakBertolt BrechtDavid GonzalezGalde IzagirreGorka UrbizuJoseba SarrionandiaMarti PerarnauMGTM