2014.10.31
Bere lehen urratsen oihartzuna aditu du bere azken urratsetan Gontzal Mendibil musikariak (Zeanuri, Bizkaia, 1956). Badira 40 urte baino gehiago kontzertuak ematen hasi zela, eta, hamalaugarren diskoa kaleratu berritan den arren, sentsazio zahar bat piztu diote kanta berriek. «1976an kaleratu genuen Bagare eta Kapitalismoak kantak zituen lehen disko hura. Orduan, diskoa atera aurretik ere kantatu egiten zituen jendeak gurekin abesti haiek, eta orain gertatu zaigu antzeko gauza bat. Udan egon ginen Idiazabalen, Abadiñon, Basaurin, Areatzan… Eta jendeak kantatzen zituen kantu berriak gurekin. Barrokismotik gauza errazagora joan garen ustea daukat, eta horrek esan nahi du diskoa sartu daitekeela bihotzetan». Eta koroen ostean heldu da diskoa orain. Sentimenduak ardatz dituzten hamaika abesti bildu ditu guztira Mendibilek, Nire bihotzak zure begiak ditu lanean (Elkar).
Ez da hautu estetiko soila kanta zuzenagoetarako jauzia. Mendibilek kontatu du horra eraman duen bizitza irakaspena. «Urteak pasatu ahala zuk zeuk konplikatzen duzu zure bizitza, baina bizitza beharbada ez da hain konplikatua. Bittor Kapanagak esaten zuen bizitza hiru hitzetan edo sei letratan definitzen dela: iz, in eta il. Izan, egin eta hil. Eta hori da bizitza, eta ni hori orain ari naiz deskubritzen, adin honekin. Erraz joan behar direla gauzak eta zuzena izan behar zarela, beldurrik gabe, barrokismorik gabe. Hori nahi izan dut, eta uste dut hori lortu dugula disko honetan».
Jose Luis Canal izan du ondoan diskoa osatzeko. Aspaldiko lankide du, eta hark egin dizkie moldaketak abestiei oraingoan ere. «Anaia bat bezala da niretzat», aitortu du Mendibilek. Elkarrekin aritu ziren Memorian diskorako orkestra moldaketak egiten (2001), elkarrekin Zuri so diskoan (2004), eta elkarrekin orain lau urte kaleratutako Neure txiki polita diskoan ere. Orain kantak zuzen egitea izan du xedea Canalek, eta ohiko lantaldea izan dute horretarako ondoan. «Konponketak, tresnarentzat egin beharrean, musikarientzat egin ditut». Roberto Caballero aritu da baxuan, Blas Fernandez baterian, eta Angel Unzu gitarra akustiko eta elektrikoetan. Saxofoiak, biolinak, biolak, txeloa, tronboia eta akordeoia ere sartu dituzte, eta Euskal Herriko Gazte Orkestrak ere lagundu du Ez dakit dakizun baina kantuan.
«Gure herria lokatzeko mapa bat da?/ Etsaiari sinetsi genion ipuina?/ Gure herria, harriak zeinek urrunago jaurti jokoan ari diren haurrena da?». Joseba Sarrionandiaren Badakizu zer den gure herria? poemako galderekin abiatzen du diskoa Mendibilek. Lehen pertsonako pluralarekin. «Gure herria definitzeko nik ez dut inon irakurri Sarrionandiaren poema horretako hori baino hoberik». Euskal Herriaz mintzo da Herri bat gara kanta ere, baina salbuespen dira kasik. Lehen pertsona da nagusi, bestela, diskoan. «Bihotzetik bihotzera doan diskoa da, eta horregatik titulua».
Garrantzi berezia eman die hitzei: «Oso inportanteak dira niretzat, eta beti saiatu naiz hori zaintzen, eta beharbada oraingoan inoiz baino gehiago. Zergatik? Bada, azkenean neure bizipenak eta oroitzapenak transmititzen ditudalako». Maitasuna da diskoko gai nagusia, eta Mendibilek berak idatzi ditu kantarik gehienak, baina besteri ere hartu dizkio hitzak hiru kasutan. Sarrionandiaren poemaz gain, Juan Kruz Igerabidek itzulitako Juan Carlos Garcia Hoyuelosen poema bat eta Sarrionandiak euskaratutako Alvaro Yunque poetaren beste bat musikatu ditu abeslariak.
Minak ixten duen diskoa
Kanten alde alaia nabarmendu du musikariak. «Nik aurreko diskoetan badut halako tristetasun bat, baina oraingoan ez. Oraingoa sakona da, baina alaia». Minarekin amaitu du diskoa, halere: aurten auto istripuz hildako Alex Angulo aktoreari eskainitako Nola liteke abestiarekin.
Abenduan hasiko dituzte diskoa aurkezteko kontzertuak, eta grabazioan izandako musikari talde berarekin igoko dira oholtzara.
ZUZENEAN
(Berria egunkarian, 2014ko urriaren 31n argitaratutako artikulua)